Eu

Erakundeek Irungo trenbide eraldaketarako eta hiri birgaitzerako aukera emango duen hitzarmena sinatu dute

2019.eko urtarrilak 16
  • Tapia: “Abiadura Handiaren iritsierarekin, Euskadi Atlantikoko Igarobideko eragile garrantzitsu, eta Irun nodo estrategiko, bilakatuko dira”
  • Eusko Jaurlaritzak Topoa Irunen hobeto integratzeko egingo du lan, helburu bikoitzarekin: hiria banatzen duten oztopoak gainditzea eta zerbitzu lehiakorragoa eskaintzea
  • Eusko Jaurlaritzak, EBk ezarri duen ardatz atlantikoaren igarobidea egikaritzeko konpromisoa bete dezatela eskatu die berriro Frantziari eta Espainiari

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Irungo Udalak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak eta ADIF trenbide azpiegituren administratzaileak Irungo trenbide eraldaketarekin duten konpromisoa izenpetu dute. Horren xede nagusia hiri birgaitzea sustatzea eta Irungo egungo tren geltokiaren ingurunean garapen berria bultzatzea da.

Sinaturiko Hitzarmenak 33.888 m² inguruko azalerako lurren liberazioa ezartzen eta zehazten du, hirigintza arloko esku-hartze eremura sartzeko, eta baita Topoa bertan hobeto integratzea bultzatzeko ere.

Jose Luis Ábalos sustapen ministroarekin eta Jose Antonio Santano alkatearekin batera Irungo udaletxean egin den ekitaldi instituzionalean, Arantxa Tapia sailburuak, Eusko Jaurlaritzak proiektu horren bitartez hartzen duen konpromiso bikoitza azpimarratu du: berrantolamenduaren eragina nabarituko duten irundar guztiekin eta jarduketa eremu hori zeharkatzen duten trenbideko garraioen erabiltzaileekin.

Lehenbiziko konpromisoari dagokionez, sailburuak esan du “Eusko Jaurlaritzarentzat ezinbestekoa dela Topoaren linea Irungo hirigunean ahalik eta ongien integratzea sustatzea”. Hori dela eta, ETSk beharrezkoak diren azterlan teknikoak egiteko konpromisoa hartzen du, inguruneko mugikortasuna, konektibitatea eta truke modala errazteko eta hiriaren antolamendu berria bultzatzeko.

Tapiaren hitzetan “trenbidea hiria bereizten duen oztopoa izateari utzi eta aukera gune bilaka dadin ari gara lanean, orain arte konexiorik gabe egon diren auzoak edo hiriguneak lotzeko aukera emango duen elementua, alegia”.

Trenbideko garraio publikoaren erabiltzaileei dagokienez, dauden zerbitzuak hobetzearen aldeko apustua egin du, 15 minutuz behingo maiztasuna eskainiz Euskotrenek duen potentziala azpimarratuz. Sailburuak adierazi duenez, “Topoa historia handiko garraioa da. Donostia-Irun lehenbiziko ibilbidea 1912an egin zen, eta gaur egun garraio finkatua eta etengabe handitzen ari dena da”. Topoak aurrera jarraitzen du bere gorako bidean, eta Coloneko geltokia da Irunen jende gehien jasotzen duena. 2018an 635.328 erabiltzaile izan zituen.

“Topoaren mugaz gaindiko izaera” jarri du balioan, “Hendaiarekin lotzen gaituelako” eta, aldi berean, “alde batetik Iparraldearekin-Akitaniarekin dugun mugaren alde batean, eta bestetik Renferekin batera lan egiteko aukera ematen digun lehen mailako azpiegitura gisa kokatzen gaituelako, hirugarren hariaren lanek irauten duten bitartean haren zerbitzuak betez”.

Tapiaren iritziz, “Abiadura Handia heltzean Euskadi Atlantikoko Igarobideko eragile garrantzitsu, eta Irun nodo estrategiko, bilakatuko dira, penintsularekin egongo den konexioa, hain zuzen ere”. Gogorarazi duenez, “Irungo asmo handiko proiektuak esanahia izan dezan, ezinbestekoa da irmotasun eta azkartasun handiagoz aurrera egitea Euskal Y-aren garapenean eta igarobide atlantikoa osatzeko lanetan”, Violeta Bulc Europako garraio komisarioak berak adierazi zuen bezala.

Frantziako estatuan eta Espainiakoan Lehentasunezko Sarearen barruan gauzatu gabeko lanak daude oraindik. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzatik berriro egin die eskaria EBko kide diren Frantziako eta Espainiako gobernuei, konpromiso hori berenganatu eta EBk ezarritako terminoetan egikaritu dezaten.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2019.eko urtarrilak 17

    Muy buena noticia. Ojalá se ejecute a la máxima brevedad.

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jose Antonio Santano, Irungo alkatea, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Jose Luis Abalos Sustapen ministroa.