Euskadik FITURren bere eskaintza turistikoaren aniztasuna erakutsiko du, “jasangarritasunaren eta orekaren ikuspegitik”, esan du Retortillo sailburuak
- Fitur urtarrilaren 23aren eta 27aren artean izango da, eta Euskadik 700 m2-ko standa izango du
- 2018an, Euskadik aktiboki jardun du lankidetzan Espainiako turismo-bulegoekin, nazioarteko sustapenean, zenbait ekintzari esker.
Alfredo Retortillo Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, gaur, 2018ko turismoaren balantzea egin du, eta Euskadi FITURren nola izango den aurkeztu du. Prentsaurrekoan Harkaitz Millán Basquetour - Turismoaren Euskal Agentziako zuzendaria ere izan da.
Retortillok urtarriletik azarora bitarteko bisitarien sarrera-kopuruaren berri eman du, abenduko daturik oraindik ez dago eta. 3,5 milioi turista inguruk bisitatu dute Euskadi.
Sailburuak azaldu duenez, “datu horiek guztiek erakusten dute Euskadin turismoaren industriak zer egoera ona bizi duen eta, hori dela eta, hazkuntza eutsia eta jasangarria izateko turismo-eredua finkatzen duten ildoekin bat jarraituko dugu lanean: egiturazko apustuetan eragitea, dibertsifikatuetan, publiko guztiarentzako aukerekin; balio erantsia areagotzea, herrialdearentzat eta bisitatzen gaituztenentzat; eta, gure baliabide erakargarri nagusiak ere aintzat hartuta, turismoa bera lurraldeetatik banatzen laguntzea eta horrek dakartzan negozio-aukerak Euskadiko hiri eta herri gehiagotatik banatzen laguntzea”.
FITURREKO STANDA
Egutegia aste honetan abiarazten da, FITUR 2018an. Gaurko aurkezpenean, Harkaitz Millán Basquetourreko zuzendariak azoka honetako lan-agenda azaldu du. Urtarrilaren 23an hasten da, 12:30ean, eta Euskadiko standa inauguratuko da, sailburuaren eskutik; ekitaldian Euskadiko erakunde, enpresa eta erakundeen ordezkaritza batek parte hartuko du.
Euskadiko standak 700 m2 izango ditu; xedea izango da eskaintzen dituen baliabideen xehetasunak, aniztasuna eta aberastasuna batzea. Nobedade gisa, aurten Euskadik standa izango du LGTBI gunean, Gehiturekin elkarlanean; aurten, gainera, Bilbo “2019ko Ortzadar Atlantikoaren Hiriburu” bilakatuko da.
Gainera, Espainia Berdearen 30. urteurrenean, Euskadik presidentetza jasoko du, Asturiaseko erakundeen eskutik, beraiek izan baitzuten 2018an. Horrela, Euskadi Kantauriko beste erkidego batzuekin batera nazioartean sustatzeko markaren ahalmena sendotzen da.
AGENDA FITURREN
Agendaren barruan, honako hauek nabarmendu behar dira: Turismoko Estatu Idazkaritzak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari emandako SICTED saria, turismoaren arloan udalaz gaindiko erakunde onenagatik.
Gainera, standaren barruan zenbait aurkezpen egingo dira, besteak beste: Industrialdia 2019; IWINETC 2019 Enoturismoko Nazioarteko Kongresua; Chillida Leku hurrengo irekieran; Santa Katalinako Lorategi Botanikoa; geoparkeak; Zarautz Parrillan Euskadiko haragiaren eta arrainaren lehiaketa; Araba irisgarria eta Araba running; Crusoe Treasure urpeko bodega; sare erromatarra edo museo gastronomikoak.
Aurkezpen horiek amaierako publikoarentzako egunetan izango dira eta, horiez gainera, ardo-, txakolin-, sagardo- edo gazta-dastaketak eta musika- eta magia-emanaldiak ere egongo dira.