Eu

Gobernuak Gizarte-Elkarrizketarako Mahaia sortzeko Dekretua onetsi du (Gobernu Bilera 2019-01-15)

2019.eko urtarrilak 15

Dekretuaren bidez Gizarte Elkarrizketarako Mahaia Gobernuaren eta ordezkaritza gehien duten sindikatu- eta enpresa-erakundeen arteko hirualdeko, topaketarako eta partaidetzarako organo gisa erakundetu da 

Eginkizunetako bat da gizarte- eta lan-arloko edo lan-harremanetan eta negoziazio kolektiboan eragina duten politika publikoen negoziazioa eta kontzertazioa sustatu eta horiei bide ematea 

Dekretu hau urtarrilaren 19rako indarrean sartzea aurreikusten da eta indarrean sartzen denetik hilabeteko epean, Gizarte Elkarrizketarako Mahaia eratuko da 

Lanaren eta Lan Harremanen, Enpleguaren, Industriaren, Ekonomiaren Garapenaren eta Hezkuntzaren arloan eskumenak dituzten sailetako titularrek ordezkatuko dute Gobernua

Gobernu Kontseiluak Gizarte Elkarrizketarako Mahaia Eusko Jaurlaritzaren eta ordezkaritza gehien duten sindikatu- eta enpresa-erakundeen arteko hirualdeko, topaketarako eta erakunde-partaidetzarako organo gisa sortzeko Dekretua onetsi du.

Lan-arloan eskumena duen Sailari atxikita, Gizarte Elkarrizketarako Mahaiaren bidez, Euskadin gizarte-kohesioa eta bilakaera ekonomikoa indartzeko gobernamendu oneko tresna gisa, gizarte- edo lan-eremuan edo lan-harremanetan eta negoziazio kolektiboan eragina duten politika publikoak diseinatzeko eta, hala badagokio, negoziatzeko eta hitzartzeko prozesuetan ordezkaritza gehien duten sindikatu- eta enpresa-erakundeen esku-hartzea bideratuko da.

Dekretuak ezartzen du Lanaren eta Lan Harremanen, Enpleguaren, Industriaren, Ekonomiaren Garapenaren eta Hezkuntzaren arloan eskumenak dituzten sailetako titularrek ordezkatuko dutela Eusko Jaurlaritza Gizarte Elkarrizketarako Mahaian. Aldi berean, Mahaia eratzen dute, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ordezkaritza gehien duten eta bertan sartzea eta aktiboki parte hartzea onartzen duten sindikatu- eta enpresa-erakundeek. Horietako bakoitzak ordezkariak izendatuko ditu.

Dekretua 3 kapitulutan egituratzen da, eta 10 artikulu ditu. Sarreran nabarmentzen du Europar Batasuneko gizarte moderno eta aurreratuenen bereizgarria eta ezaugarria dela administrazio publikoaren eta ordezkaritza gehien duten sindikatu- eta enpresa-erakundeen arteko gizarte-elkarrizketa erakundetzea; izan ere, gizarte horiek ulertzen dute gizarte-modernoa bizi- eta lan-baldintza eta justizia sozialeko baldintza hobeak sustatzeko mekanismo onena dela. Horrela, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna sustatzeko eta kalitateko lana askatasun-baldintzak, segurtasuna eta duintasuna oinarri izanik lortzeko ezinbesteko eginkizuna du eta, horren bidez, hobetu egiten da ekonomiaren etekina eta lehiakortasuna eta gizarte egonkorragoa eta zuzenagoa lortzen da. Gizarte-elkarrizketaren egiturak eta horren inguruan arrakastaz garatu diren prozesuak ekonomia- eta gizarte-arloko kontu garrantzitsuak konpontzeko gai izan dira; horrela, bilakaera eta gobernu ona bizitu dute, eta egonkortasun eta garapen ekonomikoa sustatu.

Hori horrela, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) ere adierazi bezala, jaso du Europako Parlamentuak, Kontseiluak eta Batzordeak Gotenburgoko Gizarte gizarte-arloko goi-bileran batera aldarrikatu zuten Gizarte Eskubideen Europako Oinarriak ezartzen duela gizarte-elkarrizketak oinarrizko eginkizuna betetzen duela gizarte-eskubideak eta hazkuntza jasangarria eta inklusiboa sendotzen. Gizarte-elkarrizketaren helburu nagusia lan-munduan dauden solaskide nagusien adostasuna eta parte-hartze demokratikoa lortzeko sustapena da.

Halaber gogorarazten du Eusko Jaurlaritzak azken hiru legegintzaldietan nabarmen sustatu duela administrazio publikoaren eta sindikatu- eta enpresa-erakundeen arteko etengabeko gizarte-elkarrizketa; hura, orain, Dekretu honen bidez erakundetzen da, eta helburu du etengabeko gizarte-elkarrizketa erakundetu eta, ondorioz, ituntzea finkatzea. Hori, zalantzarik gabe, demokraziaren fenomeno politiko aberasgarrienetako bat da.

Dekretua Euskadirako Autonomia Estatutuaren 10.2 artikuluan aurreikusitakoa garatzeko eman da; hala ere, bai Gobernuak bai Mahaia eratzen duten erakundeek etorkizunerako, mahaiaren beraren funtzionamendua ebaluatu ondoren, lege-mailako araua planteatzeko aukera aurreikusi beharko dute, dagoeneko eratu duten beste autonomia-erkidego batzuek bezala, gizarte-elkarrizketak berezko dituen lan-arloetan esku hartzeko beste erakunde-maila batzuetan eragiten duen neurrian.

Izaera aintzat hartuta, Gizarte Elkarrizketarako Mahaiari dagozkio honako eginkizun hauek:

a) Gizarte- eta lan-arloko edo lan-harremanetan eta negoziazio kolektiboan eragina duten politika publikoen negoziazioa eta kontzertazioa sustatuko ditu eta horiei bide emango die.

b) Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren plangintza osatzen duten plan estrategikoen eta sailetako planen alderdien inguruan agertuko da, bai eta urteko lan-planean zehazten dituen lege-proiektuen eta erregelamenduzko arauen inguruan ere.

c) Egiten diren ekimenen inguruan, egokitzat jotzen dituen aldaketak, iradokizunak edo ekarpenak proposatu ahalko ditu, eta, berak hala erabakita, bere eginkizunekin zerikusia duten beste batzuk sartzeko eskatu ahalko du.

d) Era berean, irizpide edo printzipio orokorrak ezarri ahalko ditu, eraginpean dauden arloetako sektore-politiken eta jarduketa-planen zehaztapenean kontuan hartzeko.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren erakunde eskudunei bere eginkizunak betetzeko behar beste informazio eskatuko die eta hala jasoko du.

Dekretu hau urtarrilaren 19rako indarrean sartzea aurreikusten da eta indarrean sartzen denetik hilabeteko epean, Gizarte Elkarrizketarako Mahaia eratuko da, eta María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburua izango da presidentea.

Gizarte Elkarrizketarako Mahaia urtean bi aldiz batuko da, ohiko bileran, eta aldeek adosten dutenean, ezohiko bileran. Mahaia lantaldeetan antolatuko da; lantalde horiek gaien edo sektoreen araberakoak izango dira, eta helburua izango da aurkeztu beharreko gaiak prestatzea, kontuan har daitezen eta, hala badagokio, erabakiren bat hartzeko.

Oro har, Mahaiaren akordioak eta erabakiak aho batez hartuko dituzte hura osatzen duten aldeek. Hala ere, akordio-proposamen baterako Gobernuko ordezkariak eta Mahaia eratzen duen enpresa-erakundeko ordezkariak ados badaude eta sindikatu-erakunderen batek edo batzuek aldeko botoa ematen badute, proposamena Gizarte Elkarrizketarako Mahaiaren azken erabaki gisa dokumentatuta geratu ahalko da, edozein mahaikidek proposatuz gero, landutako gaiaren inguruan gerora politikak edo jarduketak garatzeko.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2019.eko urtarrilak 15

    Comentario de Twitter:
    🔵 Gobernuak Gizarte-Elkarrizketarako Mahaia sortzeko Dekretua onetsi du ➡︎ https://t.co/Sd6vSzOUw5

    ℹ️ Dekretuaren… https://t.co/TESXBbQcKE

Komunikabideek behera kargatzeko