Eu

“DiscoverEU”k 14.500 gazteri Europa esploratzeko aukera eskaintzen die

2019.eko urtarrilak 14
  • Europako Batzordearen ekimena

 

Brusela, 2019/01/14

18 urteko 14.500 gazte baino gehiago hautatu dira ia 80.000 hautagairen artean, DiscoverEU bidaia-bonua jasotzeko, eta Europa ezagutzeko aukera izango dute. Parte-hartzaileak 2019ko apirilaren 15aren eta urriaren 31ren artean 30 egunez bidaiatuko dira.

 

DiscoverEU Europako Batzordearen  ekimena da, eta, bigarren edizioan, EBko estatu eta herrialde kide guztietako ia 80.000 hautagai lortu dira, bi astean.

 

Tibor Navracsics Hezkuntza, Kultura, Gazteria eta Kirol komisarioak honako hau esan du: “zoragarria da ikustea gazte europarrek DiscoverEU kontinentea ezagutzeko erabiltzen dutela. Guztira Europa osoko ia 180.000 gaztek aurkeztu dute beren hautagaitza 2018ko bi txandetan. Ekimen horri esker, 30.000 gazte ingururi eman diegu aukera, orain arte, Europako kulturak eta ohiturak ezagutzeko eta beste bidaiari batzuekin eta bisitatzen dituzten erkidegoekin harremanetan egoteko. Bizigarria da ikustea Europa nola ezagutzen duten bidaia pertsonalaren bidez. DiscoverEUren bidez, beren bidaiak planifikatzen dituzte, istorioak partekatzen dituzte gizarte-sareetan eta lagun berriak egiten dituzte”.

 

Bruselatik bigarren edizioko gazte irabazleekin jarriko gara harremanetan, beren bidaiak erreserbatu ahal izateko. Parte-hartzaileak 2019ko apirilaren 15aren eta urriaren 31ren artean 30 egunez bidaiatuko dira, bakarka edo, gehienez, bosteko taldeetan. Gehienak trenez bidaiatuko dira, baina beste garraiobide batzuk ere erabili ahalko dituzte, salbuespen modura.

 

Bidaia-bonuaz gainera, gazteek orientazioak jasoko dituzte irten aurretik, eta beren artean harremanetan egon ahalko dute gizarte-sareetan. Halaber, balia ditzaketen aukera berezien berri ere emango zaie, besteak beste museoetarako edo intereseko kultura-lekuetarako sarreren inguruko deskontuen berri, ikaskuntza-jardueretarako partaidetzaren berri edo bisitatzen dituzten hirietako biztanleek antolatutako ongi etorrirako ekitaldien berri.

 

Testuingurua

DiscoverEU gazteentzako edo gazte-taldeetarako –ingurune ahuletakoak barne– bidaia informalerako esperientzia bat da, eskuragarria eta erraza. 18 urteko gazteei Europako ondarea eta kultura-aniztasuna ezagutzeko aukera ematen die, beste gazte batzuekin harremanetan jartzeko eta beren identitate europarra miatzeko aukera.

 

Ekimena 2018ko ekainean abiarazi zen, Europako Parlamentuaren prestatzeko ekintza-proposamen baten ondoren; aurrekontua 12 milioi eurokoa izan zen 2018an. Eskaeren lehen txandaren bidez, 15.000 bat gaztek izan zuten Europatik bidaiatzeko aukera. 2019rako, Europako Parlamentuak 16 milioi euroko aurrekontua onetsi du DiscoverEUrentzat.

 

Batzordeak aurreikusi du hautagaien hurrengo txanda 2019ko udan abiaraztea. Europako Gazteriaren Atarian data zehatzak eta informazio osagarria argitaratuko dira.

 

2018ko maiatzean, Batzordeak DiscoverEUri 700 milioi euro bideratzea proposatu zuen, etorkizuneko Erasmus+ programaren zati gisa, epe luzerako EBren hurrengo aurrekontuaren esparruan, 2021-2027 aldirako. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak proposamena onesten badute, 18 urteko beste milioi eta erdi gazte bidaiatu ahalko dira zazpi urte hauetan.

 

Batzordeak DiscoverEU ikaskuntza-esperientzia baliotsuago bilakatzeko lan egiten du, eta helburu du ekimenaren eragina areagotzea eta hobetzen jarraitzea eta, horrela, gazte bidaiariek erakutsitako interesetan oinarritzea, bai eta bidaiarien eta alde interesdun nagusien erreakzioetan ere.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak