Berriak Hezkuntza
Eu

Donostia International Physics Center-ek eta Barcelona Supercomputing Center-ek lankidetza hitzarmena sinatu dute

2019.eko urtarrilak 11
  • Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Barcelona Supercomputing Center-ek (BSC) lankidetza hitzarmena sinatu dute konputazio kuantikoaren esparruan ezagutza eta giza baliabideak trukatzeko
  • Hitzarmenari esker, DIPC-k aurrerapauso garrantzitsua emango du zentroan berriki irekitako ikerketa lerro honetan (‘konputazio kuantikoa’)
  • Hitzarmena Hezkuntza Sailak azken urteetan egindako apustuari esker gauzatu ahal izan da; bi milioi euroko inbertsioa egin du Sailak DIPCren “Atlas” superkonputagailua handitzeko

Donostian, 2019ko urtarrilaren 11an.- Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuorde Adolfo Morais Donostia International Physics Center (DIPC) eta Barcelona Supercomputing Center-en (BSC) arteko hitzarmena sinatzeko ekitaldian izan da gaur goizez, Donostian. Bi urteko indarraldia duen akordioa DIPC-ko presidente Pedro Miguel Etxenikek, DIPC-ko zuzendari Ricardo Díez Muiñok, BSC-ko zuzendari Mateo Valerok eta BSC-ko zuzendariorde Josep Maria Martorell-ek sinatu dute.

Hitzarmen hau Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak urteetan zehar egindako apustuari esker gauzatu ahal izan da. Izan ere, Hezkuntza Sailak finantzatu baitu DIPC-ren ‘Atlas’ superkonputagailuaren gaitasun handitzea, bi milioi euroko inbertsioa eginez azken hiru urteetan. Inbertsio honi esker, ‘Atlas’-ek bere gaitasuna hiru aldiz handitzea lortu zuen eta Estatu mailako bost superkonputagailu potenteenen artean kokatuta dago gaur egun.

Hitzarmen honek DIPC-n berriki irekitako ‘konputazio kuantikoa’ ikerketa lerroari bultzada handia emango dio. Izan ere, akordio honi esker, DIPC leku ezin hobean kokatuko da esparru honi dagokionez, BSC-a erreferentzia baita eraikitzen ari diren Europako hegoaldeko lehenbiziko prozesatzaile kuantikoari esker. Gainera, ‘Mare Nostrum’ superkonputagailua –Estatu mailan ahalmen handiena duena eta mundu mailan hogeita bosgarrena dena-, BSC-ren instalazio zientifiko garrantzitsuena da. Bertan, sistema kuantikoen zenbait aspektu simula daitezke.    

Akordio honi esker, DIPC-k BSC-ren prozesatzaile kuantikoan eta ‘Mare Nostrum’ superkonputagailuan lan egiteko aukera irabaziko du. BSC-k, bestalde, aukera izango du DIPC-ko Ikerbasque ikertzaile diren Román Orusekin, Adolfo del Camporekin eta Geza Giedkerekin datozen urteetan zuzenean lan egiteko. Akordio honek, konputazio kuantikoaren esparruan ezagutza eta giza baliabideak trukatzeko balioko du. Gainera, aukera irekiko du bi zentroen artean ikasle trukea egiteko, elkarren artean kongresuak antolatzeko eta errendimendu altuko konputazioaren (High-Performance Computing) erabileran elkarri praktika onak erakusteko. Datozen urteetan lankidatze hitzarmen hau luzatu ahal izango da.

Konputazio kuantikoa:

Egungo konputazioak –bit-etan oinarritua– informazio eragiketak bi egoeratan bakarrik egiten ditu: 0 edo 1 (piztuta edo itzalita). Aldiz, teknologia kuantikoak bi egoera horien gainjartzearekin ere funtzionatzen du bit kuantiko delakoen erabilpenarekin. Ondorioz, ordenagailu arrunt batentzat ezin helduzkoak diren problema matematikoak ebatzi daitezke ordenagailu kuantikoekin.

Fisika kuantikoari esker, ezagutzen dugun konputazio klasikoan aurrerapen itzela egin da;  miniaturizazioa eta ondoriozko kalkulu gaitasunaren handitzea eragin dituzten material berriak garatu baitira. Halere, konputazio kuantikoa pauso bat aurrerago doa, izan ere, bere helburua informazioa prozesatzeko natura eskala oso txikietan menderatzen duten oinarrizko lege kuantikoak erabiltzea baita (adibidez, atomoetan eta partikuletan). ‘Bigarren iraultza kuantiko’ hau paradigma aldaketa bat da, konputazio mota berri bat ekarriko duena. Praktikan, konputazio kuantikoak kalkulu abiadura gehiago eskaintzen du zenbait problema jakin ebazterako orduan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Pedro Miguel Etxenike