Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Oiartzunek eta Errenteriak geltoki berriak dituzte

2011.eko martxoak 05

Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak eta Juan Carlos Merinok eta Aitor Etxeberriak, Errenteriako eta Oiartzungo alkateek, Oiartzungo eta Fanderiako (Errenteria) geltoki berriak inauguratu dituzte gaur goizean

Bi geltoki berriak eraikitzeaz gain, lan horien barruan, trenbidea bikoiztu da Euskotrenek ustiatzen duen Hendaia-Lasarte lineako 1.550 metroko zatian. Bikoizketa hori udatik aurrera egongo da erabilgarri. Lan horiek burutzeko aurrekontua 35 milioi eurokoa izan da, eta horietatik Oiartzungo Udalak 3,6 milioi jarri ditu, ETS-rekin (Euskal Trenbide Sarea) sinaturiko hitzarmena dela eta.

Bi geltoki berrien eraikuntza oso lagungarria izango da bi udalerri horietako hiriguneak eraldatzeko.

Oiartzungo geltokia

Oiartzungo geltoki berriaren ezaugarri nagusietakoak beirate handiak, diseinu diafanoa eta eraikuntzaren ezaugarri bereziak izango dira. Geltokia, Arragua inguruan, trenbidearen trazatuaren bi aldeetan dauden hiriguneen arteko lotura eta ingurune horren egokitzapena bultzatzen duen proiektu baten barruan dago.

Geltokiak nasa bat du erdian, eta horren bi aldeetatik joango da trenbidearen trazatua. Horri esker, trenbide pasagune bat kendu ahal izan da. Horrez gain, bide-zubi bat eraiki da, trenbidea bertatik joan dadin, eta haren azpian, trenbidearen bi aldeen arteko lotura erraztuko duten bideak egingo dira denbora gutxi barru.

Ingurune horretako jarduketa osatzeko, parke bat eraikiko da, ibilgailuak aparkatzeko gune zabalak utziz. Oinezkoei zuzenduriko hainbat ibilbide izango ditu, eta baita hiritar guztientzako aisia gunea ere. Horretarako, gaur egun bertan dauden lubetak kenduko dira, bi aldeen arteko iragazkortasuna bultzatzeko, igarobidearen behealdetik.

Fanderiako geltokia

Fanderiako geltokia, azken urte hauetan asko hazi den auzoan dago. Fanderiako geltoki berriko nasak errepidearen ondoan dauden etxebizitzen eta goialdean dagoen urbanizaziorako oinezkoen sarbidearen arteko mailan daude. Hori dela eta, igogailua eta kristaldegi handiak izango ditu

Fandería-Oiartzun proiektua eta Loiola-Herrera, Errekalde-Añorga, Lasarte-Errekalde zatiak bikoizteko lanak eta Arasoko kotxetegi berriak eraikitzeko lanak martxan daude jada. Horrek esan nahi du 172 milioi euroko inbertsioa martxan dagoela. Horri guztiari eta Informazio Azterlan fasean dauden gainerako zatiei esker, Donostia eta Hendaia arteko maiztasunak eta bidaiatzeko behar den denbora asko hobetuko dira, eta Eusko Jaurlaritzak bultzada handia emango du Donostialdean metroa eraikitzeko egin duen apustuan.

Donostialdeko metroa, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailak bultzatzen duen lan handia da, eta egungo zerbitzuaren kalitatea hobetzen lagunduko du, zerbitzuen maiztasuna bikoizteko aukera emango duelako eta geltoki eta tren erabilerrazagoak, modernoagoak, seguruagoak eta ekologikoagoak izango dituelako.

Azpiegitura berriak hiru helburu nagusi ditu: eskualdetik eta hiriko gainerako tokietatik Donostiako hirigunean dauden zerbitzu eta enplegu gune nagusietarako sarrera erraztea; une honetan zerbitzu hori ez duten auzoetarako eta herrietarako tren bidezko sarbideak hobetzea (Intxaurrondo, Altza, Hondarribia, etab.) eta, azkenik, intermodaltasuna sustatzea, garraio publiko mota desberdinen arteko bidaiari trukaketa sistemak hobetuz, garraio mota guztiek era osagarrian eta koordinatuan jardun dezaten.                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                               Azpiegitura horrek zerbitzu zuzena eskainiko dio Gipuzkoako biztanleen %65ari, eta Loiolako Erriberetan aurreikusten den eta RENFEren Aldirietako sarearekin lotura ezarriko duen trukaguneari esker, gipuzkoarren %80k eskura izango dute. Etorkizunean zuzenean heldu ahal izango da Donostia erditik Hondarribiko aireportura, eta Tolosatik datorren pertsona bat azkarrago helduko da Ibaetako Unibertsitateko campusera.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Arriola, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburua, Juan Carlos Merino, Errenteriako alkatea eta Aitor Etxeberria, Oiartzungo alkatea