
Lehendakariak iragarri du Euskal Gizataldeen VII. Mundu Kongresua aurtengo urrian Bilbon izango dela
- Lehendakaria buru izan da Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordearen bileran
- Euskal Gizataldeen Kongresua lau urtean behin antolatzen da, eta topaleku izaten da mundu osoko euskal zentroetako kideak batzeko
- Lehendakariak nabarmendu du datorren Kongresua “aukera” bat izango dela, diaspora berriaren eta tradizionalaren elkarbizitzarako
Iñigo Urkullu Lehendakaria, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin eta Gorka Álvarez Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariarekin batera, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordearen bileraren buru izan da. Gaur eguerdiko saioan, Lehendakariak iragarri du Euskal Gizataldeen VII. Mundu Kongresua Bilbon izango dela, 2019ko urriaren 2tik 4ra bitartean. Lau urtean behin antolatzen da topaketa, eta topaleku izaten da mundu osoko euskal zentroetako kideak batzeko.
Ekitaldia irekitzeko diskurtsoan, Lehendakariak euskal diasporaren eta Euskadi Basque Country nazioarteko bokazioaren balioa nabarmendu du. Lehendakariak azaldu du euskal diasporaren errealitatea azken urteotan aldatu egin dela, emigratzen duten pertsonen profila desberdina dela. “Hori da mundu globalak diaspora tradizionalaren eta berriaren arteko elkarbizitzari dakarkion erronka”, azaldu du. Hori horrela, Lehendakariak honako hau esan du: “Mundu Kongresua aukera ona da Euskal Komunitate Globalaren ideian aurrera egin eta hura eratzeko, kanpoan euskal komunitate osoa hartzeko gai izango den horretan”. Diskurtsoan, Lehendakariak kanpoan euskal komunitatearekin lan egiteko orduan “sareak” sortzeko kontzeptua nabarmendu du.
Bilera Lehendakaritzan izan da eta, bertan, Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuetako, Eusko Legebiltzarreko, foru-aldundietako eta UPV/EHUko arduradunak ere izan dira, bai eta munduan banatuta dauden euskal etxeetako 3 ordezkari ere: 1 Erdialdeko eta Hego Amerikako euskal etxeen ordezkaritzan; 1 Ipar Amerikaren ordezkaritzan; eta 1 Europa, Asia eta Ozeaniakoen izenean.