Eu

Iruña Veleiako hegoaldeko harresia itxuraberrituta, Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzari esker

2019.eko urtarrilak 09

Ramiro González diputatu nagusia eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua aztarnategian izan dira gaur, oppiduma sendotzeko eta hari balioa emateko proiektua gauzatu den lekuan

Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 9a. Iruña Veleiako aztarnategian urratsak egiten jarraitzen dute, arabarrek haren jatorria hobeto ezagut dezaten, eta Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzak ahalbidetu du hori. Azken hilabeteotan, Iruña Veleiako oppidumeko harresiaren hegoaldeko atea sendotu eta hari balioa emateko proiektua gauzatu du arkeologo talde batek. Jardun garrantzitsua da; izan ere, aztarnategiaren eremurik agerikoenetako bat da, eta barnean hartzen du aldundiak diseinatu duen 2010-2020 Plan Zuzentzaileak, zeinari 100.000 euroko bultzada emango baitio Euskadiko erakunde nagusiak.

“Iruña Veleia Arabako ondare historiko aberatsaren altxorretako bat da eta, horregatik, benetan garrantzitsua da ahalegina egitea hura gehiago ezagutzeko, sendotzeko eta hari balioa emateko”, adierazi du Ramiro González diputatu nagusiak; “Hori dela eta, Arabako Foru Aldundiarentzat balio handikoa da beste erakunde batzuek proiektu horrekin bat egitea eta babesa agertzea. Beraz, benetan balioesten dugu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Arabako ondarearekin erakutsitako konpromisoa, bai Santa Maria Katedralean eta Artiumen, bai, oraingo honetan, Iruña Veleiako aztarnategian.”

“Aldundiak argi eta garbi egin du beti aztarnategiaren alde. 2009. urtean, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Sailari eskatu zion aztarnategirako jarduteko proiektu orokor bat idatz zezala, zeinak 2010-2020 aldirako Iruña Veleiako Plan Zuzentzailearen onespenean ikusi baitzuen argia, eta aztarnategiaren alde egiten jarraitzen dugu tinko. Hortaz, egiteke dugun gauzetako bat da, laster, datozen urteetarako plan berri bat diseinatzea”, erantsi du.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu du jardun hori garrantzi handikoa dela Iruña Veleiari balioa emateko: “Arkeologoek azaldu duten bezala, azken hilabeteotan gauzatutako esku hartzea funtsezkoa da Iruña Veleiako hegoaldeko harresia sendotzeko eta eremu hori agerikoago egiteko. Lan horiei esker, urrats bat aurrera egin da aztarnategi hori babestu eta onik zaintzeko lanean eta, era berean, bisitariei aukera eman zaie hobeto ezagutzeko nola bizi ziren enklabe horretan erromatarren garaian. Eusko Jaurlaritzak oso garrantzitsutzat jotzen du jardun hori, ahalbidetzen digulako balioa ematen jarraitzea Euskadiko erromatarren aztarnategi arkeologikorik garrantzitsuenari: Iruña Veleiari”.

Iruña Veleiako monumentu multzoa Arabako Lurralde Historikoko zona arkeologikorik zabalenetako bat da; izan ere, aztarnategiak 126 hektarea inguruko azalera izan dezake, gaur egun babestuta dagoen oppidumaren mugetatik askoz harago. Hain zuzen, hiruki formako eremu zabala hartuko luke Iruña Okan, Zadorra ibaiak Tresponde eta Billoda herrien artean eratzen duen meandroan, muga ibaia bera eta A-3302 errepidea izango lituzkeelarik, gutxi gorabehera.

Hiruki horren erdialde inguruan dago barruti harresitua, Iruñeko oppidum izenez ezaguna dena, baina aztarnategia ipar-mendebalderago ere badoa, Arkizko muinoa igarota, eta hegoalderantz ere bai, aipatutako errepiderantz maldan behera datozen mendi hegal leunak hartzen dituela, zeinetan goi inperioko hiri erromatarra egon baitzen. Hegoalde parte horretan daude proiektu horren xede diren elementuak: hegoaldeko atea eta oppidumaren hego ekialdeko horma atalak.

Lan zorrotza

Monumentua hauskorra denez, lan asko eskuz egin dira, eta kontu handiz zapaldu da monumentua, jatorrizko egiturako elementuak mugitzeko arrisku handia egon baita. Gainera, bertara iristea zaila denez, makina espezifikoak erabili behar izan dira monumentua inguratzeko, eta ez da tonaje handiko ibilgailurik erabili, egiturak kaltetu ez zitezen. Berreraikitze lanek oinarrian izan dituzte azterlan arkeologikoaren emaitzak eta, hori dela medio, indusketa zuzendu duen arkeologo taldeak eta proiektua idatzi duen taldeak —Oscar Reinares buru zela— ezarritako jarraibideen arabera egin dira lanak.

“Lehenik eta behin, obra behar bezala gauzatzeko egin beharreko aldez aurreko lanak eta lur mugitzeak egin ziren, tartean zirelarik harresiaren eta atearen aurrean zegoen asfalto geruza eraistea, jardun eremuan sastrakak eskuz kentzea eta garbitzea, betegarriak kentzea eta, gero, zirkulazio bidea (cursum) berriz jartzea, eta lehendik han zegoen material pikorkararen zati handi bat birziklatu zen”, azaldu du arkeologoak.

Lehendik zeuden egituretan esku hartzeak egiteko eta fabrika berriak eraikitzeko, lehenbizi, desmuntatze arkeologikoko lan zehatzak egin ziren, betegarriak berriz jarri ziren eta gailurrak sendotu ziren, eta hori guztia egitean, behar bezala babestu ziren induskatutako eremuak, xafla geoehunezkoak erabiliz eta hautatutako betegarrien bidez.

Material horiek lehengoratzeko, harlauzazko harlangaitza eta kareharrizko harlandua erabili zituzten, aztarnategian antzeko lanetan orain arte erabili izan direnen antzekoak, bai eta kare hidrauliko naturalezko morterozko piezak ere. Gainera, lerro bat markatu zen jatorrizko materialaren eta material berriaren artean, eta beira zuntza duen poliester sare bat jarri zen, aukera izan zedin bi materialen arteko aldeak ikusteko, eraikinaren jarraitutasuna desitxuratu gabe.

Ondoren, jatorrizko materialak onik zaintzeko lan zorrotzei heldu zitzaien, alegia, hutsarteak, arrakalak eta pitzadurak itxi ziren, eta, amaitzeko, harlanduzko lan berriaren gainazala tindatu zen hori-okrezko eta lur kolorezko pigmentuz koloreztatutako kare ura erabiliz, fabrika berriak monumentu multzoan diskretuki integratuta gera zitezen.

Egin diren obrei esker, sakonago ezagutu da harresian erabilitako materiala, haren historia eta arkeologia; horren erakusgarri, elementu arkitektoniko berriak aurkitu izana, zeinak berrerabili baitira, edo garai hartan erabilitako eraikuntza prozedura batzuen (harlanduaren in situ birlanketa, esate baterako) lekukotasuna ematen duten material hondarrak aurkitu izana.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak