Eu

Osasunaren Mundu Erakundeak zahartze aktiborako “Euskadi Lagunkoia” ekimena nabarmendu du

2019.eko urtarrilak 09

 

  • Euskal esperientzia nabarmendu du adinarekin lagunkoiak diren hiri eta erkidegoen garapenari buruzko dokumentu batean
  • OMEren iritziz, sarearen arrakastaren zati bat sustatzen duen “oinarriko herritarren lidergoa” da
  • Lide Amilibia sailburuordea: “egunero bizitza errazten duten gauza txikiekin, gure udalerri eta auzoetan egun bakoitza atseginagoa izango da gizarte guztiarentzat”

VG 2019 01 09

Osasunaren Mundu Erakundeak “Euskadi Lagunkoia” sarearen adibidea nabarmendu du; sarean Euskal Autonomia Erkidegoko hirurogei udalerri batzen dira, adinekoekiko lagunkoitasunaren inguruan, “zahartze aktiboa” sustatzeko. The Global Network for Age-friendly Cities and Communities Looking back over the last decade, looking forward to the next (adinarekin lagunkoiak diren hiri eta erkidegoetarako sare globala; azken hamarkadan atzera begira eta hurrengoa heltzeko irrikitan) argitalpenean, Euskadin adinekoak ahalduntzeko abian jarri den eredua nabarmendu du.

 

Euskadi Lagunkoia sarea Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren ekimena da, eta helburua da adinekoen eta herritarren parte-hartzea sustatzea, Euskadiko udalerrietako auzo eta inguruneak hobetzeko, mundu guztia zahartu ahala beren bizitza egiten jarraitu ahal izateko. Sare hori Osasunaren Mundu Erakundeak sustatzen duen ‘Age-friendly Environments Programme’ programan oinarritzen da.

 

OMEk argitaratutako dokumentuak zenbait herrialdetan garatutako proiektuak balioesten ditu, besteak beste, ‘adinera egokitutako programa Euskadin’ izenez aipatzen duena. Bertan, Euskadi Lagunkoia nola sortu zen zehazten da, bai eta Euskadin jaso duen erakunde-laguntza ere. OMEren iritziz, “Euskadi Lagunkoia programaren garapenean arrakasta-eragile garrantzitsuenetako bat oinarriko herritarren lidergoa da. Adinekoen elkarteen arteko elkarlana funtsezkoa izan da, eta proiektua zentroak suspertzeko eta baterako helburuaren inguruan lan egiteko erabili da”.

 

OMEren hitzen arabera, “adinarekin lagunkoia den programan adinen parte-hartzea eta lidergoa sustatzea Euskadiren funtsezko helburu da”. Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordearen iritziz, “ezinbestekoa da pertsona guztiak beren bizitzen progragonista izatea, adina edozein dela ere. Sareak nahi du adinekoak beren eguneroko bizitzan eragina izango duen ongizatea sortzeko prozesuan parte har dezaten; izan ere, horrela, espazio publikoak, herritarren arteko harremanak eta zaintzen transferentziak modu arrazoizkoagoan berreskuratuko dira”.

 

Amilibiaren hitzen arabera, “helburua da bizitza errazten duten xehetasunekin eta gauza txikiekin, gure udalerri eta auzoetan egun bakoitza atseginagoa izatea gizarte guztiarentzat”.

 

Sailburuordearen hitzen arabera, “Euskadi Lagunkoia sareak inplikatuta dauden sektore guztiek zahartzerako etorkizun onena eraikitzeko konpromisoa har dezaten bilatzen du, autonomiaren sustapenean, herritar-talde horren heterogeneotasunaren aitorpenean eta gizarte lagunkoiagoa eta solidarioagoa eraikitzeko eta mantentzeko konpromisoaren eta erantzunkidetasunaren sustapenean oinarritzen den ikuspegitik”.

 

Aitorpena

Osasunaren Mundu Erakundeak aurretik ere Euskadi Lagunkoian jarri izan du arreta. Duela bi urte, “Ondarea” programa hautatu zuen OMEk “edadismo” delakoaren –ingelesez ageism esaten zaio– edo adinagatiko bazterkeriaren aurkako nazioarteko jardunbide egoki onenen artean. Zenbait dokumentalen bidez, Ondareak Euskadiko geografiako zenbait puntutako adinekoek eginiko lan eta eginkizunak jaso ditu.

 

Ondarearen helburua da bost minutuko bideoak egitea, horietako protagonista den adineko bakoitzarekin: Marian, mendizalea; Edorta, gatzagako langilea; Edelmira, saltzailea; Mertxe, saregilea; Todosia, nekazaria; Félix, artzaina; Blanca, eltzegilea; Jabier, arraunlaria; eta Roxario, sukaldaria. Bideo bakoitzak elkarrizketa sakona jasotzen du, bai eta eguneroko bizitzako irudi batzuk ere. Dokumentu bakoitza euskaraz edo gaztelaniaz dago grabatuta. Bideo horiek, oraindik, Euskadi Lagunkoiaren web-orrian daude: www.euskadilagunkoia.net

 

 

 

 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Ingurukomej
    2019.eko urtarrilak 10

    Comentario de Twitter:
    RT @EnpleguGizaEJGV: ✳️ Osasunaren Mundu Erakundeak zahartze aktiborako “Euskadi Lagunkoia” ekimena nabarmendu du 🔗 https://t.co/7acRj7izo6

  • @basquemployment
    2019.eko urtarrilak 10

    Comentario de Twitter:
    RT @EnpleguGizaEJGV: ✳️ Osasunaren Mundu Erakundeak zahartze aktiborako “Euskadi Lagunkoia” ekimena nabarmendu du 🔗 https://t.co/7acRj7izo6

  • @CEESPV
    2019.eko urtarrilak 09
Ekitaldiko kargudunak