Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “terrorista bat gehiago atxilotuta badago, taldearen behin betiko amaierarantz aurrerapauso bat eman dugu”

2011.eko martxoak 11

Lehendakariak gogorarazi du ETAk ez duela iragarri erabat desegingo denik, eta Eusko Jaurlaritzak ohartarazi zuen “ez duela arreta jaitsiko”

Patxi López Lehendakariak adierazi du ETAko lau kide atxilotuen berria “garrantzitsua” eta “ona” dela. Gainera, horietako bat taldearen ustezko buruzagia da. Lehendakariak terrorismoa bukatuko den “itxaropena” izaten jarraitzen du, baina taldeak “hil dituen 800 pertsonak” gogoratzen dituela ere esan du. RNEn egin duen elkarrizketan, Otazua komando deseginak haren kontrako eraso bat gauzatzeko asmoa zuela jakin zuenean “hutsune” bat eta “amorrua” sentitu zituela onartu du, baita "ETArekin amaitzeko helburua" izaten jarraitzen duela ere.

Lehendakariak ziurtatu du ETAko ustezko kideen azken atxiloketarekin, ohartarazitakoa frogatzen ari direla, hau da, “Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ez dugula arreta jaitsiko, ezta unetxo batez ere, eta terrorismoaren eta terroristen aurka borrokatzen jarraituko dugula”.Lehendakariaren hitzetan, atxiloketak “garrantzitsuak” izan dira, terroristak atxilotzeak ETA ahultzea eragiten duelako.

Patxi López lehendakariak ordu erdi pasatxoko elkarrizketa egin du Juan Ramón Lucasen “En días como hoy” saioan, RNEn. Lehendakariak gaurkotasun politikoko gai batzuk aztertu ditu, adibidez, ETAren kide batzuen atxiloketa, eta Sortuk bidali duen komunikatua —bertan adierazten dute ETAk Eduardo Puellesen omenaldian lehendakariaren kontra gauzatu nahi zuen atentatuaren plana gaitzesten dutela—. Gainera, euskal kutxen bateratzearen inguruan piztu diren azken mugimenduak baloratu ditu.

Sortuk ETA lehendakariaren kontra atentatu bat gauzatzeko prestatzen ari zen plana gaitzesteko egin zuen komunikatuari dagokionez, Lehendakariak uste du “positiboa” dela, eta “ezker abertzaleak kale borroka eta atentatu posibleak zuzenean gaitzetsi dituen lehen aldia dela” azpimarratu du.

Lehendakariaren ustez, bereziki garrantzitsuak dira komunikatuan ikusten diren bi alderdi: “batetik, printzipio horiek ez dira hauteskundeetara aurkezteko taktika bat, hau da, hausnarketa baten emaitza dira; eta bestetik, bakeak ez daukala prezio politikorik esan dute”. “Demokratok pozik egon behar dugu gure zorroztasun demokratikoak, zero tolerantziako politikak, ezker abertzalea exijitzen genuen bidetik mugitzea ekarri duelako”, azpimarratu du.

Otazua talde deseginak haren kontra erasotzeko asmoa zuela-eta galdetu diotenean, López lehendakariak adierazi du, albisteak hasieran “hustasun sentsazioa" eragin ziola; baina, “herrialde honetan txoriburu batzuek indarkeriaren bidez sistema totalitario eta faxista bat ezarri nahi dutela pentsatzean, amorrua” sentitu zuela azpimarratu du. “Horrez gain, herrialde honetan pertsona asko terrorismoaren mehatxupean bizi garela pentsatzean, ETArekin behin betiko amaitzeko eta bakea eta askatasuna, behingoz, herrialde honetan zabaltzeko helburuarekin jarraitzea erabaki nuen”, gehitu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)