Eu

Maider Etxebarria: “Ekoturismoak onurak dakartza turismo-fluxurik izan ohi ez duten herrientzat”

2019.eko urtarrilak 10

Eusko Jaurlaritzako Turismoko zuzendari Maider Etxebarriak Euskadiko Ekoturismoko II. Foroa aurkeztu du gaur. Biltzarra Turismo Sailak antolatu du, Gasteizko Biltzar Jauregian egingo da urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean, eta natura-turismoaren eremuko adituak bilduko ditu.

Lehen edizioan, Biltzarra erregulartasunez egiteko eta arlo horretan Euskadiko erreferentziazko foro bihurtzeko asmoa iragarri zen. Hori dela eta, bigarren edizio honetan estrategia bat finkatu dela esan daiteke. Biltzarra Gasteizen egingo da berriz ere, eta egoitza iraunkor bihurtu da hiria.

Zuzendariak azaldu duenez, Biltzarrak sektoreko premien ikuspegi garbiagoa eskainiko du. “Biltzarreko txosten eta ondorioetan oinarrituta, etorkizunean esparru honetan egingo ditugun jardunak zehaztuko ditugu. Azken batean, Euskadiko ekoturismoan sakonduko dugu. Izan ere, fenomeno hori errealitatea da dagoeneko, askotariko esperientziak garatzen ari baitira gure lurraldean. Aurtengo edizioan lortu nahi dugun helburua ekoturismoaren segmentuari lotutako kalitateko eskaintza lehiakor bat garatzeko tresna egokiak zehaztea eta inplementatzea da, Euskadiko turismo jasangarriaren politikari jarraikiz”.

Aurkezpenean, Euskadira etortzen diren ekoturistei buruzko datuak eskaini ditu Maider Etxebarriak: “Euskadira iristen diren eta ekoturismoarekin lotu ditzakegun turistak (hau da, natura-jarduerak eta landa-turismoko jarduerak egiten dituztenak) jomuga deszentralizatzen laguntzen duten bidaiariak dira, gehienak Euskadiko barnealdeko herrietara joaten baitira. Egiten dituzten bisitaldiak urteko garai guztietan banatuta daude, baina goi-denboraldietatik kanpo egiten dituzten bidaiariak dira nagusi. Beraz, turismoa urtaro guztietara zabaltzen ere laguntzen dute”.

Euskadiko Ekoturismoko II. Biltzarra

Biltzarreko programa lau gai multzotan banatuta dago. Foroaren lehen egunean, Turismoko Idazkaritza Nagusiko ordezkariek ekoturismoaren aurrekariak, azken urteetako ibilbidea eta etorkizunerako gakoak azalduko dituzte. Espainiako ekoturismo-klubeko gerenteak, berriz, 2018an abian jarritako ekoturismoaren behatokiari buruzko datu nagusiak aurreratuko ditu.

Aurten, bestalde, Extremadura izango da Autonomia Erkidego gonbidatua. Extremadurak, nolanahi ere, tradizio luzea du natura-turismoko jardueretan. Bertako ordezkariek beren lurraldean ekoturismoa bultzatu eta hobetzeko garatzen ari diren politiken eta estrategien ikuspegia eskainiko dute. Besteak beste, Autonomia Erkidego hori gune natural babestuetan argazki-jarduerak arautzeko prestatzen ari den araudiaz hitz egingo da. Extremadurako natura-turismoaren sektoreko enpresa batzuek natura-turismoaren inguruko kasu arrakastatsuen eta jardunbide egokien berri emango dute.

Bigarren egunean, Euskadiko ekoturismo-sareko kideek ingurumenaren eta turismoaren arloko jarduerari lotuta abian jarri diren ekintzak azalduko dituzte. Urdaibaiko Erreserban, Euskal Kostaldeko Geoparkean, Atarian eta Ekoetxean erantzukizuna duten erakundeetako ordezkariek hitz egingo dute. Biltzarra enpresa-sareko ordezkariekin amaituko da, eta, besteak beste, Aktiba eta Nekatur elkarteek eta Euskadiko natura-turismoari eta haren etorkizuneko ikuspegiari lotutako beste agente batzuek hartuko dute parte.

Turismoko zuzendariak bere hitzaldiaren amaieran gogorarazi duenez, “ekoturismoak turismoa lurralde osoan banatzen eta urtaro guztietara zabaltzen laguntzen du. Gizartearentzat onura ugari dakartzan turismoa da, eta onura positiboak dira denak. Izan ere, bidaiariak sentsibilizatzen laguntzen du, eta onura handiak dakartza turismo-fluxurik izan ohi ez duten herrientzat”.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @nekatur
    2019.eko urtarrilak 10

    Comentario de Twitter:
    @md_etxebarria 👉“El ecoturismo tiene retorno en poblaciones a las que habitualmente no llegan los flujos turísticos”
    https://t.co/WggKeFbPTQ

Ekitaldiko kargudunak