Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak ”Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren aldeko Esparru Programa, 2020" ezarri zituen helburuen bi heren bete ditu

2019.eko urtarrilak 08

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak ohiko prentsaurrekoa eman du Gobernu Kontseiluaren ondoren, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarekin batera.

Josu Erkoreka Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak ”Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren aldeko Esparru Programa, 2020" programaren emaitzen aurrerapena aztertu duela. Bozeramailearen hitzen arabera, une hauetan, Eusko Jaurlaritzak 2016an ezarri zituen helburuen bi heren bete ditu, dagoeneko. Horrela, Erkorekak azaldu du, batetik, Euskadin enplegua sortzeko emaitzak positiboak direla eta, bestetik, suspertze ekonomikoa finkatzen ari dela.

Hori horrela, sailburuak nabarmendu du emaitzek “bidea egokia” dela erakusten dutela; izan ere, bide horrek krisi ekonomikoa gainditzera eta enplegu gehiago sortzera garamatza. Sailburuak nabarmendu du emaitzen aurrerapen hori lanean jarraitzeko eragingarria dela. “Enplegu-aukerak areagotu behar ditugu eta, batik bat, horien kalitatea hobetu”, esan du.

Horretarako, Erkorekak azaldu du Eusko Jaurlaritzak 1.100 milioi euro baino gehiago inbertituko dituela suspertze ekonomikoarekin eta kalitateko enplegua sortzearekin eta finkatzearekin zerikusia duten 40 proiektu estrategikotan.

“BASQUE RESEARCH AND TECHNOLOGY ALLIANCE” PARTZUERGO ZIENTIFIKO-TEKNOLOGIKOA

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak azaldu du Gobernu Kontseiluak baimena eman duela “Basque Research and Technology Alliance” Partzuergo Zientifiko-Teknologikoa (BRTA) sortzeko lankidetza-hitzarmena sinatzeko. “Erakunde berria, publikoa, Euskadiko teknologia- eta industria-erronkei erantzuteko eta nazioartean Euskadiren posizionamendua hobetzeko elkarlanean oinarritzen den dinamika ziurtatuko duena”, esan du sailburuak.

Sailburuaren azalpenaren arabera, Partzuergoa 2019ko lehen hiruhilekoan eratuko da; hari atxikiko zaizkio SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia, 12 teknologia-zentro, ikerketa kooperatiboko 4 zentro eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiak.

BIDAIA ESTRASBURGORA

Era berean, Erkoreka sailburuak esan du Lehendakaria datorren urtarrilaren 18an Estrasburgora bidaiatuko dela. Bere hitzen arabera, bidaia ofizialaren helburua René Cassinen irudia eta lana aintzatestea da, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren idazle nagusi izateagatik Bakearen Nobel Saria jaso duenetik 50 urte betetzen baitira. Lehendakariarekin batera Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia eta Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia bidaiatuko dira.

Gai ordena

Prentsa dossierra

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak