Berriak Osasuna
Eu

128 pertsona ospitaleratu dira, guztira, gripearen kanpaina hasi zenetik urte amaiera arte

2019.eko urtarrilak 03

Euskadin gripeak beherakada txikia izan du, baina jarraitzen du atalase epidemikoaren gainetik egoten. Urteko azken asteko intzidentzia-tasa 97,4 kasukoa izan da 100.000 biztanleko, eta, aurreko astean, 150,1 kasukoa 100.000 biztanleko.  Hala jaso da Zainketa Epidemiologikoaren-Mediku Jagoleen Sarearen azken txostenean; gripearen jarduera aztertu da abenduaren 24tik 30era bitartean.

Kanpaina honetan eta egun arte, guztira 128 pertsona ospitaleratu dira; horietatik, 39k larritasun-irizpideak betetzen dituzte. Osakidetzaren Lehen Mailako Arreta Sarean, gripearen sindromeagatiko asistentzia-eskaerak gora egiten jarraitu du, eta, urteko azken astean, 1.976 kontsulta erregistratu dira. 2019ko lehen egun hauetan asistentzia-eskaerak gora egiten jarraitzen du.

Gripearen berezko sintomak nabaritzen dituztenen kasuan, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren aholkua honako hau da: osasun-baliabideak arduraz erabiltzea eta, horrela, sintomatologiaren arabera, beren arazoari arreta eta konponbidea emateko osasun-zerbitzu egokiena zein den baloratzea (familia-medikua, etengabeko arreta-guneak edo EAGak eta, azken aukera gisa, konplikazio larrien kasuan, ospitaleetako larrialdiak). Horrela, berriz ere esan dute ez dela egon behar izango alferrik itxaroten arreta jasotzeko eta, aldi berean, ez dugula osasun-sistema bera kolapsatuko.

Hori horrela, gogorarazi behar da gripe a gaixotasun desatsegina dela, baina onbera biztanle osasuntsuetan, eta ez duela tratamendu berezirik; beraz, atsedena hartzea, likido ugari hartzea eta sukarra arintzeko antitermikoak hartzea dira gomendio nagusiak. Sukarrak jarraitzen badu, medikuarekin kontsultatu beharko dugu. Era berean nabarmendu behar da eritasun birikoa dela eta antibiotikoak kasu horretan ez direla eraginkorrak (oso kasu jakinetan baino ez lirateke hartu beharko, eta betiere medikuak hala aginduta); aldi berean gomendatzen da, transmisio- eta kutsadura-maila altua denez, zuhurtziazko neurri higienikoak hartzea, esaterako, eztul edo doministiku egitean ahoa edo sudurra besoarekin estaltzea edo eskuak sarri garbitzea edo behin erabiltzeko zapiak erabiltzea.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 3a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau