Berriak Osasuna
Eu

Euskadin gora egin du gripeak, joan den astean atalase epidemikoa gainditu ondoren

2018.eko abenduak 27

Larriki ospitaleratutako 20 kasuetatik % 87,5 arrisku-talderen batekoak diren eta txertorik hartu ez duten pertsonak dira

 

Gripeak gora egin du azken astean Euskadin, eta 100.000 biztanleko 150,1 kasura iritsi da. Aurreko astean 122,3 kasura iritsi zen, atalase epidemikoa (55,7 kasu 100.000 biztanleko) gaindituz. Osakidetzaren Lehen Mailako Arretaren sarean 1.360 kontsulta erregistratu dira gripearen sintomengatik, eta oraindik ere Gipuzkoan du intzidentziarik handiena.   

Horixe dio Osasun Sailaren eta Osakidetzaren Zainketa Epidemiologikoaren/Mediku Jagoleen Sarearen azken txostenak, gripeak abenduaren 17tik 23ra bitartean izan duen bilakaera aztertu ondoren.

Txosten horren arabera, orain arte egiaztatutako gripearekin ospitaleratutako 66 kasu jakinarazi dira, eta horietatik 20k larritzat hartzeko irizpideak betetzen dituzte. Adierazi behar da horietatik % 87,5 arrisku-talderen batekoak diren eta txertorik hartu ez duten pertsonak direla. Larriki ospitaleratutako pertsonen batez besteko adina 64 urte da, eta horietatik % 55 emakumeak dira; emakume horietako bat haurdun dago eta jada eman diote alta.

Alde horretatik, Osasun Sailak eta Osakidetzak azpimarratu dute oso garrantzitsua dela txertoa hartzea, neurririk eraginkorrena baita gripeari aurre egiteko eta gaixotasun horren kutsapenaren ondoriozko osasun-konplikazioak saihesteko. Hori dela eta, Osakidetzaren osasun-zentroetan abenduaren 31ra arte jarriko da dosia, arrisku-taldeetako ahalik eta jende kopururik handienera iristeko: 65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoren bat duten pertsonak edo haurdun dauden emakumeak.

Gripea urtero agertzen den osasun publikoko arazoetako bat da, eta ondorio larriak eragin diezazkieke pertsona kalteberenei. Joan den denboraldian, gripearekin larriki gaixotutako 446 pertsona ospitaleratu behar izan ziren.

 

 

Gasteiz, 2018ko abenduaren 27a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau