Guztira 257 pertsonak hasi dute udaltzain izateko prestakuntza, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian
-
232 izangai datoz Euskal Autonomia Erkidegoko 26 udalerritako udaltzain-plazak estaltzeko bigarren lan-eskaintza publiko bateratuko deialditik
Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak parte hartu du, gaur, Arkautiko Akademian egin den udaltzain izateko prestakuntza-ikastaroaren irekiera-ekitaldian. Ikastaroan parte hartuko duten 251 izangaiez gain (55 emakumezko eta 196 gizonezko), bertan izan dira Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendaria eta Segurtasun Saileko zenbait kargu. Izangai gehienak, 232 (51 emakumezko eta 181 gizonezko), datoz Euskal Autonomia Erkidegoko 26 udalerritako udaltzain-plazak estaltzeko egin den bigarren lan-eskaintza publiko bateratuko deialditik —EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin elkarlanean egin da deialdia—.Beste 25 izangaiak (8 emakumezko eta 17 gizonezko) beste lau udalek egindako hautespen-prozesuetatik datoz.
Guztira 55 emakumezkok eta 196 gizonezkok hasi dute gaur udaltzaingoko oinarrizko eskalako agente bihurtzeko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egin beharreko zazpi hilabeteko ikastaroa. Izangai gehienak, 232, datoz Euskal Autonomia Erkidegoko 26 udalerritako udaltzain-plazak estaltzeko EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin elkarlanean egin den bigarren lan-eskaintza publiko bateratuko hautespen-prozesutik: Abanto-Zierbana, 2; Amorebieta-Etxano, 2; Amurrio, 1; Balmaseda, 1; Barakaldo, 8; Basauri,1; Berango, 2; Bergara, 4; Bilbao, 110; Donostia, 8; Eibar, 5; Elgoibar, 3; Erandio, 2; Ermua, 4; Gernika, 3; Legazpi, 1; Mungia, 2; Ordizia, 2; Pasaia, 5; Plentzia, 3; Portugalete, 12; Santurtzi, 7; Sestao, 9; Vitoria-Gasteiz, 28; eta Zumaia, 3.
Prestakuntza-ikastaroan parte hartuko duten beste 25 izangai datoz beste lau udalek egindako hautespen-prozesuetatik: Errenteria, 19; Durango, 2; Ibarra, 2; Abanto-Zierbana, 1; eta Oiartzun, 1.
Udaltzain berrien hautespen-prozesuari joan den urteko irailean eman zitzaion hasiera, Bilbao Exhibition Center-ean egin ziren azterketekin. 2.000 izangai bildu ziren azterketa horietan.
Proba teorikoen, proba fisikoen, elkarrizketen, eta egindako zerbitzuen eta merituen balorazioaren ondoren, hautatutako pertsonek zazpi hilabeteko prestakuntza-ikastaroa egingo dute, orain, Arkautiko akademian. Gero, hamabi hilabeteko praktikaldia egingo dute haien helmugetan.
Udaltzaingoko agente berri horiek Arkautiko akademian bat egingo dute 27. promozioko 379 ertzain-izangaiekin. Izatez, azken horiek joan den urritik jada egiten ari dira uztailean kredentzialak jasotzeko aukera emango dien bederatzi hilabeteko prestakuntza.
Nabarmendu behar da joan den abenduaren 18an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitara eman zuela Ertzaintzaren 28. promoziorako oinarrizko eskalako 500 agente-plaza betetzeko deialdiaren ebazpena, Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariak egindakoa. Deialdi horretarako izena emateko epea datorren urtarrilaren 31ra arte izango da zabalik.
Abenduaren 31rako, 1.787 pertsonek bete dute eskabidea (544 emakumezkok eta 1.243 gizonezkok).
Eskabideak eskuratzeko eta betekizunak kontsultatzeko, Akademiaren web-orrian sar zaitezke: www.arkauteakademia.eus
Gainera, deialdi horren inguruko edozein informazio emango duen doako telefono bat gaitu da, 900.840.088, astelehenetik ostiralera bitartean 08:00etatik 15:00etara.