Eu

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Labrazako Foruaren pergaminoa erosi du; Antso VII.a Azkarrak 1196an emandako Forua

2018.eko abenduak 28
  • Agiria desagertuta zegoen, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 9.325 euro ordaindu du Madrilgo enkante batean.

 

Gasteiz, 2018/12/28

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Labrazako Foruaren pergaminoa erosi du; Antso VII.a Azkarrak eman zion Foru hori 1196an Arabako San Cristobal de Labraza herriari. Segur aski XIII. mendeko kopia bat den pergamino hori abenduaren 19an erosi zen Madrilgo enkante-etxe batean, eta 9.325 euro ordaindu ziren. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ordaindu du diru-kopuru hori ondare baliotsu hori Euskadiko Artxibo Historikoak zaindu dezan.

Labrazako Forua XX. mendean desagertu zen (ez da data zehatza jakin) Arabako Errioxako herri horretatik, eta Madrilgo enkante-etxe batean aurkitu zuten Arabako Errioxan bizi diren eta historia maite duten hainbat pertsonaren lanari esker: Labrazako alkatea, Juan Manuel Martínez; Oiongo Udaleko artxibozaina, Alicia Marin Perez; José Ángel Chasco etnografoa; eta Pedro Uribarrena historialaria. Arabako Foru Aldundiak eman zion egoeraren berri Eusko Jaurlaritzari, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Kultura Ondareari buruzko legeek lehentasunez erosteko ematen dioten eskubidea gauza zezan.

Agiri hori Euskal Herriko Erdi Aroko populaketaren inguruan ezagutzen den zaharrenetako bat da, eta berreskuratzea, beraz, betebehar bat izateaz gainera, Euskadiko Dokumentu Ondareari egindako ekarpen garrantzitsua izan da. Euskadiko Artxibo Historikoaren zuzendari Borja Aguinagaldek joan den astean erosi zuen pergaminoa.

Labrazako Forua garrantzi handiko testua da Euskadiko Erdi Aroko Historiaren ikuspegitik, eta Nafarroako erregeak, Antso VII.a Azkarrak, eman zion San Cristobal de Labrazari 1196an. Testua latinez idatzita dago, eta erregearen ikurra agertzen da bertan: arrano beltz bat beheko aldean, erdian; eta Krismoi bat goiko ezkerreko ertzean. Arauak, besteak beste, herriko biztanleen arteko elkarbizitza arautzen du; horrez gainera, testuak horien eskubideak eta betebeharrak jasotzen ditu, euren usadio eta ohitura onetatik abiatuta.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpuruk azpimarratu duenez, eragiketan garrantzizkoa izan da erakundeen arteko lankidetza. “Labrazako Foruak garrantzi handia du Euskadiko Erdi Aroko Historiaren ikuspegitik, eta Euskadiko Artxibo Historikoak, nola ez, ondare hori babestearen aldeko apustua egin behar du. Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza funtsezkoa izan da eragiketa hori ahalbidetzeko. Horrez gainera, eskerrak eman behar dizkiegu agiri hori aurkitu zutenei: Labrazako alkateari, Juan Manuel Martínezi; Oiongo Udaleko artxibozainari, Alicia Marin Perezi; José Ángel Chasco etnografoari; eta Pedro Uribarrena historialariari”, esan du.

Arabako Foru Aldundiaren aldetik, Igone Martinez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak adierazi du “Arabako historia islatzen duen dokumentu garrantzitsua dela”: “Ezinbestekoa zen horrelako dokumentu bat berreskuratzea, sekula desagertu behar ez zuena Arabar Errioxatik. Eusko Jaurlaritza eta gu geu Udalarekin eta Administrazio Batzordearekin bilduko gara aurki hurrengo pausoak zehazteko; helburua izango da zehaztea zer egingo dugun erosketa burutu ostean”.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak