Berriak Osasuna
Eu

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko hemodinamika-ekipamendu berriari esker, 1.800 esku-hartze egin dira urtean kardiologiako teknologiarik aurreratuena erabilita

2018.eko abenduak 28
  • Jon Darpón Osasuneko sailburuak gaur goizean bisitatu du azken belaunaldiko ekipamenduarekin eta softwarearekin hornitu den gela berria, milioi bat euroko inbertsioa egin ondoren
  • Erradiodiagnostikoko ekipamendu honek oso kalitate handiko irudiak hartzen ditu gaur egun posible den erradiazio-dosi txikiena erabilita.
  • Osasun Sailak eta Osakidetzak material teknologikoa progresiboki berritzen jarraitzen dute, euskal gizartearen osasun-emaitzak hobetzea helburu.

 

 

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko hemodinamikako gela berria bisitatu du gaur goizean. Harekin batera, Osakidetzako zuzendari nagusi Juan Luis Diego eta Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESIko zuzendari kudeatzaile Santiago Rabanal ere izan dira.

Hemodinamikako gela berriak 2019ko urtarriletik aurrera funtzionatuko du, eta aurreko ekipamendua ordeztuko du. Horrela, gaixotasun kardiobaskularrak azken aurrerapenekin diagnostikatu eta tratatzeko azken belaunaldiko eta gama altuko ekipamendu berria errendimendu osoz izango du ospitaleak. 

Erradiodiagnostikoko ekipamenduak oso kalitate handiko irudiak hartzen ditu gaur egun posible den erradiazio-dosi txikiena erabilita. Horrek, bada, eragina du pazienteen segurtasunean, batik bat sortzetiko kardiopatiak tratatu behar dituzten txikienen segurtasunean. Ildo horretatik, Jon Darpón sailburuak gogorarazi du hobekuntza garrantzitsua dela, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Hemodinamika Atalean jaioberriak (pisu gutxiko prematuroak barne) nahiz laurogeita hamar urtetik gorako pazienteak tratatzen baitira

Azken belaunaldiko ekokardiografia-ekipamendu berri bat ere izango du Hemodinamika Atalak, prozedurak kontrolatu eta monitorizatzeko. Hiru dimentsioko irudiak (3D) hartuko ditu denbora errealean, eta irudi horiek erradiodiagnostikoko ekipamenduak hartutakoekin fusionatu ahalko dira. Horrek, bada, zera ekarriko du: iraupen txikiagoa, erradiazio txikiagoa eta, jakina, segurtasun askoz handiagoa gure pazienteentzat.

Jon Darpón Osasuneko sailburuak nabarmendu duenez, «euskal osasun publikoa apustu irmoa egiten ari da kalitatezko osasun-arreta eskaintzeko eta ekipamenduak eta instalazioak berritzeko; hartara, teknologia zehatzenak eta seguruenak jartzeko Osakidetzako pazienteen eta profesionalen zerbitzura.» 

Osasuneko sailburuak bi gelak bisitatu dituenean egiaztatu ahal izan duen bezala, makina berriak irudi-kalitate gorena eskaintzen dutenez, gardentasun handiagoz ikus daitezke pazienteen lesio arterialak eta, gainera, azken belaunaldiko software bati esker, azterlan mota ezberdinak (OTA eta ekokardiografia, esaterako) gainjarri dakizkioke in vivo eskopia-irudiari, eta, horrela, tratatu beharreko lesioaren «mapa» zehatz bat osatu. Gainera, azken aurrerapen teknologikoei esker, ekipamendu hauek seguruagoak dira; izan ere, aurrekoek baino % 30 erradiazio gutxiago igortzen dute. Ondorioz, pazienteen nahiz profesionalen segurtasuna hobetzen da.

Jon Darpón sailburuaren hitzetan, «Osasun Sailak eta Osakidetzak milioi bat euro baino gehiago inbertitu dute gela honetan. Iaz, Sareko zenbait erakunderen zenbait eskaner berritu ziren. Horrez gain, Galdakao-Usansoloko Ospitaleko Hemodinamika Unitateak berritu dira, baita Basurtuko Unibertsitate Ospitalekoa eta, gaur, Gurutzetakoa ere. 2019an ere jarraituko dugu hobekuntzetarako inbertsioak egiten».

 

Maiz egiten diren diagnostikoak eta esku-hartzeak

Hemodinamika Kardiologiaren azpiespezialitate bat da, eta kardiologia interbentzionistaren larruazalean zeharreko prozedurak egiten ditu bihotz-kateterismoaren bidez; hots, kateterrak sartzen dira patologia koronarioa duten pazienteen iztaiko edo besoko arterien bidez eta, horri esker, kirurgia ireki baten ebakuntza ondorengo konplikazio gutxiago daude eta oneratzeko denbora txikiagoa da. Oro har, halako tratamenduak egiten dituzten pazienteak egunean bertan joan daitezke etxera eta, hori dela eta, bizi-kalitate hobea dute eta azkarrago has daitezke berriro ohiko jardueretan.

Irudien kalitatea hobetzeari esker, zehaztasun handiagoz egin ahal izango dira prozedurak eta akats gutxiago egingo dira horietan. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Hemodinamika Atalean, ia 50.000 kateterismo egin dira abiarazi zenetik. Gaur egun, 1.800 prozedura baino gehiago egiten dira urtean, honako talde hauetan banakatuta:

 

 

Kateterismo diagnostikoak eta terapeutikoak

1.650 paziente ingururi egiten zaie kateterismoa prozedura diagnostiko gisa, patologia kardiakoa dagoen egiaztatzeko eta horren larritasuna zehazteko. Horietatik 900 paziente ingururi angioplastia koronarioa egiten zaie stent baten edo batzuen inplantearekin, kardiopatia iskemikoa (bihotzeko arteriak estutzea edo buxatzea, kolesterola handitzeagatik) tratatzeko. Horren barruan daude miokardio-infartua urgentziaz, eguneko 24 orduetan asteko 7 egunetan, tratatzeko Bihotzez protokoloaren barruan angioplastia primarioa jasotzen duten EAEko 300 biztanleak. Ekipamendu berriak tresna oso erabilgarriak izango ditu prozedura koronarioak planifikatzeko eta erabakimen handiko eta kalitate handiagoko irudiak lortzeko.

Sortzetiko kardiopatiak

Ospitalea erreferentea eta Euskadiko bakarra da sortzetiko kardiopatien tratamenduan. 80 bat prozedura egin zaizkie bihotzeko akatsekin jaio diren Euskadiko eta inguruko erkidegoetako haurrei. Patologia horietako batzuk larruazalean zeharreko esku-hartze «txiki» batekin senda daitezke. Beste batzuetan, diagnostikoari edo tratamendu hibridoari edo kirurgia kardiakoarekin konbinatutakoari laguntzen zaie. Talde honetako pazienteek erradiazio-dosi oso txikiak jasoko dituzte, lehen esan bezala, eta, gainera, irudiak aurretiko OTA (scanner) edo EM (erresonantzia) azterketekin fusionatzeko programak izango dira. Horrela, iraupena eta erradiazioa txikiagoak izango dira, bai eta prozeduretarako behar den kontraste-dosia ere. 

 

Balbula-protesi biologikoa

50 paziente ingururi egiten zaie balbula-protesi biologiko baten larruazalean zeharreko inplantea urtean; alegia, «pazientearen bularra ireki gabe». Hori horrela, murriztu egiten da adineko pertsonaren estenosi aortikoaren tratamenduaren arriskua, kirurgia kardiakokoarekin alderatuta. 2009an hasi ginen erabiltzen teknika hori gure ospitalean, eta, hasiera batean, operatu ezin zitezkeen edo arrisku oso handikoak ziren pazienteentzako baino ez zen. Baina, lortutako emaitza onek erakutsi dute kirurgia-arrisku moderatua duten pazienteentzako ere onuragarria dela. Hori horrela, epe motzean, paziente gehiagok jasoko dute tratamendu hau. Ekipamendu berriak egungo ekipamenduek ez dituzten abantailak dakartza, eta euskarri-tresna aurreratuenak ditu. Horiei esker, bada, segurtasun handiagoz eta kontraste-dosi txikiagoak erabilita egin ahal izango dira prozedurak eta, ondorioz, paziente ahulek edo kontrastearekiko oso sentikorrak direnek giltzurrun-funtzioa narriatzeko arrisku txikiagoa izango dute.

Egiturazko prozedura interbentzionistak

Azken taldea 50 bat pazientek osatzen dute. Haiei egiturazko prozedura interbentzionista izenekoak egiten zaizkie, esaterako, mitraclip-inplantea, gutxiegitasun mitralaren tratamenduan; zulo obal iragazkorra ixtea, iktus kriptogenetikoa izan duten pazienteetan; balbuloplastia mitrala, ihes periprotesikoak ixtea, miokardio-infartu ondorengo BAK ixtea, eta konplexutasun tekniko handiko eta patologia bakanen beste prozedura batzuk, askotan pazienteek oso arrisku handiko kirurgia kardiakoak egin behar izatea saihesten dutenak. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak