Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Idoia Mendiak bulego judizial berria zertan den azaldu du Legebiltzarrean

2011.eko martxoak 02

Idoia Mendia Justizia eta Administrazio sailburua gaur arratsaldean Eusko Legebiltzarrera joan da, Erakunde, Herrizaingo eta Justizia Batzordean agerraldia egitera, Getxoko bulego judizial berria zertan den azaltzeko.

Hasteko, indar politiko guztiek 2001eko maiatzaren 28an iritsi zuten ituna gogorarazi du. Izan ere, Justizia eraberritu beharra zen itun haren gaia, eta han dago jasota gaur martxan jarri den erreformaren nondik norakoa. Gero, legegintza-erreforma guztiak aipatu ditu, eta azken buruan, Instantziako Epaitegien Legea etorriko omen da.

"Gure Justizia eta prozedurak XIX. mendekoak dira; ordenagailuan sartuta ditugu, bai, baina azken batean, gure ohiturak, prozesuak eta funtzionamenduak XIX.ekoak dira", halaxe esan du sailburuak. "Gure demokraziak badu ikasgai potolo bat gerorako utzita, Justiziaren erreforma. Legegintzaren bidean oraindik amaierara iritsi gabe dago, baina iristen denean, lan egiteko kultura erabat irauliko du, eta ez, soilik, justizia-administrazioko funtzionarioentzat, baita aginte judizialarentzat ere; hau da, epaile, fiskal eta idazkarientzat. Denek aldatu beharko dute goitik behera, erdietsi nahi dugun helburua ez delako nolanahikoa, ezinbestekoa izangatik ere".

Mendiak ziurtatu duenez, "herritarrek eskubidea dute justiziari segurtasun juridiko handiagoa esijitzeko, barruko prozedurak berberak izan daitezela epaitegi guztietan, ondo neurtuak, ebaluatuak eta bide jakinekoak; prozedura bakoitzak zenbat iraungo duen jakiteko eskubidea dute; eta ez dadila epaitegi bakoitzaren araberakoa izan."

Eta Getxoko egoera dela-eta, sailburuak hango diseinuaren nondik norakoa gogorarazi du: orain arteko sei epaitegiak aurrerantzean Zuzeneko Laguntza emateko sei Unitate Prozesal izango dira, eta beste zerbitzu bat sortuko da, denek erabiltzeko. Zerbitzu berri horrek bi sekzio izango ditu: exekuziozkoak eta zerbitzu erkide orokorra. Diseinu horren bidez, bi helburu lortu nahi dira, epaien exekuzioa tramitatzeko orduan irizpideak beti berberak izango direla bermatzea, eta tramite horiek egiteko epeak homogeneizatzea; gainera, langileen indarra hobeto erabiliko dugu eta herritarrei hobeto erantzungo diegu.

Mendiak argitu duenez, jaso diren kexa guztien "gehiengo ia erabatekoak" bi motibo ditu: edo eraikinak antolaketa berrira egokitzeko obretan sortzen diren eragozpenak; edo funtzionarioek zeregin berriak betetzen hasi beharra edukitzea, horretan ere bai baitago, derrigor, moldatu beharra. Azpimarratu duenez, horrek ez dakar ez anabasarik ez burokratizaziorik.

Eta, hobeto azaltzeko, adibide bat jarri du: "Ataza edo lan batzuetan, espedientea zerbitzu batetik bestera mugitu beharra egoten da, eta, horretarako, plantilla sinple bat bete beharra daukate. X soil bat jarri behar dute, adierazteko ea exekutatzera doan, edo fotokopietara, edo dena delakora. Baliteke funtzionarioari iruditzea lana burokratizatu egin dela, baina nik neronek, herri honetako Justizia administrazioko arduraduna naizen honek, uste dut horixe dela bermerik onena bidea seguru lotzeko, eta, horrela, bi gauza hauek lortzeko: Izapideak eraginkorrak zenbateraino diren neurtzea eta, hartara, ebaluatzea eta hobetzea; eta, are eta garrantzitsuagoa, Euskadin ez dezagula beste Mariluz kasurik izan, zergatik eta espediente bat paper artean galdu delako".

Sailburuak garbi utzi du bulego judizial berria zabaltzeko lanak ez direla etengo, "Justiziaren modernizazioak ez duelako horretarako betarik". Azpimarratu du "aurrera jarraituko dugula, herritarrek justizia bizkorra, eraginkorra eta modernoa merezi dutelako", eta, aldi berean, argitu du helburua ez dela bulego judizial berria bera, tresna dela baizik, helburu nagusia lortzeko: "justizia moderninatzea, herritarrarengana hurbiltzea, izan ere, justizia, geldoa bada, ez dakit zer izango den, baina justizia ez behintzat".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan