Eu

Arabako Foru Aldundiaren mende dauden liburutegiak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean integratu dira, eta jada 6.575.212 funts eta 978.093 bazkide ditu sareak

2018.eko abenduak 27
  • Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Arabako Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martinez de Lunak gaur goizean sinatu dute akordioa, Ignacio Aldecoa Kultur Etxean.

 

Gasteiz, 2018/12/27          

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatu Igone Martinez de Lunak gaur goizean sinatu dute Arabako Foru Aldundiaren mende dauden liburutegiak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean sartzeko hitzarmena. Akordio honen bidez, Irakurketa Publikoko Sarean beste bost liburutegi eta 308.091 funts berri sartuko dira (guztira, 6.575.212 funtsera iritsiko da). Sare honetako 309 liburutegietako 978.093 bazkideak dira apustu honen onuradun nagusiak, integrazio honek aukera zabalagoak eskainiko baitizkie.

Hitzarmena Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean sinatu da, hain zuzen ere, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean sartuko den liburutegietako bat. Zupiria sailburuak adierazi duenez, hitzarmenak orain dela 13 urte hasitako prozesuari emango dio jarraipena.  “Irakurketaren esparruan zerbitzu publiko integratua eskaintzeko baliabideak ugaltzeko, helburuak partekatzeko eta ahaleginak bateratzeko ekin zitzaion orain dela 13 urte eraikin, herri eta organo kudeatzaile ezberdinetan banatuta zeuden liburutegi-zerbitzuak integratzeko prozesuari. Bilboko, Donostiako eta Santurtziko liburutegiak integratuta amaitu zen, orain urtebete, udal-liburutegietako zerbitzuak integratzeko prozesua. Orain, Arabako Foru Aldundiaren mende dauden liburutegi-zerbitzuak integratuta, baliabideak integratzeko bidean aurrera egiten eta herritarrei zerbitzu hobea eta osoagoa eskaintzen jarraitu ahal izango dugu”, adierazi du.  

Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatu Igone Martinez de Lunaak, bestalde, erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, “XXI. mendeko liburutegiek erabiltzaileei eman behar dizkieten liburutegi-zerbitzuen kostuak lankidetza hori beharrezko egiten du, eta historian zehar euren arteko ezberdintasunak gainditzen lagundu du, informazioa eskuratzeko printzipio demokratikoa ziurtatu ahal izateko. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean integratzeak informazioaren, teknologiaren, kulturaren, hezkuntzaren eta aisialdiaren arloko baliabideak partekatzea ahalbidetuko du”, esan du.  

Hitzarmen honen bidez Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean sartuko dira Ignacio Aldecoa Kultur Etxeko liburutegia eta Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari atxikitako zerbitzuetakoak eta museoetakoak. Liburutegi horietako bazkideetako batzuk orain arte Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko bazkideak ez zirenez, hemendik aurrera bazkideak 959.688 izatetik 978.093 izatera pasatuko dira, eta funtsak, berriz, 6.267.121 izatetik 6.575.212 izatera. Azkenik, hemendik aurrera 304 izan ordez 309 izango dira liburutegiak (sukurtsal moduan zenbatuta, udalerri bakoitzean bat baino gehiago egon daitezke, beraz).

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea batez ere udal-titulartasuneko liburutegiek osatzen dute, nahiz eta zerbitzu horretan integratuta badauden udal-titulartasunekoak ez direnak ere (Eusko Jaurlaritza, Artxibo Historikoa, HABE, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa, Zarauzko Photomuseuma…).

Sarearen funtsetan 1.100.000 izenburu ezberdin daude (6.575.212 funts horietan). Sarean parte-hartzeak abantaila ugari eskaintzen dizkie erabiltzaileei:

  • Erabiltzaile-txartel bakarra eta doakoa izatea liburutegietan banatuta dauden funts guztietarako (liburutegi batean izenburu bat eskuratu ezin bada, beste batera eskatzen da).
  • Katalogo kolektibo bakarra izatea, liburutegi guztietako funts edo bilduma guztietako informazioa biltzen duena.
  • eLibutegira sarbidea izatea, Estatuko liburutegi digital handiena da, eta 16.400 izenburutik gora ditu.

Horrez gainera, Sarean parte hartzeak hainbat abantaila dakartza parte hartzen duten udalerrientzat. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hiru diru-laguntza lerrotara aurkezteko aukera ematen die liburutegi horiei (funtsak erosteko, teknologia berrietarako eta irakurketa sustatzeko jarduerak bultzatzeko), eta, horrez gainera, Jaurlaritzak sustatzen dituen prestakuntza-programetan liburutegi horietako langileek parte har dezakete eta, bestalde, laguntza teknikoa eta mantentze-lanak Eusko Jaurlaritzaren kargura dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak