Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “Onkologikoa eta Osakidetza lotzea minbiziaren aurkako borrokan eta Euskadin pazientearen tratamendua gizatiartzeko bidean beste urrats kualitatibo bat ematea da ”

2018.eko abenduak 27

Lehendakaria izan da gaur hitzarmena sinatzeko ekitaldiaren buruan. Hitzarmen horren bidez urtarrilaren 1etik aurrera Euskadiko osasun-sistema publikoan sartuta geratuko da Onkologikoa, eta horrekin nabarmen hobetuko da Gipuzkoako eta Euskadiko arreta onkologikoa

Kutxa Fundazioaren zuzendari nagusi Ander Aizpuruak azpimarratu du Kutxaren ekarpenaren bidez Ikerketaren eta Garapenaren arloko jarduera mantendu ahal izango dela, eta azken-azkeneko teknologia hornituko zaiola Onkologikoari, orain arte egin duen bezala

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Onkologikoa Fundazioak gaur izenpetu dute Onkologikoa Euskadiko osasun-sistema publikoan sartzeko atxikipen-hitzarmena. Bi erakundeen artean denbora luzean landutako hitzarmenari esker nabarmen hobetuko da 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera Euskadiko arreta onkologikoa.

Hitzarmena sinatzeko ekitaldia gaur goizean egin da Donostian, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru dela, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Osasuneko Sailburu Jon Darpón, Kutxa Fundazioaren Zuzendari nagusi Ander Aizpurua, Osakidetzako Zuzendari nagusi Juan Luis Diego eta Onkologikoko Zuzendari-kudeatzaile Ander Urrutikoetxea ere.

Iñigo Urkullu Lehendakariak bere esku-hartzean esan du Onkologikoa eta Osakidetza lotzea minbiziaren aurkako borrokan garrantzizko beste urrats bat ematea dela, bai eskaintzen den zerbitzuaren kalitateari dagokionez bai pazienteen tratamendu-prozesua gizatiartzeari dagokionez.

Lehendakariak 2018-2023ko Euskadiko Onkologia Planaren esparruan kokatu du akordioa. Plana lurralde osoan arreta integrala, integratua, pertsonalizatua eta koordinatua emateko eredua hedatzen ari da eta arreta onkologikoan inplikatuta dauden antolakunde eta baliabide guztien artean sarean jardutea barne hartzen du, helburu bikoitz batekin: hilkortasuna murriztea eta bizi-kalitatea hobetzea.  

Lehendakariaren ustez, Osakidetzaren eta Onkologikoaren arteko sinbiosiak nabarmen hobetuko du pazienteen arreta, bertako profesionalen giza kapital itzela batuko denez, eta Gipuzkoako lurralde osorako sortuko den ospitale onkologikoa erreferente bihurtuko da bai asistentziaren ikuspegitik bai ikerketa onkologikoaren esparruaren ere.

Bestalde, Fundación Onkologikoa Fundazioaren Zuzendari nagusi Ander Aizpuruak azpimarratu du Onkologikoa erreferentzia dela minbiziaren aurkako tratamenduan, bertan lan egin duten eta lan egiten duten pertsona guztien ahaleginari eta ardurari eta Kutxaren laguntza ekonomikoari esker, laguntza horrek ahalbidetu duen aldetik beti azken-azkeneko teknologikoa izatea jatorri onkologikoa duten gaixotasunen prebentzioaren, diagnostikoaren eta tratamenduaren arloan bere jarduera garatzeko.

Aurrerantzean ere Onkologikoa Kutxaren gizarte-ekintzaren oinarrizko elementuetako bat izango da, eta kontuan hartuta azken urteotan Fundación Onkologikoa Fundazioaren jardueraren zutarri nagusietako bat izan dela gaixotasun onkologikoen esparrura bideratutako biomedikuntzaren arloko oinarrizko ikerketa zientifiko aplikatua, Kutxaren ekarpenari esker mantendu ahal izango da Ikerketaren eta Garapenaren arloko jarduera hori. 

 ZERBITZU BAKARRA

Osasuneko Sailburu Jon Darpónek eta Kutxa Fundazioaren Zuzendari nagusi Ander Aizpuruak gaur izenpetu duten hitzarmenean ezartzen da, Osakidetzako osasun-zerbitzuekin integratutako funtzionamendua lortu ahal izateko, Osasun Sailak eta Osakidetzak planifikazioari dagokionez hartzen dituzten erabakietara egokituko dituela bere jarduerak Onkologikoa osasun-zentroak.  

Alde horretatik, akordioan ezartzen da zuzendaritza-organo erkideak eta praktika kliniko integratuaren ereduan oinarritutako Kudeaketa Klinikoko Unitate partekatua eratuko direla, eta unitate horretako jarduerak arautuko dituzten printzipioak autonomia, eraginkortasuna, efizientzia eta zerbitzuen kalitatea izango dira.

Era horretara, ziurtatuko da Gipuzkoako pazienteek asistentzia berbera jasotzea edozein izanik ere arreta ematen dien zentroa, zerbitzuen kartera berbera eta zerbitzuetara sartzeko zerrenda bakarra izango baitira.

Hitzarmenean ezarritako integrazioa funtzionala da, eta Onkologikoa Fundazioak Onkologikoa osasun-zentroaren instalazioen nahiz bertako langileen lan-harremanen titulartasuna mantenduko ditu.

Gaur izenpetutako hitzarmena hiru urtez egongo da indarrean, eta Eusko Jaurlaritzak 2019ko ekitaldirako 23.785.000 euroko ekarpena egingo du.  

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak