Eu

Gobernu Kontseiluak atzerritar adingabeak aldi baterako lekualdatzeko programa humanitarioak arautzeko dekretua onetsi du (Gobernu Bilera 2018-12-26)

2018.eko abenduak 26

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak onartu egin du Euskal Autonomia Erkidegora atzerritar adingabeak aldi baterako lekualdatzea helburu duten programa humanitarioei buruzko dekretu-proiektua.

Dekretu horren bidez, atzerritar adingabeak Euskadira aldi baterako lekualdatzea helburu duten programek bete beharreko eskakizun eta baldintzez gainera, programa xede horiek betetzeko egokia den ala ez ebaluatzeko eta egiaztatzeko jarraitu beharreko jarduketa-prozedura ere arautuko da.

Zehazki, helburua da ahalik eta segurtasun juridiko handiena ematea, programa horren esparruan Euskadira lekualdatzen diren atzerritar adingabeei eta beren familiei, eta umeek edo nerabeek beren jaioterriarekin eta beren familiarekin duten harremanari eta loturari eutsi eta hura mantentzen dela bermatzea.

Beatriz Artolazabalen hitzen arabera: “dekretuak atzerritar adingabeak aldi baterako lekualdatzeko programa humanitarioek bete behar dituzten eskakizun teknikoak zehazten ditu; horiek aldatu egingo dira, lekualdatzearen bidez lortu nahi diren xedeen arabera. Era berean, horiek egoki garatzeko beharrezko izan daitezkeen baldintzak ezartzen ditu. Hori guztia, programa horietan parte hartzen duten atzerritar adingabeen interes nagusia eta beren eskubideen babesa bermatzeko”.

Arauzko testu bakarra da, eta aplikagarria izango da autonomia-erkidegoko lurralde osorako; atzerritar adingabeak aldi baterako lekualdatzeko programa humanitarioek aplikagarri izango duten oinarrizko araudi-esparrua eta komuna ezarriko du. Foru-aldundiek hura betearazteko eskumena dute; beraz, eskumena dute, aldi berean, jarduteko prozedura orokorra garatzeko eta hura horietako bakoitzaren antolaketara egokitzeko, foru-autonomiaren printzipioari jarraikiz.

5 kapitulu

Dekretua honela egituratzen da: bost kapitulu, xedapen iragankor bat, xedapen gehigarri bat eta azken xedapen bat.

I. kapituluak atzerritar adingabeak EAEra aldi baterako lekualdatzeko programak arautuko dituzten xedapen orokorrak jaso ditu, bai eta foru-aldundiek bete beharreko jarduketa-prozedura ere.

II. kapituluak atzerritar adingabeak aldi baterako lekualdatzeko programak zehazten ditu, eta horietako bakoitzak bete nahi duen xedea lortzeko bete behar dituen eskakizun teknikoak ezartzen ditu.

III. kapituluak aldi baterako lekualdatzeen programak garatzeko behar diren baldintzak zehazten ditu eta, zehazki, honako alderdi hauei buruzkoak: programetan parte hartzen duten atzerritar adingabeei laguntza ematea; atzerritar adingabeen beraien egonaldia Euskadin, dela aldi baterako beraiek zaintzeko eginkizuna duten pertsonekin edo familiekin batera, dela bizitegi-ostatu kolektiboetan; edo aldi baterako zaintza-eginkizunak beren gainean hartuko dituzten pertsonak.

IV. kapituluak adingabeak aldi baterako gure autonomia-erkidegora lekualdatzeko programa garatzea egokia den ala desegokia den adierazteko txostena emateko foru-aldundiek bete behar duten jarduketa-prozeduraren oinarrizko arauketa jaso du; eta, nolanahi ere, aldi baterako lekualdatze-programa eskakizun teknikoetara eta ezarritako baldintzetara egokitzen dela izan beharko du gogoan.

V. kapituluak aldi baterako lekualdatze-programaren sustatzaileen betebeharrak arautzen ditu, besteak beste: prestakuntza, lekualdatutako atzerritar adingabeen segimendua, aldi baterako lekualdatze-programak izan duen garapenaren eta bilakaeraren amaierako azalpen-memoria prestatzea, eta aldi baterako lekualdatze-programaren pertsona fisiko edo juridiko sustatzaileek foru-aldundiei dagokienez beren gain hartzen dituzten betebeharrak.

Xedapen gehigarria lekualdatze-programetan parte hartzen duten adingabeen datu pertsonalak jaso, tratatu eta lagatzeari buruzkoa da. Eta xedapen iragankorrak honako hauei buruzkoak: izapidetzen ari diren eskabideei eta dagoeneko hasita dauden programei aplikagarri zaien araudia eta oporraldiak edo eskolatzea egitea helburu duten aldi baterako lekualdatzeetarako programa humanitarioetan behar den gutxieneko adina. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko