Berriak Segurtasuna
Eu

Euskadiko gorroto delituei buruzko urteko txostena eta Europarekin alderatzeko analisia egiteko lankidetza hitzarmena onartu da (Gobernu Bilera 2018-12-26)

2018.eko abenduak 26

Eusko Jaurlaritzak, Segurtasun Sailak eskatuta, gaur goizean onartu du Segurtasun Sailaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza hitzarmena, UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren bidez, Euskadiko gorroto-delituei buruzko urteko txostena eta Europarekin alderatzeko analisia egiteko.

Hitzarmenaren helburua da, Ertzaintzaren bidez, Segurtasunaren Sailaren eta UPV/EHUko Giza Eskubideen Katedraren artean lankidetzan jarduteko prozedura ezartzea, gorroto-delituei buruzko Euskadirako txosten espezifiko bat eta Europako gai honen inguruko errealitatearekin alderatzeko analisia egitea bultzatzeko.

Txostenaren xedea izango da epe erdira eta luzera kriminalitate-mota hori hobeto ezagutu eta prebenitu ahal izateko, eta eraginkortasunez desagerrarazi ahal izateko, tresna izatea.

Horrez gainera, tresna horrekin erraztu egingo da eragile juridikoekiko koordinazioa, eta, bide batez, lagungarria izango da gorroto-delituekin egiten den lanaren esperientzia nazioartera helarazteko. Aparteko interesa dago Euskadiko errealitatea Europakoarekin alderatzeko.

Gobernu Bilerak gaur onartutako hitzarmen honen bidez, Segurtasun Sailak Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren esku jarriko ditu bere fitxategi informatikoetako datu egituratuak, eta Katedrak, datu horietan oinarrituta, txostena egiten laguntzeko ezagutza tekniko eta juridikoa eskainiko du, bai eta Europarekin alderatzeko analisia egiteko lan-ikuspegia ere.

Ez da Segurtasun Sailak UPV/EHUrekin batera halako txosten bat egiten duen lehenbiziko aldia. Berez, aurtengo ekainean bertan aurkeztu zuten Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eta Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren zuzendari Jon Mirena Landak Euskadin erregistratutako gorroto-gertakariei buruzko azterlan bat.

Gaur onartutako hitzarmenarekin beste urrats bat ematen da gorroto-gertakarien inguruko lankidetza, prestakuntza eta datuen bilketa eta analisia hobetzeko bidean.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko