Eu

Lanbidek 15,4 milioi euro bideratu ditu 2019aren eta 2021aren artean lanbide-orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko laguntzetara (Gobernu Bilera 2018-12-26)

2018.eko abenduak 26

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak gaurko Gobernu Kontseiluari Lanbide-orientazioaren Administrazio Kontseiluaren akordioaren berri eman dio; horren bidez, onetsi egiten da, Lanbiderekin lankidetzan, lanbide-orientazioko ekintza eta zerbitzuak garatzeko 2019-2021eko laguntzen deialdia. Lanbidek 15.382.080 euro bideratuko ditu.

Artolazabal sailburuak esan bezala: “lanbide-orientazioa Lanbidek eta Eusko Jaurlaritzak enplegu-politika aktiboen zerbitzuen alde egiten duten apustuetako bat da. Zerbitzu integral horren helburuak honako hauek dira: informazioa ematea, banako egoeraren diagnostikoa egitea, aholkularitza ematea, motibatzea eta lan-trantsizioetan laguntzea. Xede du erabiltzaileei beren enplegagarritasuna hobetzen laguntzea, beren lanbide-karrera sustatzea eta beren kontratazioari bide ematea edo autoenplegura orientatzea”.

Honako jarduera hauek nabarmentzen dira, besteak beste: banako diagnostikoa egitea eta erabiltzailearen profila prestatzea, trebetasunak, gaitasunak, prestakuntza, esperientzia, interesak eta izan ditzakeen lanbide-aukerak identifikatzeko, bai eta enpleguaren ibilbide pertsonalizatua diseinatzea ere; bertan, enplegu-zerbitzu publikoak enplegu-eskatzaileari bere beharren, errekerimenduen eta duen helburuaren arabera eskaintzen dizkion ekintzak eta zerbitzuak jasoko dira.

Artolazabalek honako hau zehaztu du: “enpleguan gorakada egon bada ere eta ekonomia aldakorra bada ere, Lanbidek langabeei, enplegua bilatzeko orduan, eta beren lan-egoera aldatu edo hobetu nahi dutenei laguntza ematea ezinbestekoa da; horretarako, informazio- eta enplegagarritasun-maila hobetu ahal izateko tresnak eta metodologiak ematen dizkie eta, horrela, dinamizatu ahala lan-merkatura sartu ahalko dira”.

Horretarako, Lanbidek erakunde laguntzaileen sare bat du, eta horien bidez lanbide-orientazioko zerbitzu eta ekintzen eskaintza egonkorrari eta jarraituari eutsi dakioke. Hortik sortu da deialdi hau.

Hiru ildo

Deialdi horrek aurreikusten du 2019an laguntza ekonomikoak ematea, 2019-2021 aldian orientazioko ekintza eta zerbitzuak emateko. Ekintza horiek kanpo-erakundeek egingo dituzte, Lanbiderekin elkarlanean, eta diru-laguntzen hiru ildo zehaztu dira, laguntza ekonomikoak banatzeko.

  1. Lanbide-orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko laguntzak, oro har Lanbideko erabiltzaileei zuzenduta.
  2. Lanbide-orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko laguntzak, desabantailan dauden kolektiboetako pertsonei zuzenduta.
  1. Enplegu-zentroetako jarduera garatzeko laguntzak. 
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko