Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak 470 milioi euro bideratuko ditu Gizarte Babeseko Euskal Sistemara.

2018.eko abenduak 26

Gobernu Kontseiluak, gaur, abenduak 26, urteko azken bilera egin du. Bertan, suspertze ekonomikoari, enpleguaren sorrerari eta gizarte-babesari lotutako erabakiak hartu ditu. Josu Erkoreka bozeramailearen esanetan, aipatutakoak “Gobernu Programaren esparru nagusietako hiru” dira. Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan, Erkorekak jakinarazi du Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitza Prestazio Osagarria finantzatzeko 470 milioi euroko gastua onartu dela. Bestalde, urtarrilaren 1ean Lanbide Orientazioko Programa jarriko da abian 15,3 milioi euroko zuzkidura ekonomikoarekin. Gaurko bileran, Finantzen Euskal Institutua indartzeko finantza-operazioa baimendu du Jaurlaritzak.

Gobernu Kontseiluak, guztira, 470 milioi euroko gastua onartu du 2019an Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren eta Etxebizitza Prestazio Osagarriaren beharrei erantzuteko. Jaurlaritzak espediente bana onartzeko aurreratzea erabaki du, era horretan, Lanbidek 2019ko urtarriletik hasita prestazioen hileko ordainketa bermatzeko. 470 milioi euro horien bitartez, gastu oinarrizkoenei aurre egiteko nahikoa diru-sarrera ez dituzten 55.600 familiek laguntzak jaso ahal izango dituzte. Oinarrizko diru-sarera horiek jasoko ez balute, gizarte-bazterketa egoeran egongo liratekeen pertsonak dira. Jaurlaritzak gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errenta bermatzen die, baita alokairua edo bizilekua finantzatzeko laguntza ere.

Eusko Jaurlaritzak gaurko bileran ere “Lanbide Orientazioko Programa” onartu du. Programa hori “Enplegurako Politika Aktiboak” kudeatzeko erabiltzen ditugun tresna nagusietako bat da. 15,3 milioi euro dira “lana bilatzen ari diren pertsonei laguntzeko zerbitzu pertsonalizatu eta integral bat finantzatzeko”, azaldu du Josu Erkoreka bozeramaileak. Programa honen bitartez, pertsonek informazioa eta aholkuak jasotzen dituzte, egoera bakoitzaren diagnostikoa egiten da eta pertsona horiei babesa ematen zaie beste enplegu bat aurkitzen duten arte.

Gobernu Kontseiluak Finantzen Euskal Institutua indartzeko finantza-operazio bat onartu du. Hala, institutu horren ondareak 36,1 milioi euro jasoko ditu Ekarpen, Elkargi, Luzaro, eta SOCADE —Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietatea— erakundeen partizipazioen bitartez. Josu Erkorekak esan du “gaur hartutako erabakiaren bitartez, gure finantza-tresna nagusietako bat indartzen eta sendotzen dugula”.

Prentsa dossierra

Gai ordena

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @joseba_urrutia
    2018.eko abenduak 27

    Comentario de Twitter:
    Irekia - El Gobierno Vasco destina 470 millones de euros al Sistema Vasco de Protección Social https://t.co/qEAve08SG9

Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)