Eu

Eusko Jaurlaritzak eutsi egiten die 2018rako eta 2019rako hazkunde eta enplegu aurreikuspenei

2018.eko abenduak 20

Ogasun eta Ekonomia Sailak, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzaren bitartez, 2018ko hirugarren hiruhilekoari dagokion Hiru hilabetez behingo Txostena argitaratu du. Bertan jasotzen denez, hirugarren hiruhileko horretan euskal ekonomiak izan duen moteltzea aurreikusitakoa baino hamarren bat handiagoa izan den arren –%2,6ko hazkundea, %2,7koa izan beharrean– BPGren eta enpleguaren hazkunde aurreikuspenei eusten zaie 2018rako eta 2019rako. Horrela, ekitaldi horietan, BPGren hazkundea %2,8koa eta %2,3koa izango da; eta enpleguarena, berriz, %2koa eta %1,4koa, hurrenez hurren. Horrek, 19.000 eta 13.500 lanpostu sortzea eragingo du, hurrenez hurren.

Txostena Sailaren webgunean dago ikusgai: http://www.euskadi.eus

2018ko hirugarren hiruhilekoan, euskal ekonomiak jarraipena eman zion aurreko hiruhilekoan hasitako moteltze leunari, eta BPGren %2,6ko hazkundea erakutsi zuen, aurreko balioa baino hiru hamarren txikiagoa. Moteltze hori ez da euskal ekonomian soilik ikusten, inguruko herrialde gehienetan ere eman da. Horrela, Europar Batasunak (%1,8) zortzi hamarren galdu ditu 2017ko amaieratik, euroguneak (%1,6) puntu bat eta hamarren bat, Espainiako ekonomiak (%2,5) sei hamarren, eta Frantziak (%1,4) eta Alemaniak (%1,2) puntu bat baino gehiago moteldu dute euren aurrerapen maila.

Euskal ekonomiaren egungo moderazioaren hasiera kanpoko sektorearen eskutik etorri zen, bi hamarren kendu baitzizkion BPGren hazkundeari. Hala ere, hirugarren hiruhilekoan kanpoko sektoreak profil neutroa erakutsi zuen. Hori dela eta, hazkunde txikiagoaren hiru hamarren horiek, barne eskariaren tonu galeraren ondorio izan ziren.

Horrela, esportazioek eta inportazioek moteldu egin zuten hazkundea  (%2,2 eta %2,1, hurrenez hurren), kanpoko ingurune ez hain dinamikoaren eta merkataritza arloko tentsioen aurrean sortutako arduraren eraginez.

2018ko lehen erdialdeko barne eskariak aurrerapen eutsiagoa erakutsi zuen, %2,5ekoa. Egitura horretako bi osagai nagusiek urte arteko tasa murriztu zuten hirugarren hiruhilekoan, kapital eraketa gordinaren bilakaerak oraindik ere dinamismo handia erakusten duen arren. Zehatzago esanez, osagarri horrek %4,0 garrantzitsua egin zuen gora epealdi horretan, aurreko hiruhilekoan baino zortzi hamarren gutxiago, baina 2017an baino nabarmen gehiago. Talde ondasunetan egindako inbertsioan tonu galera hautematen da (%2,9), baina inbertsioaren gainerakoak erakusten duen gero eta indar handiagoarekin konpentsatzen da, eraikuntzaren bultzadari esker. 

Azken kontsumoan ematen den gastuari dagokionez, administrazio publikoen (%1,2) eta familien (%2,3) kontsumoari, hain zuzen ere, euren bariazio tasak moteldu egin zituzten. Azken kasu horretan, krisialdian atzeratu egin zen produktu iraunkorren erosketa dagoeneko egin dela dirudi eta, ondorioz, kontsumoa gastu ahalmenera egokitzen ari da. Portaera hori, bateragarria da aurreko urteetan metatutako zorraren murrizketarekin.

Sektoreen balio erantsiaren bilakaerak erakusten duenez, alde batetik, industriak ezustea eman zuen, bere erritmoan moteltze garrantzitsua jasan baitzuen, %3,0tik gorako tasetatik %1,9ra, enpresa handi batzuen egoeraren ondorioz, baina baita, ingurune ekonomikoari eta merkataritza trukaketei buruz sortu diren zalantzen ondorioz ere.

Eraikuntzak, berriz, bere erritmoa %4,8raino azkartu zuen. Bukatzeko, zerbitzuek egonkortasun itxura eman zuten, eta euren balio erantsia %2,7 hobetu zuten, 2016ko eta 2017ko emaitzekin bat etorriz.

Dena den, moteltze leuna hautematen da, alde batetik, merkataritza, ostalaritza eta garraio alorretan (%2,5), eta bestetik, administrazio publiko, osasun eta gizarte zerbitzuetan (%2,1), baina hori gainerako zerbitzuen dinamismo handiagoarekin (%3,2) konpentsatzen da.

Ohikoa denez, enpleguak BPGren aldaketei ematen dien erantzuna atzerapen txikiarekin ari da gertatzen. Horrela, enpleguak hirugarren hiruhilekoan izan zuen hazkundea urte arteko %2,0koa izan zen, aurreko hiruhilekokoa eta 2017ko batez bestekoa baino hamarren bat gutxiago bakarrik. Tasa horrek erakusten duenez, azken urtean euskal ekonomiak jardunaldi osoko 18.500 lanpostu garbi sortu ditu eta, horri esker, 960.000 lanpostuetatik gertu dago. Horien artetik gehienak zerbitzuetan (%1,9) kontzentratzen dira, baina industriak (%1,8) eta eraikuntzak (%3,8) ere izan dute zerikusia enpleguaren igoera horretan.

Pixkanaka, jarduera ekonomikoaren dinamismoa prezioetan ari da islatzen. Horrela, BPGren deflaktoreak %1,3 egin zuen gora hirugarren hiruhilekoan, oraindik ere txikia den arren, azken zazpi urteetako altuena den balioa. Beste alde batetik, kontsumorako prezioak %2,0 baino pixka bat gehiago garestitu ziren azken hilabeteetan, energiaren osagarriak baldintzatuta, azaroan %1,5era moteldu ziren arren.

Horrez gain, azpiko inflazioa %0,9an egon zen hilabete horretan, %2,0ko helburutik urrun. Amaitzeko, urteko azken hilabete honetan BPGa hamarren batzuk moteltzea aurreikus daiteke, nazioarteko merkatuetan petrolioaren prezioak izan duen beherakadaren ondorioz.

 

 

Vitoria-Gasteizen, 2018ko abenduaren 20an

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @IkaslanBizkaia
    2018.eko abenduak 20

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: El Gobierno Vasco mantiene las previsiones de crecimiento y empleo para 2018 y 2019 ➡ https://t.co/huXM4XAZIU

  • @Gob_eus
    2018.eko abenduak 20

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritzak eutsi egiten die 2018rako eta 2019rako hazkunde eta enplegu aurreikuspenei ➡ https://t.co/tx9xGdBNFC

  • @Gob_eus
    2018.eko abenduak 20

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco mantiene las previsiones de crecimiento y empleo para 2018 y 2019 ➡ https://t.co/INbjxcrmDJ

Ekitaldiko kargudunak