Eu

Arrakastaz amaitu da Eusko Jaurlaritzako Kzgunea sareak sustatutako “ConectaJoven” esperientzia pilotua

2018.eko abenduak 20
  • Guztira 61 gaztek eta 104 helduk parte hartu dute Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren eta Hezkuntza Sailaren artean, eta Gasteizko Udalaren laguntzaz, sustatutako proiektuan

Eusko Jaurlaritzako Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuorde Nerea López-Uribarrik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendari Xabier Arrietak, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteko (EJIE) zuzendari nagusi Alex Etxeberriak eta Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendari Eugenio Jiménezek parte hartu dute gaur “ConectaJoven” proiektuari amaiera emateko ekitaldian.  

Esperientzia pilotu honen helburua zen IKTak (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) pertsona helduei hurbiltzea eta arrakala digitala gainditzen laguntzea. Eusko Jaurlaritzak Euskadin herritartasun digitalaren bultzada sustatzeko sortutako Kzgunea telezentroen sareak antolatutako ekimenak arrakastaz gainditu ditu fase guztiak.

Guztira, Vitoria-Gasteizko 5 ikastetxetako (IES Federico Baraibar BHI; IPI Sansomendi; IES Los Herrán BHI.; CIP Samaniego IPI; IES Mendebaldea BHI) 15 urtetik 19 urtera bitarteko 61 gaztek eta 104 helduk parte hartu dute belaunaldien arteko tailerretan. Parte-hartzaileak gehienez 12 pertsonako taldetan banatu ziren (3 gazte eta sei heldu), eta arrakala digitala gainditzeko jarduera ezberdinak egin zituzten. Prozesua KzGuneetan garatu da, eta prozesu osoan izan dute taldeek bertako hezitzaileen laguntza. Jarduerak Vitoria-Gasteizko Hegoalde, Iparralde eta Lakuako gizarte-etxeetan dauden hiru Kzguneetan egin dira.

Proiektuak hiru fase izan ditu:

  • Lehenengoan, gero helduei transmititu behar zietena ikasi zuten gazteek.
  • Bigarren fasean belaunaldien arteko tailerrak egin ziren. Gazteek berehalako mezularitzako WhatsApp mugikorreko aplikazioa erabiltzen erakutsi zieten tailerrean parte hartu zuten pertsona helduei.
  • Hirugarren fasean, azkenekoan, diplomak banatu dizkiete programan parte hartu duten gazte eta heldu guztiei, kasu batzuetan hezten lagundu dutela egiaztatzeko eta, beste kasu batzuetan, tailerrean elkarreraginean jardun dutela egiaztatzeko.

Proiektuak iraun duen bitartean, ate irekien bi jardunaldi ere egin dira EJIE-Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearen egoitzan. Los Herrán eta Mendebaldea ikastetxeek parte hartu dute ate irekien jardunaldi horietan. Bertan, ikasleek Emakunderen eskutik, berdintasunari buruz hausnartu eta Gauzen Internet eta Errealitate Birtualaren gaineko bi hitzaldi izan zituzten. Horrez gain, EJIEren Datuen Prozesurako  Zentroa bisitatu zuten.

Amaiera ekitaldia gaur goizean egin da Vitoria-Gasteizko Elizbarrutiko Seminarioko Areto Nagusian. Bertan parte hartu dute Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuorde Nerea López-Uribarrik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendari Xabier Arrietak eta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearen (EJIE) zuzendari nagusi Alex Etxeberriak.

“CONECTAJOVEN”

“ConectaJoven” Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren eta Hezkuntza Sailaren artean abian jarritako esperientzia da, eta Vitoria-Gasteizko Udalaren laguntza izan du. Aurtengo udazkenean garatutako proiektua aintzindaria izan da, eta belaunaldien arteko esperientzia hezitzaile eta sozial interesgarria izan da. Ekimenaren helburuak ziren gazteek helduen konpetentzia digitalak hobetzeko prestakuntza-jardueretan parte hartzea, helduek arrakala digitala gainditzen dutela bermatzea, IKTak (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) probetxuz erabiltzea eta teknologia arduraz erabiltzea.  

KZGUNEA SAREA

Kzgunea sarea 2001ean sortu zen, herritarrei IKTak (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) hurbiltzeko eta herritarrak horien erabileran gaitzeko. Urte hauetan, herritarren eta teknologia berrien artean sortu den arrakala digitala gainditzen lagundu du, betiere gizartearen gaitasun digitalak sustatzen dituzten zerbitzuak emateko eta, horrela, Eusko Jaurlaritzak dituen eta Agenda Digital Euskadi 2020. proiektu estrategikoan jaso diren helburuak bultzatzeko helburu nagusia aintzat hartuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak