Berriak Segurtasuna
Eu

Bost ponentziaren eta mahai-inguru baten bidez azaldu da Ertzaintzak gutxiengo etnikoekin egiten duen lana

2018.eko abenduak 19
  • Segurtasun Sailak, Ertzaintzak eta Open Society Fundazioak jardunaldi bat antolatu dute Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian

Gorroto-delituak, komunitate musulmanarekin lankidetza, giza salerosketa, prebentzioa komunikazioaren bidez lantzea eta Ertzaintzak gutxiengo etnikoen esparruan egiten duen lanaren oinarrian dauden Europako zuzentarauak izan dira Segurtasun Sailak, Ertzaintzak eta Open Society Fundazioak antolatuta eta Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak inauguratuta, ‘Ertzaintza eta gutxiengo etnikoak: harremana, lankidetza eta inklusioa' jardunaldian gaur azaldu diren ponentzien gaiak. Gao Lacho Drom elkartearen, Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearen, ‘Bidaya’ Emakume Musulmanen Elkartearen, Askabide eta Gehitu elkarteen eta Gurutze Gorriaren ordezkariek mahai-inguru batean azaldu dute Ertzaintzarekin izandako esperientzia eta harremana.

Harremana, lankidetza eta inklusioa dira Ertzaintzak gutxiengo etnikoekin egiten duen lanaren giltzak. Lan horren berri gaur goizean eman dute Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian bost ponentziaren bidez.

Idazkaritza Nagusiko Herritarren Eskubideak Ataleko buru Aitor Larrea komisariordea arduratu da lehenengo ponentziaren bidez Ertzaintzak gorroto-delituen arloan egiten duen lana azaltzeaz. “Ertzaintza, gorroto-delituen kudeaketaren erronkak eta aurrekarien laburpena” izenburupean egin duen esku-hartzean, Larreak “gorroto-gertakaria” kontzeptua, barne-araudia, prestakuntza, sentsibilizazioa, datuen bilketa, erreminta estatistikoa eta Ertzaintzak arlo horretan egiten duen analisia azaldu ditu bata bestearen atzetik.

Bigarren ponentziaren izenburua “Komunitate musulmanaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza” izan da, eta Inteligentzia Bulego Nagusiko Aitor Mugikak Ados Batzordearen nahiz Elkarbizitza Helburu programaren baitan Ertzaintzak eta komunitate musulmanak duten harremanaren berri eman du. Programa horren esparruan egiten ditu Ertzaintzak meskitera bisitak, erradikalizazioaren aurkako gela iraunkorra eta Euskal Bilgune Islamiarraren bidez egiten diren prebentzio-lanak.

Hirugarren azalpenean, “Giza salerosketaren aurkako Plan Estrategikoa” azaldu du Ikerketako Arabako lurralde-buru Iñaki Arteagak, eta delitu hori saihesteko eta eragozteko lanean ari diren elkarteekin, GKEekin eta erakundeekin dituzten harremanen berri eman du.

Bestalde, Idazkaritza Nagusiko Prestakuntza eta Baliabideak Ataleko buru Txema Delgado komisariordeak “Prebentzioa komunikazioaren bidez landuz” programa zehaztu du laugarren ponentzian. Dibulgazioko segurtasun-programa honen bidez Ertzaintza hainbat kolektiborekin harremanetan jartzen da prebentzioaren arloan lankidetzan jarduteko, eta Segurtasun Sailak izenpetutako lankidetza-akordioen bitartez herritarren komunitate eta sektore ezberdinetan segurtasun-portaerak sustatzea da helburua. Jarduera horren baitan era askotako mezuak baliatzen dira fenomeno jakinei aurrea hartzeko (Interneteko delituak, eskola-jazarpena, iruzurrak, eta abar). Iazko ikasturtean 37.709 pertsonarengana iritsi zen programa.

Bosgarren ponentzian Ertzaintzak gutxiengo etnikoen arloan egiten duen lana funtsatzen duten Europako zuzentarauak eta araudia azaldu ditu Ikerketa Batzorde Teknikoaren buru Iñaki Villacián komisariordeak.

Bilboko Ertzain-etxeko Informazio Zentroaren buru Patricia Martínez de Musituren ardura izan da Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondok itxi duen jardunaldiaren lehenengo zatia bideratzea.

Atseden hartzeko ordu erdiko tartetxo baten ondoren mahai-inguru bat egin da “Gutxiengo etnikoek Ertzaintzarekiko harremanaz duten ikuspegia eta balorazioa” izenburupean, eta Estibaliz Ruiz de Azúa aurkezleak egin ditu moderatzaile-lanak.

Gao Lacho Drom ijitoen elkarteko Pascual Borja, Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteko Tamara Clavería, ‘Bidaya’ Emakume Musulmanen Elkarteko Hajar Samadi, Askabide Elkartea, María Angeles Ruiz, Gehitu elkarteko Jesús Estomba eta Gurutze Gorriko Nahia Díaz de Corcuera izan dira mahai-inguruan parte hartu dutenak, eta egiten den lanaren berri eman dute eta kolektiboen ikuspegia eta balorazioak adierazi dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak