Eu

Azpiazu sailburua Umeen Gabonetako Parkea, UGP inaugurazio-ekitaldiaren buru izango da

2018.eko abenduak 19

 

 

PEDRO AZPIAZU SAILBURUAK INAUGURATU DU BEC-EKO UMEEN GABONETAKO PARKEA, ETA KONTZERTU EKONOMIKOA AZALTZEKO BIDEO-JOKOA AURKEZTU DU EUSKO JAURLARITZAREN STANDEAN

 

  • Pedro Azpiazuk inauguratu du PIN 2018 Umeen Gabonetako Parkea; bertan, Eusko Jaurlaritzak 18 jolas-postuko espazioa eskaintzen du, 8 urte baino gehiagoko neska-mutilek “KonEko-V” bideo-jokoarekin ondo pasatzeko
  •  “KonEko-V” bideo-jokoaren bidez, Kontzertu Ekonomikoaren garrantzia eta erabilgarritasuna modu atseginean ezagutarazi nahi da, baita Euskadiko erakunde-arkitekturaren funtzionamendua ere
  •  “KonEko-V” doako bideo-jokoa gaurtik dago eskuragarri Google Play Store plataforman, Androiderako, eta App Store plataforman, Apple-rako

 

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuak, gaur goizean inauguratu du BECeko Umeen Gabonetako Parkea. Aurten, Eusko Jaurlaritzaren standean, Kontzertu Ekonomikoari buruzko lehen bideo-jokoaz, “KonEko-V”, gozatzeko aukera izango da, Kontzertu Ekonomikoaren 140. urteurrenean.

Eusko Jaurlaritzaren standak (10 x 10 metro) 18 jolas-postu eskaintzen ditu  hirunaka antolatuta, soropil artifizialeko gainazal batean kokatutako 6 hodi-mahaitan.

Eusko Jaurlaritzak BECeko Umeen Gabonetako Parkean duen standean aurkeztearekin batera, jokoa eskuragarri dago Google Play Store eta App Store plataformetan, Android edo Apple gailuetan dohainik deskargatzeko.

Peio eta Nerea jokoaren protagonisten laguntzarekin, 8 urtetik gorako neska-mutilak modu dibertigarrian eta atseginean hurbilduko dira euskal finantzaketa-sistemara.

Jokoan, txikienek KonEko-V taldeko kideei, Nereari eta Peiori, lagunduko diete pantailan agertzen diren txanponak haien motxilan gordetzen eta, gero, txanpon horiek behar bezala banatzen Udalek, Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak herritarrei eskaintzen dieten zerbitzu nagusiekin konektatzen diren hodietan. Hartara, eta oso modu didaktikoan, baina beti jolas-ingurune baten barruan, erakunde-mailekin ohitzen hasiko dira haurrak.

2018ko lehen seihilekoan zenbait ekintza garatu da Kontzertu Ekonomikoa euskal herritarren artean ezagutarazteko eta herritarrek kontzertu ekonomikoak gizartean duen erabilgarritasuna jakiteko.

Kontzertu Ekonomikoaren Legearen ezaugarriak direla-eta, oso gai teknikoa bada ere, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek behar-beharrezkotzat jo dute finantzaketa-tresna hori erraz eta gardentasunez aditzera ematea herritarren artean eta zenbait adin-tartetan.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 19a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak