Eu

Gobernuak Euskadiko Kooperatiben Legearen proiektua onetsi du (Gobernu Bilera 2018-12-18)

2018.eko abenduak 18

Testuak sektore kooperatiboaren erabateko adostasuna du, eta Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeko eta onesteko emango da 

Etorkizuneko legeak malgutasun operatiboaren eta identitate kooperatiboaren arteko oreka aurkitzen du, merkatu globalean diharduten enpresa kooperatiboek baldintza-berdintasunean lehiatu ahal izateko 

San José sailburuak esan du Kooperatiben Legea tresna eraginkorra dela eta, horren bidez, Euskadin “kooperatibismo indartsua, etorkizunekoa eta etorkizuna duena” posible izango dela; araudi-esparru berria izango du, errealitatera eta sektorearen ahalmen handira egokitua. Jarduerari babes juridikoa eta egonkortasuna emateaz gainera, aukera ematen du etorkizuneko garapena sustatu eta bere identitate-ezaugarriak sendotzeko 

Gaur egun, Euskadin 1.650 kooperatiba daude eta, guztira, 58.700 enplegu horietan

Gobernu Kontseiluak, gaur, Euskadiko Kooperatiben Legearen proiektua onetsi du, eta Eusko Legebiltzarrera bidaliko da, eztabaidatu eta onesteko.  María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak nabarmendu du testu berriak euskal sektore kooperatiboaren erabateko adostasuna duela; beraz, bere hitzen arabera, “espero dugu edukiak Legebiltzarraren eremuan gizarte- eta sektore-eremuan lortu duen adostasun eta babes bera lortzea. Tresna eraginkorra da; horren bidez, Euskadin kooperatibismo indartsua, etorkizunekoa eta etorkizuna duena izango dugu”. 

San José sailburuaren hitzen arabera, etorkizuneko legeak kooperatibei malgutasunaren eta identitatearen arteko beharrezko oreka emango die: “malgutasun operatiboa eta identitate kooperatiboa –esan du–, sozietate kooperatibo baten identitatea zehazten duten ezaugarriei eutsi eta gainerako enpresen antzeko tresnak emateko, baldintza-berdintasunean lehiatzeko”. 

Euskadiko Kooperatiben Legearen proiektuan, sozietatea kooperatiba gisa definitzen duten funtsezko elementuak ez dira aldatzen, eta lehentasunezko helburuen artean honako hauek ditugu, besteak beste: kooperatiben sozietate- eta enpresa-garapena, enplegu iraunkorra eta kalitatekoa sortzeko; zehaztasunez eta xehetasunez arautzea formula kooperatiboaren erabilera eta, horrela; bazkideen erantzukizunaren inguruan segurtasun juridikoa eskaintzea, galeren egozpenari dagokionez; administratzaileen eginkizunak eta erantzukizuna zehaztea; egitura-aldaketetarako aukera ematea, besteak beste, zatiketa eta banantzea; eta araudi kooperatiboa kontabilitateari eta kontu-ikuskaritzari buruzko araudiak sartutako berrikuntzetara egokitzea.

María Jesús San Josék esan du legeak euskal kooperatibei etengabe garatzen eta egokitzen ari diren beste merkataritza-sozietate batzuekin lehiatzeko egoera eta merkatu berrietara egokitu ahal izateko gaitasuna bermatuko dizkiela. “Sektorearen asmoa da etengabe aldatzen ari den munduan globalak izaten jarraitu ahal izatea, eta Eusko Jaurlaritzak horretan lagundu nahi du. Horretarako, segurtasun juridikoa eta malgutasun-elementu eraginkorrak ematen dizkiegu, enpresa-iraunkortasunerako, erantzun operatibo eta funtzionalak eman ahal izateko, balio eta printzipio demokratiko, parte-hartzaile eta solidarioetan oinarritzen den identitate kooperatiboa zalantzan jarri gabe”. 

Lan eta Justiziako sailburuak zehaztu du lege berriaren bidez sendotu egiten dela gobernu kooperatiboa, sozietate-zuzenbideak gaian dituen nobedadeekin bat etorriz; halaber, etxebizitza eta garraioen kooperatiben konfigurazioa sendotzen da eta, horrela, praktikak enpresa kooperatiboa egiteko moduak itxuraldatzea eragozten du. Era berean, administratzaileen erantzukizun eta betekizunen erregimena eguneratzen da, merkataritza-eremuko lege-aldaketa berriekin bat etorriz.Bestalde, “junior kooperatibak” arautzen dituzte; horiek ikasketa-prestakuntzaren barruan eta zentroaren tutoretzapean enpresa kooperatiboa garatzen duten ikasleek osatzen dituzte. Gizarte-organoak direla eta, kooperatiben izaera autoantolatzailean sakontzen da, eta zenbait alderdi malgutzen dira, besteak beste, batzar orokorra egitea edo gizarte-kontseilua edo zaintza-batzordea egotea eta, horrela, gizarte-organoen eginkizunak egokitzen dira.

Erregimen ekonomikoaren arauketa dela eta, ondasun erkide kooperatiboa, hari eustea eta enpresa-jarraipena sendotzen dira. Galeren egozpenaren erregimena argitzen da, bazkideen erantzukizunari dagokionez; horrek bereziki kooperatibaren kaudimengabetasun kasuetan du eragina. Modu berean, bazkideek kapital sozialari eginiko ekarpenen izaera enbargaezina argitzen da, egon daitezkeen hartzedun pertsonalen aurrean, edo bazkideen ekarpenak berriro erabiltzeko gaitasuna.

Gai horren inguruko beste alderdi garrantzitsu bat da finantza-jaulkipenetan bazkide ez diren hirugarrenei dagokienez informaziorako eskakizunak areagotzea eta, oro har, beste finantzaketa-mota batzuk ahalbidetzea. Gainera, sozietate-eremuan, kooperatiben izaera autogestionarioari bide ematen zaio, funtzionamendua operatiboagoa izateko. Hori horrela, bazkideen baja-kasuan dirua itzulzeko irizpideak berrikusi dira, kapital sozialaren edo jarduera kooperatibizatuaren murrizketa, edo sozietate-krisi egoera batzuetan bazkide ez diren likidatzaileen irudia sartzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko