Eu

2,4 milioi euro Lasarte-Oriako Basaundi Bailara auzoa berroneratzeko (Gobernu Bilera 2018-12-18)

2018.eko abenduak 18

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Lasarte-Oriako Udalari zuzeneko diru-laguntza emateari, 2.390.000 eurokoa, Lasarte-Oria udalerriko Basaundi Bailara auzoaren hiri-berroneratze proiektuari heltzeko. Diru-laguntza datozen hiru urteetan igorriko da, Lasarte-Oriako gune horretan esku-hartzea egiten den bitartean, 2011n prestatutako auzo ahulen inbentarioan jaso den horretan.

Basaundi Bailarako jarduketa 2017-2022 Lurralde Inbertsio Plan Integratuan sartzen da; plana Iñaki Arriola zuzendari duen Sailak sustatzen du, eta helburua da autonomia-erkidegoko auzo eta arlo ahuletan hiri-berroneratze integraleko eragiketak egitea. Proiektuak tartean diren udalekin lankidetza estuan eta auzoetako egoiliarren parte-hartzearekin egiten ari dira.

Eraikinen kontserbazioaren inguruko arazoak eta egoera sozioekonomiko ezegonkorra dituzten arlo horietan jarduteko proiektuak dagoeneko martxan dira Txabarri-El Sol (Sestao), Koroatzea (Vitoria-Gasteiz), Txomin Enea (Donostia), Txonta (Eibar), Otxarkoaga (Bilbo) eta Aramotz (Durango) auzoetan. Datozen hileotan, beste auzo-laborategi batzuk ere batuko dira proiektu horietara hiru lurraldeetan. Programa pilotu horiek eraikin zaharren birgaitzeaz gainera –irisgarritasuneko eta eraginkortasun energetikoko irizpideekin–, auzoetako egoera sozioekonomikoa hobetzea ere badute helburu, biztanleak hiri-berroneratzeko eragiketetan inplikatuko dituen ikuspegi integralarekin.

Basaundi Bailara ekoauzo bilakatzeko birgaitze-lanetako esku-hartze integralak 151 etxebizitzatan eta 29 lokaletan izango dute eragina, 16 ataritan multzokatuta. Hura kudeatzeko, bulego teknikoa eta hurbiltasuneko kudeaketako bulegoa sortzea aurreikusten da, bai eta prestakuntzako eta enpleguko tokiko plana garatzea, mugikortasun jasangarria aztertu eta hobetzea eta teknologiak integratu eta garatzea ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko