Eu

Eusko Jaurlaritzak Suspergintza Elkartea bultzatuko du migratzaileei zabaldutako aldi baterako harrerarako zentro esperimentalaren kudeaketan (Gobernu Bilera 2018-12-18)

2018.eko abenduak 18

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak baimendu egin du Suspergintza Elkarteari zuzeneko diru-laguntza ematea, Euskadin migratzaileei zabaldutako aldi baterako harrerarako zentro esperimentala kudeatzeko.

Zehazki, 105.335 euroko zuzeneko diru-laguntza onetsi da, Euskadira iritsi diren eta ahultasun-egoera berezian eta gizarte-bazterketa larriko egoeran dauden migratzaileei harrera emateko.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren iritziz, “interes publikokoa, sozialekoa eta humanitariokoa da Euskadin migratzaileei zabaldutako aldi baterako harrerarako zentro esperimentalaren kudeaketa finantzatzea, Euskadira uda-hasieratik Gibraltarko itsasarteko kostaldetik penintsulan sartu diren migratzaile ugari iritsi direlako, salbuespen gisa".

2018ko ekainaren 19tik abenduaren 17ra, Euskadiko Gurutze Gorriak Euskadira penintsulako hegoaldetik ia 5.300 migratzaile iritsi direla zenbatu du. Pertsona horietako gehienak Europako beste herrialde batzuetara mugitzen ari dira; gainera, Euskadik iragaitzazko harrerako baliabideetan 9.410 ostatu-gau izan ditu. Kontuan izan behar da datu horiek Euskadiko Gurutze Gorriaren arreta jaso duten pertsonetara mugatzen direla; nahiz eta pertsona-kopuru handia artatu duen, ez dira guztiak izan.

Aurreikusitako diru-laguntza ezohikoa da; izan ere, aurreko urteetan ez da horrenbeste migratzaile heldu, eta ez dira horrelako zuzeneko diru-laguntzak gaitu. Gainera, proiektu berria da, esperimentala, eta asmoa da antzemandako premia berriei erantzutea.

Migratzaileei Zabaldutako Aldi Baterako Harrera Zentroa laguntza-baliabide esperimentala da, eta xede du ahultasun-egoeran dauden eta/edo migrazio-ibilbidearekin jarraitzeko egonaldi luzeagoa egin behar duten migratzaileak aldi baterako hartzea.

Zerbitzu horren onuradun premiazko arreta-baliabidera joan eta bidaia-proiektuarekin jarraitzeko beharrezko harremanak eduki ezin izan dituzten eta Euskadin jarraitu eta zentro horietan arretarako aukerarik ez duten migratzaileak izan ahalko dira.

Aldi Baterako Harrera Zentroko hartzaileen artean lehentasuna izango dute haurdun dauden emakumeak eta/edo kargura adingabeak dituztenak, gaixo edo eriondoak eta ahultasun-egoeran dauden pertsonak.

Zentroan sartzeko eskakizun orokorra da migratzaileak izatea, ahultasun-egoeran egotea, migrazio-prozesuarekin jarraitzeko denbora gehiago behar izatea.  Zentroak 15-20 pertsonarentzako lekua aurreikusten du, eta kopuru hori zabaldu daiteke, beharrik egonez gero; erantsitako bi instalaziotan banatzen dira, ostatu hartzen duten pertsonen profilen eta beharren arabera.

Suspergintza Elkartea irabazi-asmorik gabeko erakundea da; onura publikokotzat aitortu da eta, 1988tik, gizarte-, kultura-, hezkuntza- eta ingurumen-arloan esku hartzeko eremuan programa eta ekipamenduak diseinatzen eta kudeatzen ditu, pertsonen garapen integralera eta gizartea hobetzera bideratuta. Suspergintza EDE Taldearen barruan dago (EDE fundazioa, ST3 elkartea eta Suspertu S.L). Jatorria astialdiko elkarte-mugimenduarekin eta EDE fundazioarekin lotuta dago.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko