Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “Inbertsioak eta lankidetzak aurrerabidea, aukerak eta ongizatea dakarzkiote gure gizarteari”

2018.eko abenduak 19
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Lehendakariak Salva Industrial enpresa bisitatu du, haren 75. urteurrenean
  • Iñigo Urkulluk lankidetzaren kultura nabarmendu du Euskadiren elementu bereizgarritzat

Iñigo Urkullu lehendakariak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarekin batera, Salva Industrial enpresa bisitatu du haren 75. urteurrenean.

Salva Industrial enpresan ospatutako ekitaldira, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Ainhoa Aizpurua Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako foru-diputatua eta Jesús Martiarena Lezoko alkatea ere bertaratu dira.

Instalazioak bisitatu eta okindegia ikusi ondoren, bertaratuei harrera egin diete erakustaretoan, txistuaren soinua lagun zutela.

Bere hizketaldian, lehendakariak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren helburu instituzionala ekonomia-ekosistema lehiakor eta erakargarriagoa bultzatzea dela, ekonomia produktibo errealari laguntzen dion eredu baten bidez; izan ere, Euskadin emaitza onak ematen ari da. “Ekosistema hori hurbiltasunez eta entzunez, estrategia partekatuz eta lankidetzan arituz eraikitzen da”, azaldu du. Horretarako, lehendakariak adierazi du irmo bultzatuko dutela inbertsio publiko eta pribatua, babes publikoko askotariko programen bitartez.

Salva Industrial enpresari buruz, lehendakariak adierazi du jarraitu beharreko familiako enpresaren eredu dela eskualdeko industria berpizteko Eusko Jaurlaritzaren apustuan; inbertitzen duen enpresa da, arriskuak hartzen ditu bere gain, jarduera berritzailea sortzen du, baita enpleguak ere. Gehitu duenez, “horiek dira akonpainamendu publikoa jasotzeko arrazoiak”. Alde horretatik, azaldu du Administrazioak ekintza-oinarri argiak jartzen dituela baliabideak bideratzeko, baldintza jakin batzuk betez, erantzukizun eta zorroztasun osoz eraman behar baita laguntza publikoaren kudeaketa.

Lehendakariak, bestalde, lankidetzaren kultura nabarmendu du Euskadiren elementu bereizgarritzat. Adierazi duenez, “mundu gero eta global eta lehiakorrago honetan, gure elementu bereizgarria lankidetzaren kultura da beharbada, enpresa-eredu desberdin bat, merkatuari atxikiagoa, inklusibo eta parte-hartzaileagoa”.

Alde horretatik, lehendakariak nabarmendu du herrialde bat proiektu komun bat den bezala, enpresa bat ere proiektu komun bat dela. Beraz, elkarrekin, enpresak eta erakunde publikoak batera, lan egiten jarraitzeko deia egin du, zailtasunei aurre egin eta biek duten helburuari erantzuteko: hazkundea sendotu eta kalitate hobeagoko enplegu-aukera berriak sortzea. “Hori da, izan ere, inbertitu eta lankidetzan aritzeko beti merezi duen ondasun komuna, aurrerabidea, aukerak eta ongizatea baitakarzkio gure gizarteari”, azaldu du.

Halaber, Salva Industrial enpresari buruz, lehendakariak adierazi du familiako enpresaren eredu dela, garai bakoitzarekin bat egiten eta belaunaldi bakoitzaren erronka berriei erantzuten jakin izan duena. “Kalitatea, Berrikuntza, Nazioartekotzea eta Fabrikazio Aurreratua enpresa honen lan-kulturaren osagaiak dira”, gehitu du. Gauzak horrela, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak enpresaren lehiakortasuna hobetzera bideratutako akonpainamendu baten bidez izan duela Salva Industrialekin lankidetzan aritzeko aukera, era horretan haren inguruneari balio erantsia eskainiz. Adierazi duenez, “esperientzia ona izan da, eta lan-eredu horrek erakusten digu jarraitu beharreko bidea zein den”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak