Eu

Eusko Jaurlaritzak gogorazten du Legebiltzarra jada ari dela Diru-Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legearen erreforma aztertzen eta eztabaidatzen (Gobernu Bilera 2018-12-18)

2018.eko abenduak 18

Ohartarazten du Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema berriz formulatzean osotasun koherente eta integratu bat izango balitz bezala hartu behar dela eta egungo esparru sozioekonomikoa izan behar dela kontuan

Gobernu Kontseiluak “Gizarte-babeseko sistema publikoa eta kalitatezkoa. Pobreziaren eta bazterketaren aurrean” Legegintzako Herri Ekimenaren aurkako iritzia adierazi du gaur, asteartea.

Eusko Jaurlaritzak gogoratu du, lehenik eta behin, Eusko Legebiltzarra ari dela jada, Eusko Jaurlaritzaren aldeko iritziarekin, Nacionalistas Vascos-Euzko Abertzaleak eta Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak legebiltzar-taldeek aurkeztutako “Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legearen Proposamena” tramitatzen. Ekimenaren bidez Diru Sarrerak Bermatzeko egungo sisteman hamar urteotan hauteman diren disfuntzioak zuzendu nahi dira. Horrez gainera, adierazitako lege-proposamenak Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistema osoa formulatu nahi du berriz, baina osotasun koherente eta integratu baten moduan eta egungo esparru sozioekonomikoa kontuan hartuta; herritarren ekimenak, aldiz, alde batera uzten du hori. 

Eusko Jaurlaritzaren ustez abenduaren 23ko 18/2008 Legea, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzekoa aldatzean, eta irizpide objektiboak eta arduratsuak jarraituz, egoera ekonomiko okerragoan dauden pertsonek bizitza duina izan ahal izateko eta gizartean bazterketa-egoerak saihestu ahal izateko neurriak bermatu behar dira.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du Legegintzako Herri Ekimenak etxebizitzaren inguruan jasotzen dituen hainbat neurri ez dagozkiola erreformatzekoa den legeari, ekainaren 18ko 3/2015 Legeari, Etxebizitzarenari, baizik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko