Eu

Eusko Jaurlaritzak beste 2,5 milioi euro gehitu dizkio banda zabala Euskadiko landa eremuetara eta biztanle gutxiko udalerrietara hedatzeko programari (Gobernu Bilera 2018-12-18)

2018.eko abenduak 18

Inbertsio horri esker beste 82 “eremu zuri” desagertuko dira eta pertsonen eta enpresen konektagarritasuna hobetu ahal izango da, edozein izanik ere biztanlegunearen biztanle-kopurua eta dimentsioa 

Gaur egin den Gobernu Kontseiluan beste 2,5 milioi euro gehitu zaizkio gutxienez 100 Mbps-ko (bi noranzkoetan) banda zabaleko sarea Euskadiko biztanlegune guztietara hedatzeko laguntza-programari. Kasu askotan isolatuta dauden eta landa-eremuetan dauden “eremu zuriak” izenekoak desagertzen joateko laguntzak dira. Eremu horiek ez dute telekomunikazio-azpiegiturarik, inbertsioaren ikuspegitik ez direlako erakargarriak operadore pribatuentzat. Horrek biztanle gutxiko udalerrietako pertsonen eta biztanle gehiagoko herrietakoen konektagarritasunean bereizketa handiagoa izatea dakar, eta Eusko Jaurlaritzak, beraz, banda zabala hedatzea suspertzen du.

Izendatu diren 2,5 milioi euro horiekin, Eusko Jaurlaritzak espero du NGA banda zabaleko Interneterako konexio azkarra eta segurua beste 82 biztanlegunetan ezartzea:

  • 14 Araban
  • 48 Bizkaian
  • 20 Gipuzkoan

Laguntza horiek gehituko zaizkie Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek, banda zabala Euskadiko 1.700 eraikin publikoetara, industrialde eta industria gune eta parkeetara, eta biztanlegune guztietara, hedatzeko elkarrekin eta koordinatuta gauzatutako jarduerei.  

EUSKADIKO 2020 AGENDA DIGITALA

Eusko Jaurlaritzaren proiektu handinahiko eta estrategiko hau 2016an onartutako Euskadiko 2020 Agenda Digitalaizenekoan dago sartuta. Eusko Jaurlaritzak edozein biztanlegunetan bizi diren pertsonen eta kokatuta dauden enpresen konektagarritasuna hobetzearen aldeko apustua egin du, edozein izanik ere bertako biztanle-kopurua eta dimentsioa. Helburu nagusia da zentro publikoetako, enpresetako eta etxeetako konektagarritasuna hobetzea Euskadi lurralde adimenduna, Smart Country bat, izan dadin.

Era berean, programa honen bidez Europako 2020 Agenda Digitalean ezarritako helburuak ere beteko ditu Euskadik, kontuan hartuta bertan ezartzen dela belaunaldi berriko banda zabala (gutxienez 30 Mbps) herritar guzti-guztiengana heltzea eta 2020an herritarren % 50ek 100 Mbps-tik gorako abiadurako banda zabal ultra azkarreko zerbitzuak kontratatuta izatea.

OINARRI ARAUTZAILEAK

Laguntza-deialdi hau laster argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Behin lehiaketa publikoa erabakitzen denean, banda zabala 18 hilabetean hedatuko da, 2019an eta 2020an zehar. Eusko Jaurlaritzaren laguntzen onuradun izango diren konpainiek handizkako sarbide efektiboa, ekitatiboa eta ez-diskriminatzailea, nahitaez eman beharko diete eskatzen duten gainerako operadoreei, gutxienez zazpi urteko epean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko