Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak gutxiengo etnikoekin egiten duen lana azalduko du Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egingo den jardunaldi batean

2018.eko abenduak 18
Gorroto-delituak, giza salerosketa eta komunitate musulmanarekin lankidetza izango dira saioan aztertuko diren gaietako batzuk

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak bihar inauguratuko du Segurtasun Sailak, Ertzaintzak eta Open Society Fundazioak “Ertzaintza eta gutxiengo etnikoak: Harremana, lankidetza eta inklusioa” izenburupean antolatutako jardunaldia. Bertan komunitate eta kolektibo ezberdinekin egiten duten lanaren berri emango dute Ertzaintzako hainbat arduradunek. Saioan bertan egingo den mahai-inguru batean Gao Lacho Drom elkartearen, Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearen, ‘Bidaya’ Emakume Musulmanen Elkartearen, Gehitu elkartearen eta Gurutze Gorriaren ordezkariek parte hartuko dute.

 

Harremana, lankidetza eta inklusioa dira Ertzaintzak gutxiengo etnikoekin egiten duen eta Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko Florida aretoan bihar egingo den jardunaldiaren baitan bost ponentziaren eta mahai-inguru baten bidez azalduko den lanaren giltzak.

Idazkaritza Nagusiko Herritarren Eskubideak Ataleko buru Aitor Larrea komisariordea arduratuko da lehenengo ponentziaren bidez Ertzaintzak gorroto-delituen arloan egiten duen lana azaltzeaz. “Ertzaintza, gorroto-delituen kudeaketaren erronkak eta aurrekarien laburpena” izenburupean egingo duen esku-hartzean, Larreak “gorroto-gertakaria” kontzeptua, barne-araudia, prestakuntza, sentsibilizazioa, datuen bilketa, erreminta estatistikoa eta Ertzaintzak arlo horretan egiten duen analisia azalduko ditu bata bestearen atzetik.

Bigarren ponentziaren izenburua “Komunitate musulmanaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza” izango da, eta Inteligentzia Bulego Nagusiko Aitor Múgikak Ados Batzordearen nahiz Elkarbizitza Helburu programaren baitan Ertzaintzak eta komunitate musulmanak duten harremanaren berri emango du. Programa horren esparruan egiten ditu Ertzaintzak meskitetara bisitak, erradikalizazioaren aurkako gela iraunkorra eta Euskal Bilgune Islamiarraren bidez egiten diren prebentzio-lanak.

Hirugarren azalpena Ikerketako Arabako lurralde-buru Iñaki Arteagak emango du, “Giza salerosketaren aurkako Plan Estrategikoa” izenburupean, eta delitu hori saihesteko eta eragozteko lanean ari diren elkarteekin, GKEekin eta erakundeekin dituzten harremanen berri emango du.

Bestalde, Idazkaritza Nagusiko Prestakuntza eta Baliabideak Ataleko buru Txema Delgado komisariordeak “Prebentzioa komunikazioaren bidez landuz” programa zehaztuko du laugarren ponentzian. Dibulgazioko segurtasun-programa honen bidez Ertzaintza hainbat kolektiborekin harremanetan jartzen da prebentzioaren arloan lankidetzan jarduteko, eta Segurtasun Sailak izenpetutako lankidetza-akordioen bitartez herritarren komunitate eta sektore ezberdinetan segurtasun-portaerak sustatzea da helburua. Jarduera horren baitan era askotako mezuak baliatzen dira fenomeno jakinei aurrea hartzeko (Interneteko delituak, eskola-jazarpena, iruzurrak, eta abar). Iazko ikasturtean 37.709 pertsonarengana iritsi zen programa.

Bosgarren ponentzian Ertzaintzak gutxiengo etnikoen arloan egiten duen lana funtsatzen duten Europako zuzentarauak eta araudia azalduko ditu Ikerketa Batzorde Teknikoaren buru Iñaki Villacián komisariordeak.

Bilboko Ertzain-etxeko Informazio Zentroaren buru Patricia Martínez de Musituren ardura izango da Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondok itxiko duen jardunaldiaren lehenengo zatia bideratzea.

Atseden hartzeko ordu erdiko tartetxo baten ondoren mahai-inguru bat egingo da “Gutxiengo etnikoek Ertzaintzarekiko harremanaz duten ikuspegia eta balorazioa” izenburupean, eta Estibaliz Ruiz de Azúa aurkezleak egingo ditu moderatzaile-lanak.

Gao Lacho Drom ijitoen elkarteko Pascual Borja, Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteko Tamara Clavería, ‘Bidaya’ Emakume Musulmanen Elkarteko Hajar Samadi, Askabide elkarteko María Angeles Arias, Gehitu elkarteko Jesús Estomba eta Gurutze Gorriko Nahia Díaz de Corcuera izango dira mahai-inguruan parte hartuko dutenak, eta egiten den lanaren berri emango dute eta kolektiboen ikuspegia eta balorazioak adieraziko dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak