Eu

Lide Amilibiak eta Ernesto Sainzek Bartzelonan Europako tokiko agenteekin partekatu dituzte Herritartasunaren, Kulturartekotasunaren eta Immigrazioaren Esparruan Jarduteko V. Planaren, 2018-2020, eta Eraberean Sarearen esperientziak

2018.eko abenduak 18

 

  • International Migrants Day: Promoting Diversity in Regions jardunaldia

 

Barcelona 2018 12 18

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuordeak eta Ernesto Sainz Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak parte hartu dute, gaur, Bartzelonan, Pedralbesko Errege Jauregian, egin den International Migrants Day: Promoting Diversity in Regions jardunaldian. Kataluniako Generalitateak, Migratzaileen Nazioarteko Eguna dela-eta, antolatu duen >jardunaldi horretan, Europar Batasuneko eskualdeetako agenteek migratzaileen harreraren arloko ekintzak eta programak aurkeztu dituzte.

 

Eusko Jaurlaritzako bi kideek mahai-inguru banatan hartu dute parte; sailburuordeak Herritartasunaren, Kulturartekotasunaren eta Immigrazioaren Esparruan Jarduteko V. Plana, 2018-2020, aurkeztu du eta Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak Eraberean Sarea aurkeztu du.

 

Lide Amilibiak parte hartu duen mahai-ingurua osatu dute Inmaculada Carda Isach Valentziako Generalitateko Gizarteratzeko zuzendari nagusiak, Anna Ascani Umbria eskualdeko ordezkari eta Alderdi Demokratikoko Italiako diputatuak, Kenneth Johannesson eta Angela Unufe Migrant and Minority Disability Network Europe erakundeko ordezkariek eta Bruno António portugesak, DYPALL —Developing Youth Participation at Local Level— erakundearen ordezkaritzan. Bestalde, Ernesto Sainz zuzendariak esku hartu duen mahaia osatu dute Katrien Lefever eta Noémie Emmanuel Bruselako, eskualde-hiriburuko, ordezkariek, Miroslav Kondic Serbiako Vojvodina probintzia autonomoko ordezkariak, Amanda Rohde Friends of Europe erakundeko ordezkariak eta Lola López Bartzelonako Udaleko ordezkariak. Jardunaldian parte hartu dute, halaber, Alfred Bosch, Kataluniako Generalitateko Kanpo Harremanetarako kontseilariak eta Magnus Berntsson Europako Eskualdeen Batzarreko presidenteak, besteak beste.

 

Amilibiak aditzera eman du Herritartasunaren, Kulturartekotasunaren eta Immigrazioaren Esparruan Jarduteko V. Planak, 2018-2020, lehentasuneko ekintza-ildoak ezartzen dituela herritarren eskubideak eskuratzearen alorrean euskal gizarte berdinzalea lortzeko, eta, erantsi  duenez, plan horrek “Euskadin bizi diren pertsona guztien aukera-berdintasuna errazten du, gizartea kohesionatzen du eta gizarte-mailan kaltetuen dauden kolektiboekiko elkartasuna sustatzen du, betiere pertsona eta kultura guztien aniztasuna errespetatuz eta gizarte-elkarrekintza positiboa sustatuz”.

 

Ernesto Sainzek Eraberean Sarea ezagutarazi du bere mahaian. Sare hori osatzen dute Eusko Jaurlaritzako ordezkariek eta hiru begiradarekin lotzen diren elkarteek eta erakundeek: ijito-herria, migratzaileak eta LGTBI kolektiboak. Sare horren helburua da Euskadiko politika publikoetan eta gizarte zibilean tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza zaintzea. “Eraberean sareak zeregin bikoitza du; batetik, prebentzioan, prestakuntzan eta sentsibilizazioan lan egiten du; eta, bestetik, diskriminazio-egoerak jasaten dituzten edo jasan dituzten pertsonei zuzendutako arretan, laguntzan eta aholkularitzan lan egiten du, betiere arreta berezia eskainiz diskriminazio anitzeko kasuei eta estrategikoak izan daitezkeen kasuei, diskriminazioa gertatzen den moduagatik, inplikatutako pertsonen kopuruagatik eta/edo gertatzen den moduagatik eta lekuagatik” eman du aditzera.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak