Berriak Osasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak sasoiko elikagaien egutegiak banatuko ditu, egunkarien bidez, igande honetatik aurrera

2018.eko abenduak 15

Urtarriletik aurrera, supermerkatuek eta txikizkako merkataritzak kontsumitzaileei produktu horiek kontsumitzeak dakartzan onuren berri emango diete

Osasun Sailak eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak elkarrekin abiarazitako ekimena da, Euskadin Elikadura Osasungarrirako Ekimenen proiektuaren barruan

 

Osasun Sailak, Elikaren bidez, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailarekin batera abiarazitako ekimen batean, igande honetatik aurrera sasoiko elikagaien egutegiak banatuko ditu, prentsa idatziko komunikabide nagusietan txertatuta. Egutegi horiek Euskadin Elikadura Osasungarrirako Ekimenen proiektuaren barruan sartzen dira. Proiektuaren helburua da, elikaduraren bidez, osasuna sustatzea; izan ere, kasu askotan, gaixotasun kronikoen gorakadaren arduraduna da, besteak beste kardiobaskularrena, diabetesarena eta minbizi-mota batzuena.

Egutegi horietan, marrazkien bidez, hil bakoitzean sasoiko zer elikagai kontsumitu beharko litzatekeen zehazten da. Guztira, 225.000 ale inprimatu dira, eta igandean, abenduaren 16an, Deia, Berria, Gara eta Noticias de Gipuzkoa egunkarietan banatuko dira, abenduaren 17an, astelehenean, Diario de Noticias de Álavan eta abenduaren 24an, El Correo eta Diario Vascon.

Gainera, urtarrilaren 7tik aurrera, kanpaina bat abiaraziko da supermerkatuetan, zehazki Eroski, BM, Mercadona eta Carrefourren, eta, gero, tokiko merkatu eta txikizkako merkataritzara zabalduko da, kontsumitzaileei ekimenaren berri eman eta egutegiak hil bakoitzerako gomendatzen dituen sasoiko hiru elikagaiak kontsumitzeak dakartzan onuren berri emateko. Urtarrileko informazio-kanpaina porruarekin, sagarrarekin eta lupiarekin egingo da.

Elikadura Osasungarriaren Ekimenen proiektuak, guztira, 18 ekimen aurreikusten ditu; horietatik, erdia baino gehiago dagoeneko abian jarri dira, ibilbidearen lehen urte honetan. Proiektuari enpresak eta erakundeak atxiki zaizkio, eta hori euskal gizartean sustatzen ari den elikadura-ohituren aldaketaren adierazle da.

Dagoeneko kausa honekin konpromisoa duten erakundeak honako hauek dira, besteak beste:  euskal administrazio publikoa, Osakidetza bera edo Euskal Herriko Unibertsitatea, baina baita zenbait elikagaietako enpresa, nutrizionisten eta farmazialarien elkargo profesionalak, fundazioak, ikerketa-zentroak, tokiko erakundeak eta komunikabideak ere. Gainera, esperientzia pilotua egin da 10 ikastetxetan; horietako eskola-menuetan fruta, barazki eta arrain urdin gehiago sartu da.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 15a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau