Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak “Migraziorako Euskal Itun Sozialerako Proposamena” luzatu die Euskal Autonomia Erkidegoko instituzio eta erakunde sozialei

2018.eko abenduak 18
  • Pertsona migranteen Nazioarteko Egunean, Eusko Jaurlaritzak “jaso nahi genukeena eskaini” izenburua duen testua aurkeztu du
  • Proposamenak berariazko 10 konpromiso biltzen ditu migrazioaren erronkari pluralismotik, elkartasunetik eta beharretik erantzuteko
  • 2019ko ekainaren amaierara arte, euskal instituzioen eta gizarte zibileko erakundeen ekarpenak jasotzeko aldia irekiko da
  • Lehendakariaren ustez, euskal gizarteak “immigrazioa behar du ongizate-ereduari eusteko”

Iñigo Urkullu lehendakariak, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak lagunduta, gaur, Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Egunean, Migraziorako Euskal Itun Sozialerako Proposamena aurkeztu du. Eusko Jaurlaritzaren dokumentu horrek pluralismoaren, elkartasunaren eta beharraren ikuspegitik erantzuten dio migrazioaren erronkari.

Lehendakariak adierazi du “Europako eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko sozietateek immigrazioa beharrezkoa dugula ongizate-ereduari eusteko”. Horregatik, esan du proposamena Europan azaleratzen ari diren populismo xenofoboen aurreko “aukera” bat dela. Dokumentuan berariazko 10 konpromiso jorratzen dira, eta horiek lotuta daude “immigrazio erregularizatuari”, “erregularizatu gabeari”, eragileen arteko “erantzunkidetasunari”, bakarrik dauden adingabe eta gazte atzerritarrei edo bizikidetasunaren kulturari, besteak beste. Proposamena irekita dago instituzio eta erakundeen ekarpenak jasotzeko 2019ko ekainaren amaiera aldera arte.

Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Egunean, NBEko bazkide diren herrialde gehien-gehienek Marrakexen berretsitako hitzarmenaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak erabaki du bere filosofiarekin bat datorren dokumentu bat aurkeztea, “jaso nahi genukeena eskaini” izenburua duena. Aurkezpenean parte hartu du, orobat, Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak.

Itunaren helburuek proiekzio etikoa, prebentziozkoa eta proaktiboa dute. Itunaren helburu etikoa da pertsona migratzaileen beharren aurrean erantzun solidarioa eta arduratsua indartzen laguntzea. Prebentziozko helburua da zeharkako batasun soziala eta politikoa konfiguratzea, aitzakia xenofoboa duten populismoen asmoak antzu bihurtzeko. Helburu pragmatikoa da migrazioaren erronkari aurre egitea gure gizartearen hazkunde- eta aurrerapen-prozesu baten zatitzat.

Dokumentuak berariazko konpromiso hauek jasotzen ditu:

  1. Beste eragile batzuekin lankidetzan aritzea EBren osotasunean erantzunkidetasunaren printzipioa bultzatzeko.
  2. Batasun sozial eta politiko bat izatea mezu xenofoboak erabilita onura politikorik edo hautes-mozkinik lortzeko edozein asmoren aurrean.
  3. Immigrazio erregularizatua. Immigrazio erregularizaturako aukerak zabalduko dituzten bideak sustatzea.
  4. Asilo-eskatzaileak eta pertsona errefuxiatuak. Pertsona errefuxiatuen harrera eta integrazioa kuantitatiboki eta kualitatiboki hobetzea.
  5. Kalteberatasun-egoeran dauden migratzaileak. Erantzun humanitario egokia eskaintzea; batez ere, emakumeei, adingabeei eta giza eskubideak urratzearen ondoriozko biktimei.
  6. Erregularizatu gabeko egoeran dauden migratzaileak. Iristen diren igarobideko edo dokumentazio erregularizaturik gabeko migratzaileei erantzun solidarioa eta humanitarioa ematea.
  7. Bakarrik dauden adingabe eta gazte atzerritarrak. Erantzun partekatua, bidezkoa eta egokia eskaintzea legezko betebeharrekiko, adingabearen interes gorenarekiko eta gazte horien gizarteratze- eta laneratze-proiektuarekiko.
  8. Esku-hartze humanitarioa. Tokian bertan, jatorrizko edo igarobideko herrialdeetan diharduten nazioarteko nahiz tokiko dei humanitarioei erantzutea.
  9. Prebentziozko esku-hartzea. Jatorrizko herrialdeetan bidegabekeria-arrazoiak eraldatzeko eta tokiko giza kapitala eta horren indarguneak sustatzeko lankidetza-proiektuei laguntzea.
  10. Bizikidetasunaren kultura. Elkartasunean, erantzunkidetasunean, pluralismoan, giza eskubideetan eta berdintasunean, baita edozein motatako arrazakeriaren edo bazterkeriaren errefusean oinarritutako bizikidetasunaren kultura partekatzea.

Neurri horiek zeharkako esparru hauetatik abiatuta garatuko dira: bizikidetasuna, kohesioa, hezkuntza, toki-esparrua, berdintasuna, hizkuntzak eta lankidetza.

Lehendakariaren hitzetan: “Orain arte, Euskal Autonomia Erkidegoak elkartuta eta solidaritatez erantzun dio migrazioaren erronkari bere adierazpide guztietan; baina, demagogian oinarrituta egituratzeko eta zabaltzeko asmoa duen populismo xenofoboaren mehatxutik ez dago aske”. Migraziorako Euskal Itun Sozialaren proposamen hau oztopoen eta aukeren testuinguru horretan dago.

Itun-proposamen hau aurkeztearen jatorria da aurten onartutako 2018-20rako herritarren, kulturartekotasunaren eta immigrazioaren eremuan jarduteko V. Plana. Era berean, irailean aurkeztutako dokumentuan ekimen nabarmentzat ageri izan zen izenburu honekin: “Eusko Jaurlaritzaren estrategia egokitzea migrazioaren erronka berrien aurrean erantzun integrala emateko”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak