Berriak Osasuna
Eu

Euskadiko Onkologia Plana Osakidetzako zentroetan zabaldu da, minbiziaren intzidentzia murrizten jarraitzeko

2018.eko abenduak 19
  • Dagoeneko osatu dira minbizia duten pazienteen arretarik onena bermatuko duten laguntza-egituren eta laguntza-zirkuituen garapena errazteko osasun-erakundeetako zuzendaritzak aholkatuko dituzten tumore-batzordeak
  • Jon Darpón sailburuak uztailaren hasieran abian jarri zen eta diagnostiko-denborak murrizteko eta gaixotasunarekiko biziraupena etengabe hobetzen jarraitzeko helburua duen Planaren “garrantzia” azpimarratu du.

 

Osakidetzan onkologia-zerbitzua duten osasun-erakunde guztiek (Arabako Unibertsitate Ospitaleak, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak, Galdakaoko Unibertsitate Unibertsitateak eta Donostiako Unibertsitate Ospitaleak) dagoeneko osatu dituzte beren tumore-batzordeak, 2018-2023 aldiko Euskadiko Onkologia Planean ezarritako jarraibideen arabera, minbizia duten pazienteen arretan diziplina anitzeko ikuspegi bat bermatzeko. Plana ezarri den lehen hilabeteetan egin diren jardun nagusietako bat da, Osasuneko sailburu Jon Darpónek Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean gaur bertan azaldu duenez.

Sailburua, berak eskatuta, Batzordean agertu da Osasuneko sailburuorde Iñaki Berraondo doktorearekin eta Plangintza eta Antolamendu Sanitarioko zuzendari Nekane Murga doktorearekin batera, uztailaren hasieran abian jarri zen, arreta onkologikoko jardun-eremuak zehazten dituen eta minbiziarekiko biziraupena etengabe hobetzen jarraitzeko helburua duen Planaren egoerari eta garapen-mailari buruzko informazioa emateko. Jon Darpón sailburuak Planaren garrantzia azpimarratu du, Eusko Jaurlaritzak abian jarritako osasun-politiken barruan lehentasunezkotzat hartutako hainbat jardun biltzen baititu.  

Plana ezarri den lehen bost hilabeteetan, tumore-batzordeen sorkuntza osatu ahal izan da. Batzorde horiek, nolanahi ere, protagonismo berezia hartzen dute prozesu onkologiko bat ekitean.  Batzordeek, zehazki, osasun-erakundeetako zuzendaritzak aholkatzen dituzte pazienteen arretan eragina duten antolamendu-alderdi eta alderdi kliniko guztietan, eta, bereziki, laguntza-egituren eta laguntza-zirkuituen garapenari lotutakoetan. Batzorde horiek, aldi berean, patologia bakoitzerako (biriketako minbizia, bularrekoa, umetokikoa eta abar) sortzen diren eta funtzio operatiboagoa duten (tratamendu eta jarraipen egokiak erabakitzen diren foroak baitira) tumore espezifikoen batzordeetako ordezkariek osatzen dituzte.

Minbiziaren arretan inplikatutako profesionalen kopuru handia eta prozesu diagnostiko-terapeutikoaren konplexutasuna bera dela eta, bereziki beharrezkoa da erabakirik onenak hartzen direla bermatuko duten diziplina anitzeko taldeak antolatzea. Horrela, beraz, tumore-batzordeen ezarpena Onkologia Planean bildutako ekintza nagusietako bat da. Nolanahi ere, Planaren ildo estrategikoen artean, diagnostiko-denborak murrizteko eta esku-hartze konplexuak beharrezkoa den esperientzia lortzea ahalbidetuko duten erreferentziazko unitateetan biltzeko helburua duen laguntza-eredu bat hartzen da kontuan.

Halaber, osasun-sistemak arreta onkologikoaren humanizaziorantz jotzeko egin beharreko bidean etengabeko hobekuntzari eusteko helburua du Planak. Ildo horretan, eta 2019. urteari begira, profesionalak eta pazienteak prestatzeko plan bat abiaraziko da.

PREBENTZIOAREN ETA DETEKZIO GOIZTIARRAREN INGURUKO AHALEGINAK

Halaber, datorren urteari begira, Osasuneko sailburu Jon Darpónek lehentasunezko jarduntzat hartu du ekainean Debabarreneko Erakunde Sanitario Integratuan abian jarri zen eta azaroan Arabako osasun-zentroetara eta Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratura zabaldu zen zerbixeko minbiziaren baheketa-programa abiaraztea. Helburua programa hori pixkanaka Euskadiko gainerako lekuetara eta, adin-taldeen artean, 25-65 urteko emakumeengana zabaltzea da, 2023an xede-populazio osora iritsi arte. “Osasun Sailak eta Osakidetzak prebentzioan eta diagnostiko goiztiarrean lan egiten jarraituko dute, heriotza-tasa murrizteko eta minbiziarekiko biziraupena hobetzen jarraitzeko. Ahalegin guztiak egingo ditugu”, gaineratu du sailburuak.

Onkologia Planak, halaber, doitasuneko medikuntza pertsonalizatuaren garapenean sakontzen du. Medikuntza horren bidez, pazientearen ezaugarrien eta dituen tumoreen araberako tratamendu espezializatu bat eskain daiteke, sistema informatiko baten laguntzarekin, Onkobide aplikazioaren bitartez. Era horretan, prozesu onkologikoari buruzko informazio guztia bilduko da Historia Kliniko Elektronikoan, eta arreta onkologikoaren emaitzak neurtzea ahalbidetuko da.

2019rako beste helburu bat Gipuzkoarako abangoardiako onkologia-zerbitzu bakar baterantz aurrera egitea izango da, Onkologikoarekin lotzearen eta baliabideen antolamendu-integrazioaren bidez (baliabide horiek eraginkortasun eta efizientzia handiagoarekin erabil daitezen).

Jon Darpón sailburuak gogorarazi duenez, Euskadiko Onkologia Plana “oso plan ona da”. Horren erakusgarri, Estatu osoko onkologia-estrategiarik onenari emandako Best in class 2018 sari ospetsua lortu du duela gutxi. Gaur egun, urtean ia 13.500 minbizi-kasu berri diagnostikatzen dira Euskadin, eta biziraupen-tasa (% 52,2 gizonen kasuan eta % 59,9 emakumeen kasuan) Estatukoa eta Europakoa baino handiagoa da. “Datu itxaropentsuak dira, zalantzarik gabe, baina gure konpromisoa gizartean eragin handia duen gaixotasun honi aurre egiteko zereginean hobetzen jarraitzea eta aurrera egitea da”, gaineratu du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak