Eu

Ernesto Sainz: “hausnarketa horiek bultzatu egiten gaituzte hurbileneko ingurunean zer diskriminazio-mota ematen den eta horiek nola eten planteatzen jarraitzera”

2018.eko abenduak 14

 

  • 120 pertsona baino gehiago bertaratu dira Tratu Berdintasunari eta Diskriminaziorik Ezari buruzko I. Euskal Kongresura, Europa Jauregian
  • Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak topaketa arrakastatsua izan dela esan du, “bai kuantitatiboki, bai kualitatiboki”

 

VG 2018 12 14

Ernesto Sainz Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak gaur esan du egun hauetan Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian izan den Tratu Berdintasunari eta Diskriminaziorik Ezari buruzko I. Euskal Kongresua arrakastatsua izan dela, “bai kuantitatiboki, bai kualitatiboki”. Bi egunez, 120 pertsona baino gehiago bertaratu dira antolatutako saioetara; horietan, hogeita hamar bat aditu izan dira. Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua izan zen atzo topaketari hasiera emateko arduraduna; Eraberean sareak antolatu zuen, Biltzen - Kultura arteko Integrazioaren eta Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuaren eta Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren eskutik.

 

Sainez berak honako hau esan du: “hausnarketa horiek bultzatu egiten gaituzte hurbileneko ingurunean zer diskriminazio-mota ematen den eta horiek nola eten planteatzen jarraitzera”. “Erronka asko ditugu hirugarren gizarteko erakundeekin batera aurre egiteko”, esan du. Hori horrela nabarmendu du Euskadin “erakundeak sozietate zibilaren eskutik” doazela, “beti inplikatuta eta elkarlanerako prest. Eraberean sarea horren adierazle da”.

 

Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak, Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarekin eta Faustino López de Foronda Arartekoaren bulegoko idazkari nagusiarekin batera, gaurko jardunaldia ireki dute, eta, horretarako, elkarrizketan jardun dute, honako gai honen inguruan: “Euskadi diskriminazioaren aurrean: erronkak eta aukerak”. Mahai-inguruan jardungo dute, Eva Domaika kazetariak zuzenduta.

 

Honako gai hauek ere aztertu dira gaur: diskriminazioa eta gorroto-delituak: operadore juridikoen ikuspegia; protokolo instituzionalak diskriminazioaren aurkako borrokan; kexen eta salaketen kudeaketa, gertakari diskriminatzaileen eta gorroto-delituen inguruan; eta diskriminazioa hezkuntzatik prebenitzea eta bizikidetza sustatzea. Mahai horietan honako hauek parte hartu dute: Begoña Castro Madrilgo Abokatuen Elkargokoa; Jesús Alfonso Poncela Arabako Probintzia Auzitegiko magistratua; Ana Laura Núñez Bizkaiko Probintzia Fiskaltzakoa; Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendaria; Javier Sáez del Álamo Europako Kontseiluko kontseilari ohia; Tomás Fernández Gorroto Delituen Bulego Nazionalekoa; Jon Mirena Landa UPV/EHUko Giza Eskubideak eta Botere Publikoak katedraren zuzendaria; Itziar Barrenkua Arartekoaren bulegoko gizarte-inklusioaren, etorkinen, ijitoen eta beste gutxiengo kultural batzuen arlokoa; Mikel Mazkiaran SOS Racismo Estatuko federaziokoa eta Eraberean Sareko kidea; Lucía Torrealday Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria;  eta Aitor Albizu Bizikasi ekimenekoa.

 

Eraberean Sarea

Eraberean sarea Eusko Jaurlaritzak sustatzen du eta immigrazioaren eremuan, ijito herriaren eta LGTBI kolektiboen sustapenean lan egiten duten zenbait gizarte-erakundek osatzen dute, eta sare horren helburua da tresna bilakatzea arraza, etnia edo nazionalitatea eta sexu-orientazioa eta -identitatea eta genero-identitatea direla eta dagoen bereizkeriaren aurka borrokatzeko.

 

Eraberean Sareak lan bikoitza du: batetik, prebentzioan, prestakuntzan eta sentsibilizazioan lan egiten du; bestetik, bereizkeria-egoeraren bat bizi duten edo bizi izan duten pertsonentzako arretan, laguntzan eta aholkularitzan, eta bereziki bazterketa anizkoitza dutenen kasuetan, eta bazterketa gertatzen den moduagatik, inplikatuta dagoen pertsona-kopuruagatik eta/edo gertatzen den lekuagatik estrategikoak izan daitezkeenetan.

 

Ziur gaude Eraberean sarea “tresna eraginkorra” dela, “tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren alde borrokatzeko, portaera eta jarrera arrazistak, xenofoboak eta homofoboak edo, edozein motibo tarteko, diskriminazioa dakarren edozein portaera eta jarrera gaitzestea oinarri hartuta", esan du Sainzek, amaitzeko. “Baina badakigu, halaber, oraindik sare gaztea dela eta, hori dela eta, jende gehiagorengana iristeko eta euskal gizartean ezagunagoa izateko duen gaitasuna hobetzen jarraitu behar du, eta horretan ari gara”.

 

Zuzendariak honako hau azaldu du: “ziur gaude diskriminazioaren eta gorroto-delituen aurkako borroka berdintasunaren arloko, aniztasunaren kudeaketaren arloko eta gizarte-kohesioko politika aurreratuen ardatzetako bat dela, bai eta gaitzespeneko eta bazterketako jarreren eta portaeren eraginpean dauden eta gizarte-egoera ahuletan dauden pertsonak gizarteratzeko eta beraien justiziarako edozein plangintzaren funtsezko oinarri ere”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Sami Naïr, Alfonso Armada, Nazanin Armanian, Fidel Raso, Faustino López de Foronda,