Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Markinako Berakruz ikastola bisitatu du

2018.eko abenduak 17

Iñigo Urkullu lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburuarekin batera, Markinako Berakruz ikastola bisitatu du, iaz ehungarren urteurrena egin zuena. 

Lehen Hezkuntzako 6. mailako bi ikaslek Aurresku batez eman dute ongi etorria. Ongi etorriaren ondoren, lehendakaria eta Uriarte sailburua ikastolako hainbat arduradunekin elkartu dira, Berakruzen ibilbideaz, aldaketa-prozesuaz, metodologiaz eta egun lantzen dituzten proiektuez hitz egiteko. Bilkura amaitzean, ikastola bisitatu dute, eta liburutegira bertaratu dira. Hor, mahai-inguru batean parte hartu dute.

Berakruz ikastola

Euskal lurraldeko beste puntu batzuetan gertatu zen bezala, erlijio-kongregazio batek, kasu honetan Mesedeetako mojek, belaunaldi berriak hezten hasi ziren 1917an.

Historia osoan izan duten ezaugarrietako bat inguruneko aldaketen beharretara moldatzeko gaitasuna izan da. 1945ean, Kongregazioak Berrizko Mesedetako Misiolariekin bat egin zuen. Gero, barnetegia eraikitzearekin batera, Lan-Nekazaritza eta Administrazio batxilergoak jarri zituen martxan 1961ean eta, orduan, Vera Cruzeko ikastetxea deitzera pasa zen. 1985ean, bat egin zuen Zerutxu ikastolarekin, eta egungo izena hartu, baina hamar urte lehenago ‘D’ eredu ezartzen hasiak ziren.

Egun, derrigorrezko hezkuntza ematen dute 16 urte arte, instalazioei eta irakaskuntza-metodologiei eragin dien prozesu baten ondoren; gainera, irakasleen belaunaldi berri bat elkartu zaie, eta pedagogia-proiektu aurreratuak hartu dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak