Berriak Hezkuntza
Eu

“la Caixa” Gizarte Ekintzak eta Euskadiko Lanbide Heziketak ekintzailetzaren aldeko konpromisoa berritu dute

2018.eko abenduak 14
  • “la Caixa” Gizarte Ekintzak 75.000 euro bideratuko ditu Lanbide Heziketako ikastetxeetan Urratsbat programaren bidez ikasleek sorturiko enpresen finantziazioan laguntzeko
  • 2004-2005 ikasturtetik, Lanbide Heziketako ikasleek 815 enpresa sortu dituzte Urratsbat programaren bidez. Horietatik %70 jardunean dira egun. 2017-2018 ikasturtean 102 enpresa sortu zituzten

Lanbide Heziketako ikasleen ekintzailetza egitasmoei bultzada emateko helburuarekin, eta laugarren urtez jarraian, “la Caixa” Gizarte Ekintzak eta Euskadiko Lanbide Heziketak lankidetza hitzarmena berritu dute ikasturte honetan ere. Zehazki, Lanbide Heziketako sailburuordetzak bultzaturiko Urratsbat programaren bidez 2017-2018 ikasturtean sorturiko enpresen finantziazioan lagunduko du banku-fundazio honek.

Zehazki, “la Caixa” Gizarte Ekintzak 75.000 euro bideratuko ditu Urratsbat programaren bidez 2017-2018 ikasturtean sorturiko eta dagoeneko legalki osaturik dauden enpresetara. Diru kopuru hau Ikaslan elkarteak (Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak batzen dituen Elkartea) kudeatuko du, funts hori Lanbide Heziketako ikasleen enpresa proiektuen artean banatuz. Horrez gain, “la Caixa” Gizarte Ekintzak bideraturiko diru-kopuruaren zati bat ekintzaile-kultura sustatzeko eta Urratsbat programari zabalkundea emateko ekintzetara ere bideratuko da.

Tknikaren Errenteriko egoitzan burutu den sinadura ekitaldian izan dira Gaxpar Guembe Martinez Apellaniz, CaixaBank Erakundeen zuzendaria Gipuzkoan, Rikardo Lamadrid Intxaurraga, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria, Iñaki Mujika Aizpurua, Tknikako Zuzendari Exekutiboa; eta Iosune Irazabal Ormatxea, Ikaslan Gipuzkoako presidentea, Ikaslan Araba eta Ikaslan Bizkaia ere ordezkatuz.

Gaxpar Guemberen hitzetan, Tknikarekin elkarlanerako hitzarmen hau “gazte-langabeziaren aurka borrokatzeko Obra Social “la Caixa” 2014tik ezartzen ari den plan baten barne dago, gazte guztiengana heltzea saiatzeko helburuarekin, Euskadin urtean milioi euroa baino gehiago bideratzen duena”. Eta azpimarratu du “2018an ekintzailetza eta autoenpleguaren aldeko ahalegin gehigarria burutu dugu, hitzarmenak berrituz eta tokiko beste eragileengana zabalduz. Arlo finantzieroan, profesionalak espezializatzen jarraitzen dugu enpresen kudeaketan beraien sorreratik eta dayOne marka indartu dugu, enpresa teknologikoen eta hauen inbertsoreen kudeaketarako  unitatea. Bestalde, Obra Social “la Caixa”k Euskal Herriko enpresentzat Gazte Enplegua Programa 2018 ere garatzen du, 16 eta 29 urte bitarteko gazte langabetuak kontratatzen dituzten enpresen esku 9.000€rarteko laguntzak jartzen dituena, Fondo Social Europeo eta Fundación Bancaria “la Caixa”ren kofinantziazioarekin”.

815 enpresa sortu dira; %70k jardunean jarraitzen dute

Urratsbat programa 2004-2005 ikasturtean abian jarri zenetik, bertan parte hartzen duten ikastetxeek 2.075 ekintzailetza-proiektu tutorizatu dituzte. Hala ere, daturik esanguratsuena sortutako enpresa kopuruari dagokiona da: 2004-2005 ikasturtetik 815 enpresa sortu dira Urratsbat programaren bidez, ikasleek eurek Lanbide Heziketako ikastetxeetan bertan sortuak. Horietatik 102 joan den 2017-2018 ikasturtean bakarrik sortu zituzten. Egun, 14 urte hauetan zehar sortu diren enpresa guztien artetik %70ek jardunean jarraitzen dute.

Aurreko datu horiek azaltzeko gako nagusietako bat, zalantzarik gabe, ekintzaile-kulturaren inguruan ikasleekin egiten den sentsibilizazio lana da. Azken urte hauetan, Urratsbat programaren bidez, Lanbide Heziketako 86.800 ikaslek jaso dute ekintzailetzaren inguruko sentsibilizazioa, horietatik 13.000k joan zen 2017-2018 ikasturtean. Egun, Euskadiko 70 ikastetxe ari dira Urratsbat programan parte hartzen: 6 Araban, 34 Bizkaian eta 30 Gipuzkoan.

Urratsbat programa

Lanbide Heziketako ikasleen ekimen sortzailea sustatzen duen programa bat da Urratsbat, eta ikastetxeak enpresa-inkubagailu bihurtzen dituena. Horretarako, programan parte hertzen duten ikastetxeek ekintzailearen bulegoa jartzen duten ikasleen eskura, baita beren instalazioak ere, proiektua merkaturatze-fasean dagoenean garatzeko. Lanbide Heziketako ikasleei beren enpresa sortzen laguntzea du helburu nagusia Urratsbat programak.

Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleei nahiz ikasle ohiei zuzendua dago Urratsbat programa, baina baita ikastetxearekin ikastaroen bidez harremana duen beste edozein pertsonari ere.

Urratsbat programan parte hartzen duen ikastetxe bakoitzak programa dinamizatzeko arduradun bat dauka: “irakasle dinamizatzailea”. Pertsona hau ekimen sortzailea sustatzen duten jarduerak planifikatzeaz eta antolatzeaz arduratzen da, eta baita enpresa-ideia bat aurkezten duen ikasleari prozesu horretan laguntzeaz ere.

Ikastetxeak ikasle ekintzaileari formazioa, tutoretza eta proiektuaren jarraipena eskaintzen dizkio, irakasle dinamizatzailearen laguntzaz. Gazte ekintzaile hauek, gainera, Lanbide Heziketako ikastetxearen instalazioak eta tresneria ere erabil ditzakete  euren enpresa-proiektuaren hastapenetan.

Tknika, Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa, programaren koordinazioaz eta ikastetxe-sarearen dinamizazioaz arduratzen da. Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak berriz, programarako beharrezko bitartekoak ipintzen ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Gaxpar Guembe (La Caixa); Iñaki Mujika (Tknika), Iosune Irazabal (Ikaslan)