Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Landa eremuko emakumeek “Laguardiako aldarrikapena” aurkeztu dute

2011.eko martxoak 02


Landa Eremuko Emakumeen Batzordeak 2010eko Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunean, parte-hartze sozial, politiko eta ekonomikoaren inguruan egin zituzten baieztapen eta hausnarketak  dokumentu batean bildu dituzte

Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoak 2.- Landa Eremuko Emakumeen Batzordeak ‘Laguardiako Adierazpena’ aurkeztu du. Testu horretan, gizarte, politika eta ekonomia arloetan emakumeek duten parte-hartzearen inguruan dituzten gogoetak eta aldarrikapenak bildu dituzte. Dokumentu honen jatorria iragan urriaren 15eko Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunean, Biasterin egin zen lan saioan dago. Bertan, landa eremuko 300 emakume baino gehiago elkartu ziren, eta emakumeek nekazaritza alorreko sindikatuetan, profesionalen elkarteetan eta arlo politikoan duten partaidetza mota aztertu zuten.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta abeltzaintza zuzendariak, Pilar Santamariak, azpimarratu du “Biasterin guztiok egindako lana ezin da hausnaketa hutsean gelditu, ahalik eta herritar, erakunde eta instituzio gehienengana iristea lortu behar dugu”. 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren gidaritzapean eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiekin eta Landa XXI, Gure Soroa, Hitzez, Asamcaval, Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sarea elkarteek eta Emakundek osatzen duten Landa Eremuko Emakumeen Batzordeak helburu nagusia du, emakumearen parte-hartzea bultzatzea eta indartzea landa eremuan diren erakunde eta erabaki esparruetan.

Emakumeen protagonismoaren handitze lanean, “erabakiorra izan daiteke Eusko Jaurlaritzan garatzen ari garen landa politikan oinarritutako Landa Eremuko Emakumeen Estatutoa” azpimarratu du nekazaritza eta abeltzaintza zuzendariak, Pilar Santamariak.

LAGUARDIAKO ADIERAZPENA

Biasterin, 2010eko urriaren 15ean, landa eremuko ehunka emakumeren hausnarketen ondoren, honako hau baiezta dezakegu:

- Landa eremuko emakumeok ez dugu parte hartzen gizonen baldintza beretan landa eremuan erabakiak hartzen diren esparruetan; eta desberdintasun horiek handiagoak dira postuek aintzatespen handiagoa dutenean.

- Berdintasunez parte hartzeko aurkitzen dugun oztopo nagusietako bat erantzukizun partekaturik eza da: zaintza-lanak ez partekatzea (bai umeenak eta bai adineko pertsonenak edo/eta menpekotasuna dutenenak). Zaintzari balioa eman behar zaio, eta denok ikasi behar dugu egiten, balioa eman behar diogu, eta partekatu egin behar dugu.

- Erabakiak hartzeko postuetan emakumeok zalantzan jartzen gaituztela sentitzen dugu oraindik, gure lekua ez balitz bezala eta egin ezin bagenu bezala; geure burua justifikatu beharra daukagula eta gaitasuna gizonek baino gehiago erakutsi behar dugula ematen du. Hori dela eta, emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasunerantz jotzeko, aldez aurretik pentsatutako ideia horiek gainditu egin behar dira, eta egiten dugun lanari eta ekarpen guztiari balioa eman; gainera, gure esperientziak ikuspuntu eta aukera berriak eman ditzake, eta orain arte proposatu diren ikuspuntuez bestelako aukerak.

- Zenbait postutan parte hartzeko, emakumeok, askotan, gure bizitzako aukera garrantzitsuak baztertu edo atzeratu behar izaten ditugu: adibidez, amatasuna. Oztopo horiek gainditu egin behar dira.

- Erabakigune horietan parte hartzea gizonen beharretatik abiatuta antolatu da (bileren ordutegiak, etab.). Hori dela eta, ez garela antolamendu horretara moldatu behar uste dugu, baizik eta emakumeen eta gizonen beharrak aintzat hartuko dituzten lanak egiteko modu berriak ezarri behar direla.

- Emakumeen jabekuntza pertsonala eta kolektiboa ezinbesteko estrategia da, berdintasunerantz jotzeko. Garrantzitsua da berdintasunean hezten jarraitzea.

- Gizonak berdintasunean hezi behar dira.

- Belaunaldi berriek kezkatu egiten gaituzte, eta arlo horretan lana egin behar dugu, berdintasun faltsu baten ustean besoak uztartuta gera ez daitezen.

Hausnarketa horiek bide bati ekiten laguntzea espero dugu, gure etorkizuna erabakitzen den guneetan denok baldintza berberetan egon gaitezen.



2011rako ekintzak eta lan-ildoak


Landa Eremuko Emakumeen Batzordeak hainbat lan-ildo ezarri ditu 2011an aurrera eramateko, emakumearen egoera soziolaborala hobetze aldera.

•    Arlo honetako elkarteen diagnostikoa egitea: aztertzea euren komunikazio eta koordinazio moduak, helburu orokorrak, berdintasun helburuak, burututako ekintzak, bai eta sendotasun eta ahultasunak ere. Horrela, elkarteen helburuak berriro zehaztu eta kideen heziketa iraunkorrerako plana garatu nahi da, jenero ikuspegiari lotutako parte-hartzea sustatzeko.

•    Emakumeen elkartegintza eta emakumeen elkarteek osatutako sareak bultzatzea. Eta ildo horretatik, profesional hauen parte-hartze aktiborako eta elkartekideen arteko komunikazioa gauzatzeko eredu berriak bilatzea, bai eta elkarteen arteko koordinazio modu berriak ere.

•    Batzordearen araudia garatzea eta bere funtzioak eta lan ildoak indartzea.

•    Landa inguruneko emakumeen egiten dute lana ikusaraztea Sustrai aldizkarian argitaratuko diren artikuluen eta elkarrizketen bitartez.

•    2011ko Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna antolatzea: Lan Eremuko Emakumeen Batzordea arduratuko da, aurten ere, kolektiboaren aldarrikapenak plazaratzeko jardunaldi garrantzitsuenetarikoa den hau antolatzeaz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Santamaría, directora de Agricultura y Ganadería del Gobierno Vasco