Berriak Segurtasuna
Eu

Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko lankidetza-ekintzen balantzea egin du

2018.eko abenduak 13

Bilera Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egin da

 

Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga buru dela, gaur elkartu da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Arkauteko egoitzan Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea, besteak beste, 2019rako aurreikusitako jarduera-planaren berri emateko. Jarduera-plan horretan azpimarratzekoak dira udaltzaingoetako agenteen hirugarren hautaketa-prozesu bateratua, polizia-lankidetzarako Segurtasun Sailaren eta udalen arteko oinarrizko lankidetza-hitzarmenetan aurreikusitako protokoloen garapena eta Trafiko Istripuen Biktimen Erregistroa abian jartzea.

Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagarekin batera izan dira bileran Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartzia, Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondo, Eudel-Euskadiko Udalen Elkartearen izenean Erandioko alkate Joseba Goikuria, Laudioko alkate Natxo Urkixo eta Amurrioko zinegotzia den Alberto Artetxe. Horiez gain bileran izan dira hiru hiriburuetako segurtasunaren arloko zinegotziak, Carlos Zapatero (Gasteiz), Tomás del Hierro (Bilbo) eta Martin Ibabe (Donostia) ere, eta sindikatuen izenean ELAko Alberto Etxebarri.

Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordearen bileran Euskadiko Udalen Elkartearekin (EUDEL) izenpetutako hitzarmenaren baitan ekipamenduekin, berdintasunarekin, informatikarekin eta telekomunikazioekin, hautaketarekin eta prestakuntzarekin, eta esparru-arauarekin zerikusia duten gaiak aztertzeko sortutako lantaldeek egindako lanaren berri eman da. Etxeko indarkeriarekin eta genero-indarkeriarekin eta adingabeekin eta jokoarekin zerikusia duten polizia-prozedurak eta izapideak ere azaldu dira bileran, bai eta herritarren segurtasunaren arloko zigor-araubidea ezartzeko interpretazio-irizpideak eta jardunbide egokiak ere.

Bileran adierazi da 2018an oinarrizko beste 29 lankidetza-hitzarmen sinatu dituztela Segurtasun Sailak eta udalek polizia-lankidetzarako. Bestalde, jakinarazi da amaitu dela Udaltzaingoaren bigarren hautaketa-prozesu bateratua, eta 26 udaletako lan-eskaintza publikoko 232 plaza esleitu direla.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak