Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriarte sailburuak Pedro Duque ministroarekin bilera izan du

2018.eko abenduak 13
  • Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren eta Pedro Duque Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate ministroaren arteko lehen bilera izan da
  • Bileran aztertu dituzten gai nagusien artean: unibertsitate bekak, Unibertsitate Duala, eta Kontratu Publikoen Legea

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, eta Pedro Duque Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate ministroak aldebiko bilera burutu dute gaur goizez Madrilen, Ministerioaren egoitzan.

Uriarte sailburuak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea lagun zuela, une honetan elkarlana beharrezko duten gai nagusiak helarazi dizkio ministroari bileran; duten lehentasuna eta garrantzia aintzat hartuta bi gobernuen hausnarketa eskatzen duten auziak, gobernu bata zein bestea bultzatzen ari diren politiken mesederako.  

Bileran aztertu diren gaien artean, Uriartek hauetan egin du azpimarra: Unibertsitate Beken Euskal Sisteman, Unibertsitate Dualaren bultzadan, Kontratu Publikoen Legearen beharrezko aldaketan, irakasleen hastapeneko prestakuntzan, edo Euskadi-Aquitania Euroeskualdeko lankidetzan, besteak beste.

Unibertsitate bekei dagokienez, Euskadik gai honetan duen autonomia Espainiako Gobernuak errespetatu beharraz aritu zaio Eusko Jaurlaritza ministroari. Kudeaketa propioa egiten hainbat hamarkada egin ondoren, euskal ereduari ipini zaizkion helegiteek zalantzan jartzen dute materia hau euskal ikasleen errealitatera egokitutako irizpideekin kudeatzeko eskubidea. Eusko Jaurlaritzak beka sistema lehenesten du bere politiketan, ekitate eta aukera berdintasun handiagoetara iristeko funtsezko osagaia dela sinetsita. Politika hauei esker, besteak beste, goi mailako ikasketak dituen biztanleria portzentaje handiko gizarte batera iristeko erabakigarri izan dira: 25 eta 64 urteko biztanleen %53,8-k goi mailako ikasketak ditu EAEn. Joan den 2017-2018 ikasturtean, 11.808 ikaslek eskuratu zuten unibertsitateko beka orokorretakoren bat. Uriarte sailburuak, inola ere sortu behar ez zuen arazo honi konponbidea bilatzeko prestasuna berretsi dio ministroari.

Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Unibertsitatea+Enpresa Estrategia ere bileran aztertutako gaien artean izan da. Eremu akademikoa eta enpresa munduaren arteko lankidetza sustatzen duen ekimen honek, Eusko Jaurlaritzaren irudiko, egungo araudian zenbait aldaketa eskatzen ditu. Horien artean, ikasketak prestakuntza eskaintzen dion enpresarekiko lan-harremanean burutzen dituen ikaslearen figura erregulatzea erraztuko duten araudi-aldaketak.Premia hau, formazio eta ikaskuntza kontratu bat izateko premia hau, araututa dago Lanbide Heziketa Dualean, baina ez da horrela gertatzen unibertsitate eremuan.

Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) bikaintasunezko ikertzaileen kontratazioa ere hizpide izan da bileran. Egungo araudiak zehazten du birjartze tasari dagozkion plazen %15  “I3” programa egiaztatzen duten ikertzaileei gordeko zaizkiela. Egun, “Ramon y Cajal” aitortzak soilik du egiaztapen hori. Honek praktikan ezinezko egiten du Ikerbasque ikertzaileek UPV/EHUk kontratatzeko aukera izatea, gordetako %15 plaza horien barnean. Hezkuntza Sailak, ezarritako baldintzak betetzen dituzten Ikerbasque ikertzaileek ere “I3” aitorpena izateko premia azaldu dio Ministerioari. Era berean, Unibertsitate Legea aldatzea ere eskatu dio, irakasleen kontratazioa malgutu ahal izateko.  

Kontratu Publikoen Legeari dagokionez, Uriarte sailburuak Duque ministroari azaldu dio beharrezko gertatzen dela Lege honek unibertsitateak eta ikerketa zentroak era bereizian tratatzea, sortzen ari diren kudeaketa arazo garrantzitsuak aintzat hartuta. Egungo Legeak erabat zailtzen du proiektuak garatu ahal izateko beharrezko diren materialak eta erreaktiboak eskuratzea. Egoera honen aurrean, Eusko Jaurlaritzak eskatu du kontratazio publikoan gehienezko gastuaren muga ikerketa-proiektu bakoitzeko zenbatu dadila, eta ez unibertsitatea edo ikerketa zentroa osotasunean hartuta. Formula hau Europako hainbat herrialdetan erabiltzen da dagoeneko.  

Bileran, Euskadiko zientzia politikaren alderdirik esanguratsuenak ere azaldu dizkio Uriartek ministroari. Euskadin azken urteetan zientzia izaten ari den bilakaera positiboa azpimarratu du sailburuak, eta ikerketari bultzada emateko Eusko Jaurlaritza egiten ari den apustu estrategikoa azaldu dio.    

Bileraren ondoren bi agintariek erakutsi dute aldebiko harremanari eusteko borondatea, aurrerago ere ager daitezkeen erronkei erantzunak aurkitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak