Berriak Osasuna
Eu

Donostialdea ESIak Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria lortu du

2018.eko abenduak 11

Bihar, abenduak 12, banatuko da, 19:00etan, Bilboko Euskalduna jauregian

Sari horrek kudeaketa praktikarik aurreratuenak dituzten eta intereseko talde guztien gogobetetasuna modu orekatuan zaintzen duten erakundeak aitortzen ditu

 

Donostialdea ESIak Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria lortu du kudeaketako “PERTSONAK” elementuaren barruan, ezagutzaren kudeaketako (IZARKI) eta euskararen kudeaketako (Esanez Izan) praktika onengatik. Saria kudeaketaren arloko aitorpen gorena da Euskadin.

Sari horrek kudeaketa praktikarik aurreratuenak dituzten eta intereseko talde guztien —bezeroen, langileen, akziodunen eta, oro har, gizartearen— gogobetetasuna modu orekatuan zaintzen duten erakundeak aitortzen ditu. Bihar, abenduak 12, jasoko da, 18:30ean, Bilboko Euskalduna jauregian.

Donostialdea ESIak azpimarratu nahi du saria gure erakundeko profesional guztien lankidetza, parte-hartze eta inplikazioari esker lortu dela.

Donostialdea ESI erakunde sanitario integratua Osakidetzaren parte da, eta Donostia Unibertsitate Ospitaleak eta 32 osasun-zentro eta anbulatoriok osatzen dute. Gure jarduera-eremuan sartzen dira Donostiako eta Oarsoaldeako, Donostialdeako eta Urola Kostako beste herri batzuk; guztira, 400.000 biztanle inguru.

Gure erakundean Kudeaketa Aurreratuaren Eredua erabiltzen da kudeaketa-sistema ebaluatu eta hobetzeko. Aipatutako saria Euskaliteko Ebaluatzaile Klubeko kideen kanpo-ebaluazioa jaso ostean lortu da.

 

Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria

Euskal erakundeen arteko lehiakortasunaren funtsezko elementua den Kudeaketa Aurreratuaren garrantzia sustatu eta zabaltzeko sortu da Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria.

Eusko Jaurlaritzaren aitortza-sari horiek kudeaketa praktiketan garapen- eta aurrerapen-maila zehatz bat erakusten duten enpresa, heziketa-zentro, osasun-zentro eta bestelako erakundeei banatzen zaizkie. Euskalit da aitortza-sari horiek banatzeko ardura duen entitatea.

Bi helburu dute aitortza horiek:

  • Kudeaketan aurreratuen dauden erakundeak identifikatzea, beste batzuentzako sustagarri eta erreferente izan daitezen.
  • Erakunde horiek egindako ahalegina eta kudeaketan lortutako aurrerapen-maila publikoki aitortzea.

Aitortza-sari horiek jasotzeko, erakunde batek aldez aurretik bere kudeaketa-sisteman garapen maila jakin bat lortu duela erakutsi behar du. Horretarako, Euskalitek euskal erakunde eta enpresei Kanpo Kontrastearen eta Kanpo Ebaluazioaren zerbitzuak eskaintzen dizkie, eta Kudeaketa Aurreratuaren Eredua ezarri.

Bi zerbitzu horien bidez erakunde baten kudeaketaren azterketa orokorra eta sistematikoa egiten dute erakundeaz kanpoko aditu burujabeek, zeinek erakundearen aurrerapen maila, alderdi sendoak eta hobetu beharrekoak objektiboki erakusten dituzten, eta azterketa horrek ispilu gisa balio die erakundeei hausnarketa eta autoebaluazioa egiteko orduan.

Euskaliteko Ebaluatzaile Klubeko kideez osatutako taldeek egiten dute aipatutako azterketa. Klub horretan 2.000 lagun inguru daude, gehienak gerentzia eta zuzendaritza postuetan daudenak, eta EUSKALIT modu altruistan laguntzen dutenak, kudeaketaren arloan duten ezagutza eta esperientzia partekatuz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau