Berriak Osasuna
Eu

Gripearen intzidentziak, Euskadin, gora egiten jarraitzen du, baina atalase epidemikoaren azpitik dago

2018.eko abenduak 13

Guztira, hamabost pertsona ospitaleratu dira, gaur arte, eta bederatzi egoera larrian; arrisku-faktoreak zituztenetatik, % 75ek ez zeukan txertoa jarrita

Osasun Sailak eta Osakidetzak abenduaren 31ra arte izango dute gripearen aurkako txertaketa-kanpaina abian

 

 Euskadin gripeak gora egiten jarraitzen du, baina, oraindik, atalase epidemikoaren azpitik dago. Azken asteko jarduera-tasa 51,67 kasukoa izan da, 100.000 biztanleko, eta lehen mailako arretaren sarean 363 kontsulta erregistratu dira gripearen sindromeagatik; intzidentzia handiagoa izan da Gipuzkoan. Gaur arte, guztira hamabost pertsona ospitaleratu dira gripearekin; horietatik, bederatzi larri zeuden.

Hala jaso da Osasun Sailaren eta Osakidetzaren Zainketa Epidemiologikoaren-Mediku Jagoleen Sarearen azken txostenean; gripearen jarduera aztertu da abenduaren 3tik 9ra bitartean. Txostenak, gainera, laborategira bidali diren laginen % 50 egiaztatu dela dakar eta AH3 motako bost birus isolatu direla.

Aste honetan, laguntza eskatzeko tasa handienak 0 eta 4 urte bitarteko taldean eta 15 eta 64 urte bitartekoan antzeman dira, 100.000 biztanleko 45,6ko eta 53,1eko tasekin, hurrenez hurren. Gainera, nabarmendu behar da larriki ospitaleratu diren kasuen batez besteko adina 71,6 izan dela. Arrisku-taldeetakoren batean egonik ospitaleratu zirenen % 75ek ez zeukan txertoa jarrita.

Osasun Sailak eta Osakidetzak erabaki dute abenduaren 31ra arte luzatzea gripearen aurkako txertaketa-kanpaina. Horrela, arrisku-taldeetako ahalik eta pertsona gehienei eman nahi zaie txertoa hartzeko aukera. Horrela, txertoa hartu nahi duten 65 urtetik gorako guztiek, gaixotasun kronikoa dutenek eta haurdun dauden emakumeek urte-amaiera arte izango dute hura hartzeko aukera; horretarako, dagokien osasun-zentrora edo anbulatoriora joan beharko dute. Hori horrela, osasun-agintariek gogorarazten dute txertoa hartzea, eskaintzen duen segurtasuna eta eraginkortasuna aintzat hartuta, gripeari aurre egiteko eta gaixotasunak pertsona ahulenetan konplikaziorik ez eragiteko tresna eraginkorrena dela.

 

OSASUN BALIABIDEAK ARDURAZ ERABILI

Gripearen berezko sintomak nabaritzen dituztenen kasuan, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren aholkua honako hau da: osasun-baliabideak arduraz erabiltzea eta, horrela, sintomatologiaren arabera, beren arazoari arreta eta konponbidea emateko osasun-zerbitzu egokiena zein den baloratzea (familia-medikua, etengabeko arreta-guneak edo EAGak eta, azken aukera gisa, konplikazio larrien kasuan, ospitaleetako larrialdiak). Horrela, berriz ere esan dute ez dela egon behar izango alferrik itxaroten arreta jasotzeko eta, aldi berean, ez dugula osasun-sistema bera kolapsatuko.

Hori horrela, gogorarazi behar da gripea gaixotasun desatsegina dela, baina onbera biztanle osasuntsuetan, eta ez duela tratamendu berezirik; beraz, atsedena hartzea, likido ugari hartzea eta sukarra arintzeko antitermikoak hartzea dira gomendio nagusiak. Sukarrak jarraitzen badu, medikuarekin kontsultatu beharko dugu. Era berean nabarmendu behar da eritasun birikoa dela eta antibiotikoak kasu horretan ez direla eraginkorrak (oso kasu jakinetan baino ez lirateke hartu beharko, eta betiere medikuak hala aginduta); aldi berean gomendatzen da, transmisio- eta kutsadura-maila altua denez, zuhurtziazko neurri higienikoak hartzea, esaterako, eztul edo doministiku egitean ahoa edo sudurra besoarekin estaltzea edo eskuak sarri garbitzea edo behin erabiltzeko zapiak erabiltzea.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 13a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau