
Bizi-itxaropenak gora egin du Euskadin; tabakismoak behera egiten jarraitzen du, eta 10 herritarretatik 9k osasun-zerbitzuekin pozik daudela diote
OSASUN-INKESTAREN DATUAK (OIEAE 2018)
5 urtean behin egiten den Osasun Inkestaren bidez, euskal herritarren osasunaren argazki finkoa hartzen da, osasun-arretaren premiak antzematen dira eta baliabideak egokiro esleitzeko bide ematen da
Gaur Osasun Kontseiluak aurkeztu duen inkesta 2017ko urriaren eta 2018ko maiatzaren bitartean etxez etxe eginiko elkarrizketen bidez egin da; horretarako, 5.302 euskal etxe hautatu ziren, ausaz
Gaur goizean, jendaurrean jarri dira euskaldunen osasun-egoerari buruzko informazio gehien ematen duten inkesten datuak. Jon Darpón Osasun sailburuak, Iñaki Berraondo Osasun Sailburuordearekin eta Nekane Murga Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendariarekin batera, 5 urterik behin Euskadin egiten den inkesta horren datu berriak aurkeztu ditu. Jon Darpónek azaldu duenaren arabera, azterlan hori oso garrantzitsua da; izan ere, “horren bidez euskaldunen osasun-egoera orokorra ezagutzen dugu, lehentasunezko osasun-arazoak identifikatzeko aukera ematen digu, osasun-mailako eta osasun-arretako ekitatea balioetsi dezakegu, gizarte-taldeen osasun-arretako premia berriak ezagut ditzakegu eta premietara egokitzen diren baliabideak esleitu ditzakegu”.
Inkesta horren datuak batzeko, etxez etxeko inkestak egin dira, 2017ko urriaren eta 2018ko maiatzaren bitartean, eta, horretarako, ausaz aukeratu dira 5.302 euskal etxe. Guztira, 12.071 pertsonari egin zaie inkesta. Inkestako parte-hartzea ona izan da; zehazki, % 79koa. Hori dela eta, Osasun sailburuak eskerrak eman dizkie elkarrizketa egin duten pertsona guztiei, bai eta inkestagileei ere, eginiko lanagatik.
Jon Darpónek esan duenaren arabera, inkesta horri esker eskuratzen den informazioa oinarrizkoa da osasun-programa nagusiak diseinatzeko edo osasun-politiken erronka eta helburu handiak ezartzen dituzten eta jardun-ildo nagusiak planteatzen dituzten osasun-planak diseinatzeko; “EAEko Osasun Inkesta funtsezkoa da Euskadiko osasuneko informazio-sisteman”.
Ezaugarri horiek dituen azken inkesta 2013an egin zen, eta sailburuak gogorarazi duenez: “OIEAE 2013ko emaitzen bidez 2013-2020 Osasun Plana elikatu zuten eta, gaur aurkezten gabiltzan emaitza berrien bidez, bertan proposatu ziren erronkak eta ekintzak ebaluatuko dira, eta gakoak emango dizkigute hurrengo Osasun Plana prestatzeko”.
2018KO OSASUN-INKESTAREN EMAITZAK
I.- OSASUN-EGOERA EUSKADIN
- Bizi-itxaropenak ia urtebete egin du gora 2013tik gizonetan eta 80,3 urtekoa da, Europan baino bi puntu handiagoa. Nabarmenena da desgaitasunik gabe bizi izandako urteen gorakadari esker gertatu dela; lehen 69,3koa zen eta, orain, 70,1ekoa. Emakumeetan ia ez da egon aldaketarik bizi-itxaropenean; lehen 86,4koa zen eta, orain, 86,5ekoa, Europan baino hiru urte handiagoa. Baina, hala ere, gorakada txikia antzeman da desgaitasunarekin bizi izandako urte-kopuruan, 2013an baino 0,4 gehiago.
- 2018an, gizonen % 87k eta emakumeen % 82k beren osasuna ona edo oso ona dela baloratu dute, Europako batez bestekoa baino % 15 eta % 16 gehiagok. 2013arekin alderatuta, osasun onak gora egin du bi sexuetan (lau puntu gizonen kasuan eta bost emakumeetan). Maila sozioekonomikoak behera egin ahala, behera egiten du antzemandako osasun ona.
- Osasun mentaleko arazoen prebalentziak behera egin du % 40 gizonetan eta % 32 emakumeetan, 2013aren aldean. Gizonen % 9k eta emakumeen % 17k depresio- edo antsietate-sintomak ditu. Ingurune baztertuetan bizi diren pertsonek sintoma horiek edukitzeko ia hiru aldiz aukera gehiago dituzte.
- Bizi-kalitatean eragina duten arazoak dituen osasun-dimentsio ohikoena mina eta/edo ondoeza da; gizonen % 24an du eragina eta emakumeen % 33an. Ondoren, antsietateak edo depresioak, mugikortasun-arazoek edo eguneroko jarduerak egiteko zailtasunek.
- Gizonen % 42k eta emakumeen % 46k dio gaixotasun kronikoren bat duela. Arrisku kardiobaskularren faktoreen egonkortasuna antzeman da.
- Gizonen % 9k eta emakumeen % 11k jardueraren muga kronikoren bat du. Tasa horrek ez dakar funtsezko desberdintasunik 2013aren aldean.
II.- OSASUNAREN DETERMINATZAILEAK
- Tabakismoa etengabe ari da behera egiten azken urteotan. Gizonen % 20k eta emakumeen % 14k erretzeko ohitura du, eta aldea handia da gizarte-ingurunearen arabera. Klase mesedetuenetan, gizonen % 12 erretzailea da, maila sozioekonomiko baxueneko % 30en aldean. Emakumeetan ez da aldaketa handirik erregistratu. Estatuan, gizonen % 26k eta % 19k erre ohi du, eta, Europan, % 22k eta % 15ek.
- Murriztu egin da ohiko edaletzat jotzen den pertsona-kopurua, alegia, gutxienez astean behin edaten duen pertsona-kopurua. Gizonen % 56k eta emakumeen % 35ek egiten du, 2013an baino ehuneko zazpi eta bi puntu gutxiagok, hurrenez hurren.
- Gizonen % 14k eta emakumeen % 11k obesitatea bizi dute; proportzio horrek behera egin du pixka bat emakumeetan, eta mantendu gizonetan. Estatuan, obesitate-tasa % 18koa da gizonetan eta % 17 emakumeetan, eta, Europan, % 16koa gizonetan eta % 15ekoa emakumeetan.
- Azken urteotan, sedentarismoak ehuneko 6 eta 8 puntu behera egin duela ikusi da, gizon eta emakumeetan, hurrenez hurren. Halere, gizonen % 20k eta emakumeen % 27k ez du ariketa fisiko osasungarririk egiten.
- Gora egin du fruta eta barazkien eguneroko kontsumoak; ohikoagoa da emakumeetan. Gizonen % 68k eta emakumeen % 77k fruta hartzen du egunero. Barazkien kasuan, ehunekoak behera egiten du, eta % 27koa eta % 38koa da, hurrenez hurren. Bestalde, behera egin du egunero gozokiak jaten dituen pertsona-kopuruak, baina lau pertsonatik batek jaten ditu.
- Umeen % 80k eta % 84k bitartean jaso du bere amaren edoskitze naturala edo esne-bankuarena.
III.- OSASUN-ZERBITZUAK
- Gizonen % 93k eta emakumeen % 91k esan du pozik daudela Euskadiko osasun-zerbitzuekin. Osasun-sistemaren aldeko iritzia duen biztanle-kopuruak gora egin du, bi puntu.
- Gizonen % 10ek eta emakumeen % 14k lehen mailako arretako medikuari egin diote kontsulta azken 14 egunotan. Oro har, lehen mailako arretaren eta arreta espezializatuaren kontsulta anbulatorioen eskariak behera egin duela ikusi da.
- Larrialdiko arreta-eskariak gora egin du, hiru puntu inguru. Gizonen % 16k eta emakumeen % 18k larrialdiko arreta jaso du, Euskadin inkesta egin aurreko sei hilabetean.
- Gizonen eta emakumeen % 7 ospitaleratu egin da, inoiz, inkesta egin aurreko 12 hilabetean.
- Baheketa-programetako partaidetza dela eta, 50 eta 69 urte bitarteko emakumeen % 82k mamografia bat egin zuen, azken bi urtean, bularreko minbiziaren detekzio goiztiarrerako. Kolon eta ondesteko minbiziaren detekzioa dela eta, gutuna jaso zuten gizonen % 87k eta emakumeen % 91k lagina aurkeztu zuten, eginkarietako ezkutuko odolaren proba egiteko (gizonen % 90ek eta emakumeen % 89k jaso zuten gutuna). Aldi berean, 15 urtetik gorako emakumeen % 59k baginako zitologia egin du, duela hiru urte baino gutxiago.
Bilbo, 2018ko abenduaren 17a
-
2018-12-17
Comentario de Twitter:
RT @Irekia: 🔵 5 urterik behin Euskadin egiten den Osasun Inkestaren datu berriak aurkeztu dira gaur ➡︎ https://t.co/nVHUqETcbl👉🏻 Bizi-it…