Eu

Etxebizitza Sailak eta Bilboko Udalak hitzarmena sinatu dute Zorrotzaurren Gazteentzako 66 apartamentu eraikitzeko

2018.eko abenduak 13
  • Etxebizitza-mota hori 35 urtetik beherakoentzat izango da bereziki eta Iñaki Arriolak zuzentzen duen Sailaren apustu nagusietako bat da.
  • 66 etxebizitza horiek Zorrotzaurreko etxebizitzen parkean sartuko dira. 5.000 etxebizitza berri eraikiko direla aurreikusten da; erdia babes ofizialekoak izango dira.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak arreta berezia eman nahi die gazteei. Bilboko Udalarentzat ere lehentasuna dira. Hori dela-eta, erakunde biak, Iñaki Arriola sailburua eta Juan Mª Aburto alkatea buru izan direlarik, hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Zorrotzaurreko inguruan 66 zuzkidura-etxebizitza eraiki ahal izateko. 35 urtetik beherako pertsonentzat dira, batez ere Bilbon erroldatutakoentzat, errenta txikia edukitzeagatik etxebizitza librearen merkatura sartu ezin direnean.

Zuzkidura-etxebizitzak aldi baterako irtenbide modura proposatzen dira, erabiltzaileak ezin baitira bost urte baino gehiago geratu. Ezaugarri horiek egokiak dira batez ere gazteen beharrizanak betetzeko.

Etxebizitza horiek eskuratzeko baldintzak alokairuan dauden etxebizitza publikoek dauzkaten berberak dira, oro har. Hortaz, etxearen tamainaren eta familia-unitatearen diru-sarreren arabera aldatzen da hileko kanonaren zenbatekoa.

Hitzarmen honen bidez, Bilboko Udalak 5.816 metro karratuko AD-1 partzela, Zorrotzaurreko eremu mistoan dagoena, doan lagako dio Etxebizitza Sailari. Sailak, bere aldetik, lau urteko epean egin beharko ditu eraikuntza eta urbanizazioko lanak, doako lagapena eskritura publikoan jartzen denetik aurrera. Gainera, Zorrotzaurreko eraikina ikuspegi arkitektonikotik berezia izatea nahi du Etxebizitza Sailak; hortaz, eraikuntzaren proiektua lehiaketa publiko ireki epaimahaidunaren bidez esleituko da.

Proiektu honek (66 unitate) bat egiten du Etxebizitza Sailak Larreagaburun (86) eta Arangoitin (60) eraikitako apartamentuekin, eta laster Txurdinagan egingo dituenekin (107). Jarduketa horien bidez, Bilbon 319 zuzkidura-etxebizitza izango dira.

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak nabarmendu du garrantzitsua dela udalekin lankidetzan aritzea etxebizitza babestua eraikitzea sustatzeko, eta gazteei erantzun espezifikoa emateko beharrizana azpimarratu du. “Ondo dakigu – adierazi du – gure gazteen emantzipazioa atzeratzen ari den arazo nagusietako bat etxebizitzak garestiak direla da, lan-eskasiarekin eta prekarietatearekin batera. Gure erantzukizunetik, ahalegin guztiak egingo ditugu etxebizitzen eskasia ez dadin oztopo gaindiezina izan gazteek beren bizitza egin dezaten”.

Bere aldetik, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak jarduketa honen garrantzia azpimarratu du: “Zorrotzaurreko eraberritzean ematen den beste urrats bat da. 66 etxebizitza horiek Zorrotzaurreko etxebizitzen parkean sartuko dira. 5.000 etxebizitza berri eraikiko direla aurreikusten da; horietako batzuk abian daude, eta erdia babes ofizialekoak izango dira. 200.000 metro karratu baino gehiago izango dira jarduera ekonomikoetarako; horren ondorioz, Zorrotzaurren 6.000 lanpostu inguru egongo dira. Zorrotzaurreko eraberritzea gaur egun Bilboko eraldaketa urbanoaren proiektu estrategikorik handiena da. Erabilerak eta dentsitateak nahasteko diseinatuko da, garapen urbano sendoa eta kalitatekoa lortzeko. Zorrotzaurreko uhartea, bizitzeko leku interesgarria izateaz gain, aukera ekonomiko, sozial eta urbanorako espazioa izango da Bilborako.”

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak