Kontroleko osoko bilkura (2018/12/14)
Unai Urruzuno Urresti EH Bildu taldeko legebiltzarkideak egoera politikoari buruz eginiko galdera
Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna Gernikako Estatutua betetzea dela. Horrela, lehentasunen artean, Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren transferentzia nabarmendu du.
Era berean, Lehendakariak, aurrekontuak eta EH Bildu taldearekin izandako negoziazioa dela eta, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak EZ duela pentsioen gaineko eskumenik. “Nolanahi ere, Gobernuak gehien behar duten pentsiodunen diru-sarrerak DSBEaren bidez hobetzeko aukera azaldu du, hori BADA eta gure eskumenekoa”, esan du.
Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari pentsioen sistema osagarrien inguruan eginiko galdera.
Iñigo Urkullu Lehendakariak defendatu du Eusko Jaurlaritzak pentsioen sistema publikoaren bermearen aldeko apustua egiten duela. “Gertakarien bidez ikusten da: “bizitzeko minimoa ekitate-baldintzetan” diru-sarrerak bermatzeko errentan; osagarriak DSBEan beharrizan gehien duten pertsonei, baita pentsiodunei ere; “Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa”ren eskaria, etorkizuneko pentsio publikoen berme hoberako”, azaldu du.
Lehendakariak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna dela BGAEen arauketa. “Guri dagokigu pedagogia egin eta BGAEak balio sozial garrantzitsua direla jakinaraztea”, esan du. Era berean, pizgarrien diseinu egokia nabarmendu du, fiskalitatea erakargarriagoa izateko erdi- eta behe-mailako errentak aurreikuspen osagarriko sistemara erakartzeko.
Alfonso Alonso Aranegui euskal talde popularreko legebiltzarkideak Lehendakariari Arabako unibertsitate-campusean izandako gertakarien inguruan eginiko galdera.
Lehendakariak erabateko gaitzespena adierazi du indarkeriaren eta intolerantziaren adierazpen onartezin horren aurrean, eta elkartasuna eta laguntza eskaini dizkio gazteari. Horrela, Lehendakariak azaldu du erasoa gizarte demokratiko egiten gaituen aniztasuna onartzeko ezintasunaren ondorio izan dela. “Gaur, joera politiko batek ere ez du legitimatzen horrelako erasorik”, esan du. Hori horrela, eraso horrek askatasunen estatua arriskuan jartzen ez duela esan du; izan ere, bat datoz horrelako gertakariak prebenitzeko, salatzeko eta jazarteko beharrizanean.
Lehendakariak esan du Ertzaintzan lanean ari direla edozein erasok, indarkeria-adierazpenek edo gorroto-delituk eta intolerantziak erantzun bateratua eta ukaezina izateko, pluralismoaren, askatasunaren eta giza eskubideen defentsan.
Edurne García Larrimbe Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari garbiketa-sektorean dagoen soldata-arrailari buruz eginiko galdera.
Lehendakariak egiturazko arazo bati aurre egiteko estrategia bat eta plan operatiboa aipatu ditu. Horrela, Lehendakariak onartu du berdintasunaren bidea luzea izango dela. Baina ziurtatu du Gobernuak jarraituko duela soldata-desberdintasunarekin errotik amaitzeko neurriak hartzen eta lan egiten. “Zehaztasunez, seriotasunez eta jarraitutasunez jardungo dugu eta, horretarako, neurriak ebaluatu eta egunero hobetuko dugu. Hori da biderik eraginkorrena gure Herrialdearen orainerako eta etorkizunerako lehentasunezko helburu honi erantzuteko: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna”, esan du.